
Giro ederrean eta Legazpiko Urbeltz pilotalekuko harmailak beteak zirela jokatu zen igandean aurtengo Binakako Txapelketa Nagusiko Urrezko Ligako bigarren jardunaldia. Bertan, Enara Gamindek bere legea ezarri eta bikain hasi zuen fase hau, Arraizarekin batera, 22-16 irabazi baitzieten Etxegarai eta Erasuni.
Txapelketako partida azken orduko aldaketa batekin jokatu zen, Miriam Arrillagak, eskuko minez, Itxaso Erasuni utzi behar izan baitzion bere lekua Etxegarairen atzelari gisa. Berme osoko atzelaria da zizurkildarra, bere jokoan azken urtean sekulako jauzia eman duena, baina igandean egungo atzelaririk sendoenaren aurka jokatzea egokitu zitzaion eta, lan ona egin zuen arren, amore eman behar izan zuen Arraizak ondo lagundutako Enara Gaminderen aurka (22-16).
Ezbairik gabe, Laukizko atzelaria izan zen Legazpiko protagonista nagusia. Atzeko koadroetan erabateko bermea ematen du bizkaitarrak, partidetan agindu egiten du eta Miriam Arraiza ere gero eta maila hobea erakusten ari denez, bikote oso indartsua osatzen dute, txapelaren lehian oso kontuan hartu beharrekoa.
Parean, Etxegarai saiatu zen jokoa nahasten, baina ezin izan zuen tanto gehiagorik egin eta garrantzi handiko puntua Arraiza-Gaminderentzat izan zen. Txapelketako lehen fasean ere bi bikote hauen arteko lehian, Oñatin, gipuzkoarra eta bizkaitarra nagusitu ziren, txapelketa oso erregularra osatzen ari direnaren seinale.
Jaialdiko lehen partidan, Aldai-Zabalak 22-17 irabazi zioten Garaik eta Capellanek osaturiko bikoteari.
Azken bi jardunaldiak Gipuzkoako pilotalekuan osatu ostean –lehenengoa Aretxabaletan izan zen–, Binakako Txapelketa Nagusiak Bizkaira egingo du berriz hurrengo asteburuan, Gallartara zehazki esateko, ostiral arratsaldez jokatuko den beste jardunaldi ezin interesgarriago batekin.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
