Aurtengo Ibilaldia antolatuko du Galdakaoko ikastolak, eta kanta eta bideoklipa ikusgai, entzungai, bai eta dantzagai ere, baditu. Oxabi taldearena da abestia, Eguzkibegi ikastolako ikasle talde bat eta Gotzon Barandiaranen artean moldatutako letra baliatuz.
Honela dio ostiral honetan aurkeztu den kantuak:
Etxe bateko magala
eta besteko amantala
pauso bakar batek
alda dezake geroa,
ate batetik bestera
zabaltzen da umezaroa
mundu bakarra zena
bilakatzen da orain
ume beste dozena
Plaza bat da
euskara ere auzolan ikastolan
huts-hutsik ez da asko
aski betea
irria eta izerdia
Umetatik nerabezarora
bizitzaren lehen aldatsa
kontzientzia ardura
gero eta handiagoa,
bidea ikasle lagunekin
zatia da samurragoa
lagunak bezala
hizkuntza hauta liteke
ikasi eta zaindu
Plaza bat da
euskara ere auzolan ikastolan
huts-hutsik ez da asko
aski betea
irria eta izerdia
Bizkar zorroa beteta
oroitzapen eta liburuz
une latzak batzuk
onak, mila bat inguru,
gaur irakasle duguna
izan zen bezala ikasle
belaunaldiz belaunaldi
hizkuntza jagoleak
orain guri dagokigu
Plaza bat da
euskara ere auzolan ikastolan
huts-hutsik ez da asko
aski betea
irria eta izerdia (x2)
Maiatzaren 25a izango da egun handia; hiru hilabete eskas daude aurretik, beraz. Eguzkibegi ikastolan burubelarri dabiltza lanean aspaldi, Ibilaldia hau ez baita egun bakar batera mugatzen, urte osoko ekimena da.
‘Magaletik herrire euskera erdire’ hartu dute lelotzat. Guraso, ikasle eta langileek egindako hausnarketaren emaitza izan da, kontzeptu hauek bilduz: magala (ama magala, mendi magala), herria, euskara erdigunera, loturak, eguzki izpiak...
«Ikastolak eskaintzen duen familia giroa islatzen du magalak, eta era berean ikastola kokatuta dagoen mendi magalari ere egiten dio erreferentzia. Herrira horrekin ikastolak herriarekin duen lotura islatzen du, ikastola herrira doala, ikastola herria dela», azaldu dute aurkezpenean.