Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Zabala-Eskuzaren amaraunetik ihes egin eta finalerdietan egongo dira Peña II.a-Albisu

Partidako lehen zati bikaina jokatu dute Elordi-Zabaletaren ordezkoek Eibarreko Astelenan, baina lehen atsedenaldi luzetik aurrera beherakada txiki bat izan dute eta aurkariek aprobetxatu egin  dute finalerdietarako txartela lortzeko (22-18). Baikoko hiru bikote eta Aspeko bat egongo dira bertan.

Peñak II.a-Albisuk lasaitua hartu dute Zabala-Eskuzaren aurka irabazita.
Peñak II.a-Albisuk lasaitua hartu dute Zabala-Eskuzaren aurka irabazita. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gutxien espero denean, ikuskizunik politenak iristen dira. Hala gertatu da igande honetan, Eibarreko Astelena pilotalekuan, hasiera batean faborito argi bat zegoen eta emoziorik gabeko partidan. Izan ere, Zabala-Eskuza, Elordi-Zabaleta titularren ordezkoek, sekulako neurketa hasiera egin dute, erritmo handia jarriz, baina lehenengo atsedenaldi luzearen ostean beherakada txiki bat baina nahikoa sufritu dute eta Peña II.a-Albisuk, esperientziak ematen duen indarrarekin, ondo eutsi eta finalerdietarako sailkapena lortu dute (22-18).

Ezustean harrapatu dituzte Zabalak eta Eskuzak pilotazale guztiei; baita bi Jon Anderrei ere, Peña II.a eta Albisuri, alegia. Egia da Baikoko bikotea ostiral gauean play-offetako lehen partida jokatzetik zetorrela, horrek suposatzen duen tentsio eta neke guztiarekin, baina inork ez zuen espero Aspeko urdinek azaldutako hasierako erresistentzia.

Gazteak eskuko minez dauden Elordi eta Zabaletaren hutsunea betetzeko deituak izan dira, baina gehienbat aurrelari errioxarrak ez zuen aukera galdu nahi eta erasora jo du hasiera-hasieratik. Zabala-Eskurzak arantza handi bat ere bazuten barruan; izan ere, Serie B-ko play-offa jokatzetik kanpo geratu ziren partida hau jokatzeko, eta larunbatean bere ordezkoek galdu egin zuten, finalerdietarako txartela galduz.

Hala, gauza asko zuten erakusteko. Eta baita lortu ere. 1-4 aurreratu dira urdinak, tartean tanto zirraragarriak eginda. Horietako bat 1-1ekoa izan da: Zabalak sakez ezker pareta asko erabili du –askotan erabili du estrategia hau–, Albisuk oso zabaletik erantzun du, ondoren Ataungo atzelariak bi pareta egiten saiatu da eta azkenean Zabalak huts egin du.

Urdinen hasierako erritmo altua eutsi ahal izan dute gorriek, eta hala, Baikokoak 5-4koan ipini dira aurretik lehen aldiz. Eskurza ondo ari zen atzean, eusten, baina Albisu pixkanaka bere kolpea ezartzen hasi da. Hala ere, markagailua oso pare ageri zen eta 10-10ekoan beste tanto eder bat ikusi ahal izan da. Albisuk atzetik eramatea lortu du, Zabalak erasoan min handia egiten ari zen bitartean, eta azkenean Eskurzak huts egin du.

10-11koan polemikarako unea iritsi da. Albisuk ezin izan du pilota eraman Eskuzak nahigabe ez diolako utzi. Epaileek ez dute buelta eman eta tantoa urdinen alde izan da. Hala ere, lehen atsedenaldi luzearen ostean, Aspekoek beherakada txiki bat izan dute, nahikoa gorriek tanto batzuen abantaila hartzeko.

Aspeko atzelari gazteak hiru pilota galdu ditu jarraian eta, laugarrenean, tantoa egin eta Zabalaren beste tanto bati esker, esperantza eman die urdinei (15-13). Nekea ageri zen momentuan, lau pilotariek oso defentsa sendoa erakutsi dute. Horren adibide da 16-13koa. Lauak oso ondo aritu dira defentsan, baina azkenean Peñak egin du tantoa atzean.

Emozioa amaiera arte mantendu da; izan ere, Zabalak ez duelako amore eman aurrean tantoak egiteko garaian. 18-16ra hurbiltzea lortu dute, baina gorriek amorrua eta esperientzia atera eta 4-2ko partzial bati esker, finalerdietarako txartela eskuratu dute.

Gauzak hala, finalerdietan Baiko enpresako hiru bikote arituko dira, eta Aspeko beste bat. 2016tik ez zen honelako egoera bat gertatzen.

Behin play-offa amaituta, finkatu dira dagoeneko finalerdietako lehen jardunaldiko partidak eta egoitzak. Artola-Mariezkurrena II.a / Laso-Iztueta larunbatean arituko dira Bilbon; eta Ezkurdia-Rezusta / Peña II.a-Albisuk igandean jokatuko dute Gasteizeko Ogeta pilotalekuan.

PARTIDAKO FITXA:

Peña II.a-Albisu: 22

Zabala-Eskuza: 18

Pilotakadak: 508. Iraupena: 60:05. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-4, 5-4, 8-5, 8-8, 9-8, 9-10, 10-10, 10-11, 15-11, 15-13, 18-13, 18-16, 19-16, 19-17, 21-17, 21-18 eta 22-18. Sakez egindako tantoak: 2 Peña II.ak eta 1 Zabalak. Jokoan egindako tantoak: 6 Peña II.ak, 2 Albisuk, 9 Zabalak eta 1 Eskuzak. Galdutakoak: 2 Peña II.ak, 5 Albisuk, 6 Zabalak eta 6 Eskuzak. Gertakariak: Giro ona Eibarreko Astelena pilotalekuan play-offetako partida erabakigarria ikusteko.