Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Thriller berria eta, konturatu gabe, maitasun istorioa dakar Iñaki Irasizabalek

Iñaki Irasizabal idazleak ‘Lehertu baino lehen’ eleberria argitaratu berri du Elkar argitaletxearen eskutik. Ohikoa duen bezala, eleberri beltza idatzi du, baina kezka nagusia ez da hildakoa nork hil duen jakitea, «munduaz hitz egitea» baizik, bikote baten ahotsen bidez.

Iñaki Irasizabal, liburuaren aurkezpenean.
Iñaki Irasizabal, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

‘Lehertu baino lehen’ izenburua du Iñaki Irasizabalen thriller berriak. Editore batek eta erizain batek osatutako bikotea du protagonista eta, autorearen hitzetan, nobela beltzaren eta eleberri sozialaren arteko mugan dago. Gainera, «ez nintzen kontutatu, baina maitasun istorio bat ere bada».

Hala adierazi du Irasizabalek asteazken honetan, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak lagunduta Donostian egindako aurkezpenean.

Honela laburbiltzen du argitaletxeak 18.000 hitz hauek osatzen duten eleberria: Erik eta Aiora, editorea bata eta erizaina bestea, bikote gaztea da, oro har ondo konpontzen dena, baina badituzte tentsiogune batzuk ere. Harremana onbideratzeko estrategia bat pentsatuko du Erikek, baina gauzak okertu egingo dira, ustekabean. Hortik aurrera, beste norabide bat hartzen du eleberriak, eta thrillerraren misterioarekin batera dilema moralek hartzen dute nagusitasuna: besteaz fidatu ala barruan gorde; egia osoa aitortu ala zain egon, okerrena pasatu arte.

Mendigurenen hitzetan, liburu honen kezka nagusia ez da hildakoa nork hil duen jakitea, baizik eta «gertakarien haritik tiraka, bizitzaz eta munduaz hitz egitea». Irasizabalen lanen bereizgarria, hain zuzen ere. Durangarraren obran, esan du, «ez dago gizakiari buruzko oso iritzi onik», baina oraingoan «inoiz baino gehiago» erreparatu dio bikote barruko bizitzari.

Xabier Mendigureni esker, hain zuzen, konturatu zen Iñaki Irasizabal maitasun istorio bat idatzi zuela. Bakoitzak, editorea, gizona, eta erizaina, emakumea, istorioaren bere zatia kontatzen du. Protagonistak gazteak dira eta hori narrazioan nabaritzen da, azaldu du idazleak berak.

Polizia-nobelarik ez

Abiapuntua, kontatu du Irasizabalek, bi protagonisten arteko komunikazio falta izan zen. «Baita erantzunen beldurra ere, baina batez ere dudak dituzte protagonistek, orduan ikertzea erabakitzen dute eta hori da nobela beltzaren zatia», adierazi du idazleak. ‘Nork’ galderari erantzun baino, zergatiaren bila dabiltza eta, ohartarazi du autoreak, «ez da polizia-nobela bat».

Irakurterraza dela aurreratu du autoreak, «gaur egun idatzitakoa delako». Ez dago kapitulotan banatuta, baina bai hiru zati desberdin ditu. Lehenengoa gizonaren, Eriken, narrazioa da, bigarrenean hirugarren pertsonai batek hartzen du kontakizunaren agintea eta azkenengo zatia emakumearen ahotsa da. «Gustatuko litzaidake irakurlearentzat samurra izatea, baina latza ere bada», onartu du.