Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Mikel Linacisorok kateatu ditu sasoia eta eraginkortasuna

Eskalatzaile bergararrak, hogeita lau orduko tartean, 'Seleccio natural' (9a) landuta, 'Fabelita' (8c) flash eran eta 'Rock Fucks' (8b+) bistan sinatu ditu. Guztiak ala guztiak Santa Linyako Cova Gran sektorean.

Mikel Linacisorok eskalada bikainak egin berri ditu Santa Linyan.
Mikel Linacisorok eskalada bikainak egin berri ditu Santa Linyan. (Mikel LINACISORO)

Joan den abenduan, Mikel Linacisoro bederatzigarren mailara itzuli zen 'Estado critico' bidearekin. Kronika hartan aipatzen genuen ikasketak amaituta Herrialde Katalanetan 'ostatu' hartu zuela eta David Maciak San Cugaten zuzentzen duen CAR egitasmoan erabat buru belarri zebilela. Hots, gogor entrenatzen. Eta bide batez, batez ere asteburuetan, arrokan gogor estutzen.

Lehen emaitza 'Estado Critico' (9a) izan zen; gainera, oso azkar biribildu zuen. Etenaldiren bat edo beste egin du. Adibidez, Euskal Herrira itzuli zen Zarautzen antolatu zen Mastersan lehiatzeko. Baina diogun bezala, eskalatzaile bergararrak beste asmo batzuk ditu, eta entrenamenduek emaitza bikaina izan berri dute iragan asteburuan Santa Linyako Cova Gran sektorean izan zuen hogeita lau ordu handiekin.

Hiru estilo ezberdinetan hiru jardun azpimarragarri egin zituen. Landuta, adibidez, beste 9a zailtasuneko marra bat sinatu zuen: 'Seleccio Natural'. Flash eran, berriz: 'Fabelita' (8c). Eta hirugarrena eta azkena bistan izan zen: 'Rock Fucks' (8b+). Lerroburuan azaldu dugunez, gipuzkoarrak ondo baino hobeto uztartu ditu sasoia eta eraginkortasuna. Eta hori guztia hogeita lau orduko tartean egin zuen. Hortaz, sasoia izan du hiru eskalada horiek epe oso laburrean biribiltzeko eta eraginkortasuna akatsik ez zuelako izan. Igoera hauei esker, eskalatzaile gazteak landutako eta bistan estiloetan maila berdindu du eta flash eran maila bat gora egin du.

Hogeita lau ordu 'ero' horien ondoren, Linacisoro pozarren zegoen lortutako emaitzarekin: «Ez dut sinistu ere egiten. Nire ibilbideko ordu onenak izan dira, batez ere zailtasunari dagokionez».

Hirukoitza

Oro har, aurreratu behar dugu egun arrakastatsu hori ez zela guztiz zuzen hasi. Eta hori diogu protagonista hori sektorera hurbildu zenean, 'Seleccio natural' baldintza kaskarretan aurkitu zuelako: euria eta hezetasuna. Alabaina, bisita hori aprobetxatzeko, ekinaldi bat egitea otu zitzaion. Nahiz eta marra hori bustita zegoen, azken zintara heldu eta azken mugimenduan erori zen. Ezusteko ederra hartu zuen; izan ere, maila horretako bide batean baldintza horiekin ia ezinekoa da arrakasta lortzea. Eta Linacisoro zorian egon zen.

Nolabait esateko, etxera esku hutsik ez itzultzeko 'Rock Fucks' bidea helburu bezala hartu zuen, baina bistan estiloan saiatzeko. Bide horrek belaunen edo nivar-en teknika ondo menderatzea eskatzen du. Linacisoro ez da hain aioa, baina saialdi horretan gauzak ondo egin zituen. Teknika horretan eraginkorra izateaz gain, mugimendu guztiak ondo irakurri zituen. Eta hori guztiari esker, aldez aurretik bidearen informazioa jaso gabe, lehen ekinaldian eta erorikorik gabe katera heldu zen. Bigarren 8b+ mailako bidea du bistan.

'Seleccio natural'-eko ekinaldi bikainarekin eta 'Rock Fucks'-eko arrakastarekin bergararrak amaitu zuen eguna. Oraindik ez zekien biharamuna are eta bikainagoa izango zela. Cova Gran sektorera itzuli eta hurrengo xedeari ekiteko prest zegoen: «Larunbateko sasoia bukatu bezain laster, 'Fabelita' probatzen ari zen lagun batekin hitz egin nuen eta adostu bide hori flash eran probatzea erronka polita izango zela. Egun eguzkitsua zen; oso-oso ona. 'Seleccio natural' eguzkitan zegoenez eta “Fabelita” itzalean, azken horretan sartu nintzen. Lagunen informazioak asko lagundu zidaten, baina onartu behar dut bikain eskalatu nuela. Nahiz eta erresistentziarekin eta oinen kokalekuekin zalantzak izan nituen, arrakasta izan nuen. Flash eran erdietsi dudan nire lehen 8c izan da!».

Estilo horretan zailtasun horretako ibilbide batek indarrak xahutzen ditu, eta etxera pozarren itzultzeko 'aitzakia' ezin hobea ematen du. Baina batzuetan gertatzen denez, arrakasta horrek (sasoiak ere) asko motibatzen du beste helburu bati ekiteko. Eta hori gertatu zitzaion lerrootako eskalatzaileari.

'Seleccio Natural' bidean eguzkia ezkutatu zenean, Linacisoro prest zegoen bezperan utzitako lanak amaitzeko: «Larunbatean ez bezala, baldintzak askoz ere atseginagoak ziren. Lehor zegoen eta heldulekuek ukipen ona zuten. Jakina, katera erorikorik gabe iritsi nahi baduzu, baldintza horiek giltza dira. Eta nik horiekin zortea izan nuen. Borroka handia egin eta gero, ufa, kateatzea lortu nuen. Bide hori ikaragarria da; nire ibilbidean eskalatu dudan onenetarikoa. Landutako bideetan, 'Seleccio natural' 9a mailako seigarrena dut».