NAIZ

Ipar eta Hego Euskal Herrian lehiatuko den emakumeen Jai Alai League berria martxan da

Lehen edizioak hamar txapelketa izango ditu. Bestalde, Euskotren Winter Series-ak Durangoko Ezkurdi izango du, beste urte batez, bere egoitza, eta aurtengoan ere lau bikote arituko dira. Gizonezkoen banakakoak ere baditu berritasunak, sei puntistek hartuko baitute parte.

Puntistak, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan egindako aurkezpenean.
Puntistak, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan egindako aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bi albiste garrantzitsurekin dator aurten Durangoko Ezkurdiko martxoko hitzordua, ostegun honetan jakitera eman duten moduan. 2023an mugarria ezarri zuen emakumeen lehen Winter Seriesak eta ordutik hona txapelketak ugaritzen joan dira. Orain, Euskotren Winter Seriesaren 3. edizioarekin batera, emakumeen lehen Jai Alai League-a ere aurkeztu dute. Lehen edizio honek hamar txapelketa izango ditu, Ipar eta Hego Euskal Herrian, eta Durangoko Winterra egutegiko hirugarren proba izango da. Denboraldia abenduan hasi zen, Berriatuko Mendibarren frontoian eta Durangoko lehen jardunaldiaren aurretik, Gasteizen izango du segida.

Gizonezkoen banakakoak ere baditu berritasunak. Aurreko urteetan, lau pilotariren artean jokatu izan da Banakako Seriesa, eta orain, sei puntistek hartuko dute parte. Honek esan nahi du zesta-punta profesionaleko lau jardunaldi jokatuko direla segidan Durangon, lau astelehenez jarraian eta guztiak izango dira ETB-1ean ikusgai.

Euskotren Winter Series

Emakumeen Euskotren Winter Series-ak Durangoko Ezkurdi izango du, beste urte batez, bere egoitza. Aurtengoan ere lau bikote izango dira aurrez aurre: Maite-Maialen, Helena-Arai, Ihart-Frida eta Elaia-Oaia. Partidak martxoaren 10, 17 eta 24an jokatuko dira arratsaldeko 19.30ean hasita eta ETB bidez jarraitu ahal izango dira. Egutegi osoan, Euskotren Winter Seriesa da, dudarik gabe, txapelketarik garrantzitsu eta entzutetsuena.

Aipatzekoa da Oaia Otaño pilotari mutrikuarrak Euskotren Winter Seriesean egingo duela debuta. Helena Barrenetxea durangarrak etxean jokatuko du eta Ihart Arakistain sopelarra Ezkurdira itzuliko da, iaz osasun arazoek txapelketatik kanpo utzi eta gero. Ihartek eta Arai Lejardik irabazi dute, hain zuzen, Jai Alai League honetako lehen proba, Berriatuan arrakasta handiz jokatu dena.

Emakumeen lehen Ligari dagokionez, Berriatuan (jokatu da dagoeneko), Gasteizen (martxoaren 7 eta 21ean), Durangon (martxoaren 10 eta 24an), Lekeition (apirilaren 5 eta 17an), Zumaian (apirilaren 7 eta 21ean), Bilbon (maiatzaren 16 eta 30ean), Mutrikun (uztailaren 11 eta 25ean), Donibane-Lohizunen (data zehaztu gabe) eta Biarritzen (data zehaztu gabe) jokatuko dira. Denboraldiko zortzi pilotari onenak Final Four-era sailkatuko dira eta hantxe ezagutuko dira Ligako lehen txapeldunak.

Banakako Seriesa

Gizonezkoen Banakako Seriesean ere berritasunak datoz, bai formatu eta bai parte hartzaile aldetik. Aurtengo edizioan sei pilotarik hartuko dute parte eta txapelketa final-laurdenetan abiatuko da. Partida gogorrak aurreikusten dira. Lehena, martxoaren 3an (22.20, ETB1), Olharan eta Laduchen artekoa, eta bigarrena, Barandika eta Urreistiren norgehiagoka. Partida hauen irabazleak, finalerdietan Johanen eta Erkiagaren aurka neurtuko dira martxoaren 10ean eta 17an, biak 19.30ean. Johan izan zen iazko txapelduna eta Erkiaga, txapeldunordea.

Final-laurdeneko partidak martxoaren 3an hasiko dira eta gainerako hiru jardunaldiak, emakumeen Winter Seriesarekin batera jokatuko dira, guztiak ere Durangoko Ezkurdi pilotaleku historikoan. Finala marrxoaren 24ean izango da, 19.30ean (ETB1ean 22.20ean).