
Errenteriako Sanmarkosene egoitzako langileek akordioa sinatzea lortu dute, 81 egunez greba egin eta gero. Zahar-etxea Gureak enpresak kudeatzen du eta 125 pertsona inguru ari dira bertan lanean, ia guztiak emakumeak. Azaroaren 18an hasi zuten greba enpresak gerokultoreei lan baldintzetan aldaketa bat planteatu ostean.
Greba amaierako akordioa atzo sinatu zuten Gipuzkoako Lan delegaritzan enpresak eta ELA, LAB eta ESK sindikatuek. Izan ere, langileen eskaera gehienak jaso dituzte akordioan, ELAk ohar baten bidez jakitera eman duenez: Kaleratzerik ez da izango eta egun lanaldi partziala duten langileak %60ko kontratuak izatetik %81etik gorako jardunaldia bermatuta izango duten kontratuetara igaroko dira.
Horrez gain, eguneko lan txandetan gerokultore gehiagok lan egingo dutela jakinarazi du sindikatuak eta txanden iraupen berria dela eta, urtean zehar librantza-egun gehiago izango dituztela. Azken neurri hauek sektorean bizi dituzten lan karga handiak leuntzea dute xede eta sindikatuek begi onez ikusten dituzte, lana eta bizitza pertsonala uztartzea erraztuko dutela iritzita. Halaber, uste dute lan baldintzen hobekuntzarekin batera egoiliarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitateak ere hobera egingo duela.
ELAk oharrean azpimarratu du «akordio onak» eskuratzeko grebek eta mobilizazioek duten garrantzia eta eskerrak eman dizkie bidelagun izan dituzten pentsidunei, senideei eta bestelako eragileei.
81 eguneko greba
Azaroaren 25ean ekin zioten greba mugagabeari Sanmarkoseneko langileek, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Lanuzteak iraun bitartean hainbat mobilizazio egin dituzte, akordioaren bidez eskuratu dituzten hobekuntzak aldarrikatzeko. Gatazkak iraun bitartean Gipuzkoako Foru Aldundiari hura konpontzeko «ezer ez egitea» leporatu diote eta langileek azpimarratu dute zaintzak «publikoa izan beharko lukeela».
Greba enpresaren proposamen baten ostean abiatu zuten. Izan ere, Gureak korporazioak kudeatzen du zentroa eta lan baldintzak aldatu nahi zizkien gerokultoreei, funtsean, «hamazortzi pertsonari lanaldia murriztea eta beste bost pertsona kaleratzea» zen asmoa.

Osakidetza ha administrado vacunas caducadas a 253 personas, la mayoría bebés

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona
