Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Julio Soto mendizale desgaituak Aconcaguako gailurra erdietsi du

35 urteko txiletarrak hanka bakarra du eta igoera guztia oinez egin zuen. Parkera heldu zenetik, zortzi egun behar izan ditu Amerikako mendi garaienean (6.961 m) arrakasta izateko. Karl Egloffek, Lenka Polachovak eta Grego Frodinzik abiadura errekor berriak ezarri dituzte.

Julio Soto desgaituak Aconcagua igo berri du.
Julio Soto desgaituak Aconcagua igo berri du. (Julio SOTO)

1897. urteko urtarrilaren 14an, Matthias Zurbriggen suitzarrak Aconcagua lehen aldiz eskalatzea lortu zuen. Alpinista suitzarrak mendiak duen ibilbide samurrena jarraitu zuen; hots, gaur egun ezaguna den bide klasikoa. Urtaro honek Plaza de Mulas bezala ezaguna den kanpaleku nagusiak ehunka mendizale jasotzen ditu. Eta denek (edo ia denek) aipatu dugun ohiko bidea aukeratzen dute ia zailtasun teknikorik ez duelako. Hortaz, badirudi ibilbide horretan berri aipagarririk ez dela sortzen.

Oro har, hala izaten da, baina, bederen, denboraldi honetan hiru jarduera azpimarratu behar dira. Laugarren bat ere, baina bide klasikotik kanpo egin da. Julio Soto dugu lehenbiziko protagonista. 35 urteko txiletarrak, hanka bakar batekin, Aconcagua igo du. 'Montaña sin Limites: al Aconcagua en 3 huellas' proiektuaren barne, talde bat ondoan izan du. Baina diogunez, igoera guztia bi bastoi egokituekin eta protesirik gabe egin du; hots, inolako laguntzarik jaso gabe. Gainera, jarduera osoa nahiko azkar sinatu du: parkera sartu zenetik, soilik zortzi egun behar izan ditu xede hori biribildu ahal izateko.

Sotok berak onartu duenez, mugarri hori ibilbide sendo batean oinarrituta dago: Aconcaguara joan aurretik, Osorno, Lonquimay, Cerro el Plomo eta Ojos del Salados igo zituen. Egin berri duen erronkaren inguruan, berriz, mezu oso argia helarazi du: «Publiko guztiari esaten diot kirola egitea oso ona dela, baina hori ez da mezu garrantzitsuena. Nik egiten ditudan eskaladekin jendea inspiratu nahi dut. Nik hanka bakar batekin Aconcagua igo eta nire ametsa bete dut. Desgaituak ez zaretenok nik baino erraztasun gehiago dituzuenez; bada, erronka bat hartu, gogor borrokatu eta zuen ametsak betetzen saiatu zaitezkete».

Errekorrak

Hurrengo hiru protagonistek Fastest Known Time edo ezagutzen den denbora azkarrena kontzeptuarekin harreman zuzena dute. Beste era batera esanda, abiadura errekorrekin. Urtarrilaren 25ean, adibidez, Lenka Polachovak Plaza de Mulas-Aconcaguako gailurra-Plaza de Mulas lotura egiteko 8 ordu, 17 minutu eta 5 segundo behar izan zituen. Igoera eta jaitsiera hori egiten emakume azkarrena bihurtu da. Aurreko denbora onena Rachel Boimek zuen: 7 ordu, 58 minutu eta 34 segundo.

Karl Egloff dugu hirugarren protagonista. Polachovak eginiko jarduerari beste ukitu bat eman dio. Hain zuzen ere, oso ezaguna den ultrarunner ekuadortarrak iparraldeko gailurrari hegoaldekoa gehitu dio. Hori egiten lehen kirolaria da; bederen, ez dago beste erregistrorik.

Egloffen ordulariak lotura handi horren inguruan honako datuak eman ditu: ia 19 kilometro eta 2.544 metroko desnibela. Lehen ekinaldi batean, joan den 6an, 8 ordu eta 49 minutu behar izan zituen: «Igoera guztian ez nuen arazorik izan, baina hegoaldeko tontorrera daraman ertzak elur sakona zuen».

Atseden pixka bat hartu eta bi egunera, Egloff berriro martxan jarri zen aipatu dugun ordutegia hobetzeko: «Nire helburua nekearekin borrokatzea zen. Oso indartsu sentitu nintzen, eta, borroka handi bati esker, aurreko denbora ia ordubetean hobetu nuen. 7 ordu eta 56 minutuko lana izan zen. Prestaketa ederra izan da nire hurrengo helbururako. Heldu den udaberrian Everesten igoera espres edo azkar bat egin nahi dut».

Laugarren eta azken protagonista Grego Frodinzi da. Aurrekoek ez bezala, mendizale argentinarrak bide teknikoagoa eta arriskutsuagoa aukeratu du errekor berri bat ezartzeko. Hain zuzen ere, mendiaren ipar-mendebaldeko isurian dagoen 'poloniarren' ibilbide zuzena. Frodinzi Plaza Argentinatik irten zen, eta igoera 8 ordu, 39 minutu eta 20 segundotan egin zuen. Joan-etorri guztia: 11 ordu eta 45 minutu.