Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Trikimailu narratiboak

Berriki estreinatu den ‘Paradise’ telesailaren harira hainbat iruzkin agertu dira sareetan: bertan gertatzen den plot twist harrigarri batek eragindako aipamenak dira.

Plot twist bat istorio batean gertatzen den ustekabeko biraketa bat da, argumentuaren norabidean eraldaketa erradikal, harrigarri edo ustekabekoa sortzen duena. Batzuetan amaierako zatian pilatzen dira, baina narrazioan zehar ere tartekatzen dira. Modu askotara erabili izan ohi dira, beste teknika narratibo batzuekin nahasian sarri, flashbackarekin edo anagnorisiarekin, adibidez.

Protagonistak sekretu handi bat ezkutatzen duenean, hil dela uste genuen norbait bizirik azaltzen denean, guztia amets bat izan dela ohartzen garenean eta abar. Zinemaren historian adibide ugari topatu daitezke, ezagunenak akaso ‘Psycho’ (1960), ‘The Usual Suspects’ (1995), ‘Seven’ (1995), ‘The Sixth Sense’ (1999) edota ‘The Shawshank Redemption’ ( 1994) izan litezke. Baliabide hau narrazioaren barruan sartzea, neurri batean behintzat, erraza izan liteke, baina ona eta zentzuduna izateko aurreko gertakariekin koherentea izan behar du, eta aldi berean, ikuslea harritu eta istorioaren esanahia aldatu beharko luke.

Trikimailu narratibo honen erabilera txarrak ikuslearen esperientzia hondatu eta tramari balioa ken diezaioke.