NAIZ

6.000tik gora emakumek hartu dute parte Donostiako 35. Lilatoi arrakastatsuan

Ohiko giro aparta, beroa eta morea, eta partaidetza handia. Horrela labur daiteke igande goizean Donostian egin den Lilaton lasterketaren 35. edizioa. 6.200 korrilakarik emana zuten izena eta Itziar Ibarbia, Alkizako korrikalaria, iritsi da lehena.

Irteerako irudi ikusgarria.
Irteerako irudi ikusgarria. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jendetsua eta arrakastatsua izan da aurtengo Lilatoia. Guztira 6.200 emakumek emana zuten izena «emakumeak kirolaren bidez ahalduntzea» helburua duen lasterketa beterano honetan. Urtero emakume anitzentzat topaleku bihurtu baita. Kopuruei dagokionez, datu xume bat: 1990ean, lehen edizioan, 130 korrikalarik hartu zuten parte.

Atlético San Sebastianek antolatuta, bere komunikazio arduradunak, Alicia Vicandik, laburbildu zuen Lilatoiaren xedea ekimena aurkeztu zuenean: «Lilatoia emakumeen ahalduntzearen ospakizuna da, kirolaren, berdintasunaren eta edozein erronka konkistatzeko dugun gaitasuna adierazteko», aipatu zuen.

Emakumeak ahalduntzea bilatzen baitu ekitaldi honek kirolaren bitartez, osasuna, inklusioa eta talde lana sustatzen baitu. Txirrindulari hasiberrietatik hasi eta esperientziadun kirolarietaraino, ‘handbike’ kategoriaraino, guztientzako lekua dago Lilatoian. 

Ohiko hitzordua bihurtu da Lilatoia emakume askorentzat. Giroa, alaia beti. (Gorka RUBIO / FOKU)

 

Hain justu, lasterketa 10.25ean hasi da, ‘handbike’ modalitatean parte hartu duten korrikalarien irteerarekin. Irteera orokorra 10.30ean egin da baina, aurretik, urteen poderioz ohitura egin denez, zumba saio bat egin dute partaideek.

Sari-banaketa Alderdi Ederren egin da, eta kategoria bakoitzeko lehen hirurak saritu dira (juniorrak, absolutuak eta beteranoak). Sari berezi bat ere izan da hiru talde handienentzat. Eta ondoren,Lilapote’-az gozatu ahal izango da! (pintxoa eta edaria) Alde Zaharreko hainbat tabernatan.
Partaideek egin dituzten marka guztiak web orrialde ofizialean zintzilikatuko dira. Halere, hemen ere, parte hartzea da garrantzitsuena.