NAIZ

Osakidetzako kontratazio zerrenden eguneratzea eskatzeko mobilizazioak egin ditu LABek

Osakidetzako zuzendaritzak aldi baterako kontratazio zerrendak eguneratu gabe urtebete baino gehiago daramala salatu du LAB sindikatuak ostiral honetan zazpi ospitaletan egindako elkarretaratzeetan.

Galdakaoko ospitalean egindako mobilizazioa.
Galdakaoko ospitalean egindako mobilizazioa. (LAB)

LAB sindikatuak mobilizazioak egin ditu Galdakao, Urduliz, Gurutzeta, Basurtu, Donostia, Txagorritxu eta Santiagoko ospitaleetan salatzeko Osakidetzako zuzendaritzak urtebete baino gehiago daramala aldi baterako kontratazio zerrendak eguneratu gabe eta egungo kontratazio protokoloa bete gabe.

LABen arabera, Osakidetzak «ez ditu izena eman duten pertsona berriak zerrendan sartzen; ez ditu zerrendak eguneratu 2018-2019ko EPEko notekin; eta langileek aukeratutako ESIren bat aldatzea eskatzen dutenean, aldaketa ez da islatzen».

Urdulizeko ospitalean LABek egindako mobilizazioa. (LAB)

«Hori guztia lanerako eskubidea urratzea da, batez ere behin-behineko langileei eta oro har, ente publikoan enplegua lortu nahi duten herritar guztiei. Osakidetzako zuzendaritza kontratazio akordioa urratzen ari da, nahiko berria dena eta azken hamarkadan lortutako bakarrenetakoa», azaldu du sindikatuak, «akordioek ez dutela ezer bermatzen» ondorioztatuz.

Aplikazioaren arazoak

Gainera, kontratazioen egoera kontrolatzeko gaitutako aplikazioak, zerrenden kudeaketari gutxieneko gardentasuna emateko tresna denak, gaizki funtzionatu duen aldi luzeak izan dituela salatu du LABek. «Horrek erabateko babesgabetasun egoeran jarri ditu kontratazio zerrendetako kide guztiak», gaineratu du.

LABen ustez, lankidetza publiko-pribatu eredua da honen erantzulea, «EAJ behin eta berriz gaitz guztien irtenbide gisa saldu nahi digun eredua alegia».

«Guztiok dakigu Osakidetzak prozesu horietarako erabiltzen dituen aplikazio informatiko gehienak kanpoko enpresek diseinatzen dituztela. Enpresa horiek diru publiko asko poltsikoratzen dute, eta kasu askotan ez dute betetzen eskatzen zaien gutxieneko eraginkortasuna ere», azaldu du.