NAIZ

Zaldunita eguna, hotzarekin baina alaitasunez Tolosan

Zaldunita eguna ospatzen ari dira igande honetan Tolosan, inauterietako egun handia, hain zuzen. Hotzak ez ditu tolosarrak kikildu eta goiz-goizetik kaleak mozorroz eta karrozaz jantzi dituzte.

Hotzez esnatu da Tolosa Zaldunita egunez. Tenperatura baxua, ordea, ez da oztopo izan inauterietako egun nagusienetakoa dena jai giroan gozatzeko. «Jeiki jeiki ohe hortatik gaur tolosarrak, iñauteriak beti alaitzen gaitu guztiz, jeiki jeiki ohe hortatik gaur tolosarrak, goazen festara danok goizetik!» dio Tolosako dianak eta herritarrek kantua agindua bailitzan men egin diote igande honetan.

Izan da eguna goizeko zortzietan abiatu duenik ere, dianarekin batera, udal musika banda lagun. Bederatzietarako ordu laurdena falta zela irten dira Udaletxetik herriko txistulariak, Zortzikoa joz ohiko ibilbidea egiteko, eta beste horrenbeste egin dute txarangek hamarretan.

Egun osoko egitaraua dute prestatuta, baita kontzertuak ere, gauean. Herriko toki desberdinetan joko dute Laketek, Sunek, Indabek, DJ EOk eta DJ Inarrek. Umore ona nagusi, tolosarrek mozorroz eta karrozaz bete dituzte kaleak igande honetan. Izan ere, gaurko eguna inauterietako egun handia da Tolosan.

Bihar ere badaukate zer ospatu Tolosan, inauteri giroarekin jarraitzeko Astelenita eguna baitaukate. Asteartean bukatuko dira inauteriak, Asteartita egunez. Hala ere, oraindik festa gosez denak izango du hurrengo igandean, hilak 9an egingo den Oiñata Igandean, hain zuzen, jaiarekin jarraitzeko parada.