NAIZ

Amaia Zubiria musikariak jasoko du aurtengo Monzon-Ganuza saria

«Euskal kulturari eta musikagintzari egindako ekarpenari erantzunez», Amaia Zubiria musikaria izango da aurtengo Monzon-Ganuza sariduna. Musikarekin ez ezik, euskal kulturaren aldeko bere «konpromiso sakona» nabarmendu dute Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak.

Gorka Artola Bergarako alkateak eta Irati JImenez Olaso-Dorrea Fundazioko lehendakariak jakinarazi dute sariaren aurtengo irabazlea.
Gorka Artola Bergarako alkateak eta Irati JImenez Olaso-Dorrea Fundazioko lehendakariak jakinarazi dute sariaren aurtengo irabazlea. (Raul BOGAJO | FOKU)

Amaia Zubiria musikariak jasoko du aurten Monzon-Ganuza saria, «euskal kulturari eta musikagintzari egindako ekarpenari erantzunez». Haizea taldearekin hasi zen eta bakarkako ibilbidean euskal musika tradizionalarekin lan egin du, herri kantak, jazza, poesia eta zinema musika uztartuz.

Astelehen honetan jakinarazi dute Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak 2025 sariaren irabazlea. Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren testuinguruan, Monzon-Ganuza sariak Euskal Herriaren kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoan zehar ekarpena egin dieten pertsonak omendu nahi ditu.

Azaldu dutenez, Zubiriaren ekarpena euskal kulturaren aldeko «konpromiso sakon batean» ere islatzen da. Olaso Dorrea Fundazioko lehendakari Irati Jimenezek eta Bergarako alkate Gorka Artolak adierazi dute Amaia Zubiriaren ibilbidea «euskal kulturarentzat aberasgarri» izan dela, eta saria esker ona eta miresmena adierazteko modu bat dela.

«Olaso Dorrea Fundazioaren lanak zentzurik badu gure arbasoen artean kolosoak ditugulako da. Horien bidea jarraitzea edo hobeto esanda, egin zuten lanari jarraipena ematea da gure helburua. Baina sari honekin urtero-urtero geure buruari beste zerbait ere gogoratzen diogu eta beste zerbait ere esaten diogu Euskal Herriari. Herri kolosal batean bizi garela. Maite duten kulturaren, hizkuntzaren eta herriaren alde lan egiten dutenak, egunero-egunero eta bizitza osoan zehar», azaldu du Jimenezek.

Bestalde, Gorka Artolak gaineratu duenez, Zubiria «Euskal Herriaren historian ezinbesteko figura da, bere ahots gardena eta sentikortasun handiko interpretazioari esker». Bere ustetan, «euskal musikaren esparrua eraldatu eta aberastu du, emakume kantari baten ahotsa lehen lerrora eramanez eta doinu tradizionalak berrituz».

Martxoaren 27an egingo da sari-banaketa ekitaldia, 18.30ean, Bergarako Seminarixoa aretoan. Amaia Zubiriaren ekarpena ospatzeko hainbat adiskide, senide eta lagunek parte hartuko dute.