NAIZ

Erkiaga eta Manci, Miamiko Dania pilotalekuan jokatutako Biscayne Cupeko txapeldunak

Txapeldunek bi setetan irabazi diete Johan Sorozabali eta Imanol Lopezi final handian, 15-10 eta 15-14.

Erkiaga eta Manci, irudian finalerdietako partidan zaleak agurtzen, txapeldun izan dira Danian.
Erkiaga eta Manci, irudian finalerdietako partidan zaleak agurtzen, txapeldun izan dira Danian. (JAI ALAI)

Larunbat gauean jokatu zen, Miamiko Dania pilotalekuan (AEBetan), Biscayne Cup txapelketako final handia. Bertan, Aritz Erkiagak eta Mikel Mancisidorrek irabazi dute, bi setetan (15-10 eta 15-14), Johan Sorozabal eta Imanol Lopezen aurka.

Partida Erkiaga eta Manciren alde jarri da hasieratik, azkarregi agian bertara gerturatutako zale ugariren gusturako, aurkariek erraztasunak ematen zizkietelako. Johan ez da fin ibili aurreko koadroetan, eta horrek egindako akatsek markagailuan ihes egitea ahalbidetu zieten aurkariei (10-3).

Hala ere, lau tanto jarraian eginda (10-7), Johan eta Lopez partidan sartu ziren berriro, eta seta lehiatu zuten. Bi tantora jarrita, egoerari buelta ematea lortu zuten ia-ia, baina Erkiaga eta Manci ondo aritu ziren azken tantoetan, lehen seta irabazi arte (15-10).

Bigarrena lehiatuago hasi zen, lehen seteko galtzaileak bigarrena kontrolatzeko asmoz abiatu baitziren (4-4). Johanek Erkiaga alde batetik bestera mugitu zuen frontoitik, eta, bi pareten eta dejada on baten bidez, nagusitzeko beharra erakutsi zuen (8-7).

Aurretik ere jarri ziren, 9-10eko emaitza jarrita, eta 10-10, 12-12, 13-13 eta 14-14ko berdinketak heldu ziren gero, baina elastiko marroia zeramaten bikotekideen arteko komunikazio faltak azken tantoa eta txapela eman zien Erkiaga eta Manciri (15-14).

«Horrela irabaztea eta frontoia beteta ikustea oso pozgarria da», adierazi zuen finalaren ostean Mancik, zeinek duela gutxi Winter Serieseko finala galdu zuen eta, nolabait esatearren, arantza kendu ahal izan duen.

Biscayne Cupeko finaleko tantorik onena, aldiz, Aritz Erkiagak sinatu zuen. Bizkaitarrak dejada ederra egin zuen partidako bigarren seta hasi berria zela. Lehenengo jokoa 15 eta 10 irabazita, Erkiagak 2 eta 0ekoa egin zuen, tanto eder batekin.