
Hika Teatroaren ‘Zorretan’ antzezlanak eskuratu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko 25. Donostia Antzerki Saria; hala jakinarazi du astearte honetan Donostia Kulturak. Epaimahaiaren iritziz, lan hori izan da 2024an helduentzako antzerki konpainia profesional batek Donostian eta euskaraz eskainitako antzezlanik onena.
Norka Chiapussok, Donostia Kulturako Dantza eta Antzerki sailaren zuzendari teknikoak, irakurri du epaileen balorazioa. Epaimahaiaren iritziz, oso modu egokian jorratu dituzte gai sakonak: amatasuna, ama-alabaren arteko harremana, zaintza, maitasuna, dolua… «Eta gai hauek planteatzeko modu eta ikuskera ugari erabili ditu egileak», zehaztu du.
«Zaintzari eta maitasunari buruzko tragikomedia absurdoa eta poetikoa» dela ‘Zorretan’ antzezlana definitzen du Hika teatroak. Agurtzane Intxaurragak idatzi eta zuzentzen du, eta Miren Gaztañaga, Jabi Barandiaran eta lñake Irastorzak taularatzen dute obra.
Balioan jarri nahi izan dute «gaiari buruzko beste begirada bat landu nahi izana», eta gaineratu dute zaintzari edo maitasunari buruz gizartean errotuta dagoen iritzia edo ikuspegia zalantzan jartzen duela antzezlan honek, hausnarketara bultzatuz. «Gainera, gaia hain sakona izanik, absurdoa eta umorea erabiltzen dira publikoarengana hurbiltzeko modu ezin hobean», azaldu dute.
Antzezlanean zehar «jakin-minak bukaerara arte irautea» ere txalotu du epaimahaiak. Antzezleen lana ere nabarmendu dute: «Antzezleek indar handiz eta irudimenez beterik taularatu dute lana eta umorea, absurdoa eta drama uztartzeko gaitasun paregabea dutela erakutsi dute».
Azkenik antzerki lanaren «osotasuna, zuzendaritza lana eta testuaren egokitasuna» goraipatu dira. Eta bereziki azpimarratu da euskaraz sortutako testua izatea.
Ikuslea, saririk onena
Intxaurragak antzezlana ikustera hurbildutako jende guztia eskertu nahi izan du, «jendea erakartzea da sari handiena». Bera izan da gidoilaria eta zuzendaria, eta aitortu du zalantza asko izan zituela testua idatzi ondoren oholtzara eraman ala ez. Ingurukoen bultzada jaso zuen, eta orain, saria beraiena ere badela kontatu du.
«Hasieran umorea lantzea zen nire asmoa, baina ezin diot uko egin bizitzari», azaldu du, eta horregatik, zaintzaren eta maitasunaren inguruko hausnarketak tartekatzea atera zitzaiola argitu du. Susa argitaletxeak udaberrian Ganbila sailaren baitan argitaratuko duela testua aurreratu du zuzendariak.
Pozarren hartu dute Donostia Antzerki Saria taldekideek, «euskara erdigunean» jartzeari garrantzia eman behar zaiola esanez. Eta aurreratu du Max sarietarako sei izendapen dituztela: obrarik onena, zuzendari onena, egilerik onena, aktorerik onena, aktore emakumerik onena eta ekoizpenik onena.
Sormen prozesu dibertigarria
Lan taldeak sormen prozesua bera azpimarratu du prentsaurrekoan, «zoragarria» izan zen Gaztañagaren iritziz, bakoitzari «bere bideak asmatzeko irekita» egon baita Intxaurraga zuzendaria. Intxaurragak aitortu du konplexua zela prozesua, geruza askoko antzezlana delako, baina «prozesu dibertigarria» izan zela.
Irastorzaren iritziz, «funtzionatzen» ari da, hori da behintzat oholtzatik sumatzen duten erantzuna. «Modu oso berezia du, estiloak nahasten ditu, eta denborarekin ere jolasten du: iraganarekin, orainarekin eta etorkizunarekin», eta guzti horrek erakarri zuen antzezlea.
Barandiaranek ere publikoarengan jarri du arreta, gutxitan ikusten omen da «horrelako erantzun ona», aretoak betetze hutsa pozgarria iruditzen zaio. Eta aldarri egiteko baliatu du unea: «Antzezlan bakoitzean ikusten dugu kultura beharrezkoa dela eguneroko bizitzarako, eta uste dut hori erakundeei gogorarazi beharrekoa dela, boterea askotan beste gauza batzuei begira egoten delako».
2024ean, 11.000 ikusle
Jon Insausti kultura eta euskara zinegotzia ere aurkezpenean izan da, eta zenbait datu mahaigaineratu ditu. 2024. urtean euskarazko 20 antzezlan izan ziren Donostian. 45 emanaldi egin dituzte guztira eta 11.072 ikusle igaro dira antzokietatik. Donostia Antzerki Sariaren 25. urteurrena izaki, izandako bilakaera txalotzeko baliatu du agerraldia: 2000. urtean euskarazko 7 antzezlan, 13 emanaldi eta 2.456 ikusle izan zituen euskarazko antzerkiak Donostian.
Bestalde, gogoratu du, ohi bezala sariaren irabazleak, Hika Teatroak 12.000 euroko saria jasoko duela, Juan Ignazio Mendizabal ‘Mendi’ artistaren eskultura jasotzearekin batera. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, egingo da 19.30ean Victoria Eugenia Antzokian. Galarako gonbidapenak martxoaren 25ean jarriko dira eskuragarri antzokiko leihatilan, goizeko 11.30etatik aurrera.

¿Chocolate caliente o frío? Factores clave para entender la volatilidad del precio del cacao

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat
