
Hiru urte eman ditu Matias Mugicak Homeroren ‘Odisea’ euskaratzen, oraingoan Balea Zuria argitaletxearen eskutik argitaratu duena. Sekulako lana hartu zuen itzultzaileak ahalik eta fidelen egiten, neurri zein estiloari dagokionez. Aurretik beste bi itzulpen zeuden, baina esan dezakegu Mugicarena dela testu klasikora gehien gerturatuko gaituena.
Izan ere, 2007an Juan Kruz Igerabidek irakurle gazteentzako bertsio laburtu bat egin zuen, prosan, eta aurretik zegoen aurrekaria 1960ko hamarkadakoa zen, Aita Onaindiak Bizkaitar puruan idatzia. «Hori irakurtzeko gai den inor ez dago egun», aipatu du Mugicak aurkezpenean, erabilitako hizkuntzari erreferentzia eginez.
Berak hiru erabaki garrantzitsu hartu behar izan zituen enkargua jaso zuenean. Lehenik eta behin, testua prosan edo bertsotan egingo zuen pentsatu zuen. «Prosan askotan itzulia izan da, eta informazio gisa, jakiteko ‘Odisea’-n zer gertatzen den, ondo dago, baina prosak obraren ezaugarri estilistikoak akabatu egiten ditu», kontatu du itzultzaileak. Hala, testu originalari jarraituz, eta honek duen «efektu hipnotikoa» lortu nahian, bertsoaren alde egin eta «artefakto erritmiko» bat euskaratu zuen.
Bigarren erabakia, erabiliko zuen erritmoa zen, eta ez zuen zalantza handirik izan euskal bertso tradizionala, 15 silabakoa, euskal kontapoesian erabilia. Errimak jarriko zizkion edo ez pentsatzerakoan, kontuan izan zuen epika zaharrak ez duela errimarik. Berari errimaren bat atera bazaio, utzi egin du ondo gelditzen delako, baina ez da nahita izan.
Lapurdin zuen erreferentzia
Azken erabaki garrantzitsua eta buruhauste gehien eman diona erabiliko zuen euskara zen: arkaizantea izan ziteken, euskara zaharra imitatuz, edo egungo estandarra. «Euskara zaharra imitatzearen pastitxe hori ez zait gustatzen, erridikulua dela iruditzen zait, baina euskara neutroa hotza da ‘Odisea’-rentzat», pentsatu zuen. «Epika zaharraren hizkera grekera oso bitxia zen, urruntasun efektua ematen zuen», eta hori lortu nahi zuen.
Lapurdiko testu zaharretan begiratzen hasi eta Joanes Etxeberriren testu erlijiotsu bat aurkitu zuen, hori ere 15 silabako bertsotan idatzia, eta aproposa iruditu zitzaion. «Hura irakurri nuen aspertu arte eta hari kopiatuz, trikimailu asko ikasi ditut», aipatu du.
Mugicak zuzenean grekeratik itzuli du ‘Odisea’, zeinak 12.000 hexametro dituen –are luzeagoa euskaraz, hizkuntza beraren ezaugarriengatik–. Poema luze bakar bat da testua, Alejandriako liburutegian itzultzerakoan 24 kantutan banatu bazuten ere. Oso lan mardula izan da Mugicarentzat. «Ez dakit berriro egingo dudan horrelakorik», esan du. Beste testu klasiko laburragoak itzuli izan ditut, tartean François Villon poeta frantsesaren ‘Testamentua’, hau ere bertsotan, baina ‘Odisea’ baino askoz laburragoa.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

La jueza decreta el sobreseimiento de la causa por el pelotazo a Xuhar Pazos

