NAIZ

EITB euskaldun baten aldeko elkarretaratzea deitu dute otsailaren 25erako

Aldatu Gidoia ekimenak eta EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek elkarretaratzea deitu dute otsailaren 25erako irrati-telebista publikoaren Bilboko egoizaren atarian, ‘EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita!’ lemapean. Zuzendaritza postuetarako C1 maila eskatzeari utzi diotela salatu dute.

Iazko maiatzean Gasteizen egindako mobilizazioa.
Iazko maiatzean Gasteizen egindako mobilizazioa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

EITBko zuzendaritza postuak hautatzeko ez direla euskararen ezagutzaren eskakizunak betetzen ari salatu dute Gidoia Aldatu ekimenak eta EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek, eta erabaki horren aurka mobilizatzera deitu dute otsailaren 25ean, euskal telebista eta irrati publikoaren Bilboko egoitzaren aurrean. Erakundeko Euskara Batzordeak, langile batzordeek eta erredakzio kontseiluek gaitzespen hori bera egin zuten duela egun batzuk.

Gogora ekarri dute EITBko zuzendaritza postuetarako euskarazko C1 maila izatea eskatu dela azken urteetan, eta salatu dute 2024an hiru ardura postu esleitu zirela euskara eskakizuna betetzen ez duten hiru pertsonari: EITB Mediako Zuzendaritza, EITBko Social Mediaren eta eitb.eus-en Zuzendaritza, eta Zuzendaritza Komertziala. «Areago, atera berri diren deialdietan jada ez da C1 maila eskatzen», deitoratu dute, eta baldintza bakarra ‘gaztelania, euskara eta ingelesa jakitea’ dela nabarmendu dute, «zehaztapen gehiago eman barik».

«Hori da, esate baterako, Primeran plataformako eduki arduraduna izango denari eskatzen zaiona. Horiek atera dira azalera azkenaldian baina lehendik ere gabezia larriak daude hainbat arduradun eta zuzendariren euskara mailan. Gaztelaniaz onartuko al genuke zuzendari nagusiak agerraldi publikoetan euskaraz erakutsi duen maila?», galdegin dute.

Erabaki horiek 2013az geroztik EITBn indarrean dagoen euskara plana «zapuztu» egin dutela esan dute eta egoera «salagarria eta larria» dela iritzi dute, EITBk komunikabide publikoa den aldetik euskara sustatzeko «betekizuna eta erantzukizuna» baitu.

Gutxieneko aldarrikapena

Zuzendari eta arduradunek euskara menperatzea «gutxieneko aldarrikapena» dela esan dute eta salatu dute erabakiokin EITBk «euskara eta euskaldunak gutxietsi eta baztertu egiten gaituen irudia» zabaltzen dela jendartean.

«Horiek guztiak gogoan, gehitu nahi genuke ezin dela profesionaltasunez jardun EITBn euskara menperatu gabe, aipatutakoez gain, euskal kulturaren eta sorkuntzaren ezagutzarako traba handia eta ulergaitza baita», berretsi dute, eta hala, EITBko zuzendaritzaren eskatu diote «zuzen ditzala euskararen eskakizuna kolokan utzi den postu guztietako prozesuak, EITBko lanpostu guztietan bezala, zuzendaritza postuetan ere dagokion euskara betekizuna ezarriz eta betearaziz».

Azkenik, deialdia egin diete eragile eta norbanako euskaltzaleei «eta oinarrizko hizkuntz eskubideak bermatzearen alde dagoen orori» otsailaren 25ean EITBren Bilboko egoitzaren aurrean 16.00etatik 16.30etara egingo den elkarretaratzera batzeko.

Deialdiarekin bat egin dute dagoeneko dozena bat eragilek eta 400dik gora norbabakok.