NAIZ

Ibarrolak bikain ordezkatu du Zabaleta eta Urrezko Ligaren lidertza eskuratu dute

Osesekin batera 22-13 irabazi diete Etxegarai-Arrillagari Urdulizen, partida oso sendoa jokatuta. Urrezko Liga dagoeneko azken txanpan sartuta dago, bikote bakoitzari azken partida jokatzea geratzen zaio eta hurrengo geldialdia Etxebarrian izango da datorren asteburuan.

Urdulizeko pilotalekuan jokatu da azken jardunaldia.
Urdulizeko pilotalekuan jokatu da azken jardunaldia. (EMAKUME MASTER CUP)

Goiuri Zabaletaren ordez jokatu beharra ez da erronka makala, ez Aizane Ibarrola ez beste edozein pilotarirentzat, baina aurrelari uhartearrak bikain bete du asteburu honetan egungo Lau eta Erdiko txapeldunaren hutsunea Urdulizen eta Osesekin batera 22-13 irabazi diete Etxegarai-Arrillagari, partida oso sendoa jokatuta.

Emaitza honekin, leitzarra eta oñatiarra Urrezko Ligaren lehen postuan sendotu dira, bi garaipenekin, eta esku-eskura dute fase berritzaile hau lehen postuan amaitzea. Atzetik, Arrizabalaga-Bergarak eta Arraiza-Gamindek puntu bat daukate eta, Urdulizen galdu ostean, Etxegarai-Arrillagak ixten dute laukotea, oraindik punturik batzerik izan ez dutelako.

Giro polita izan zen Iparralde pilotalekuko harmailetan egungo emakumezko pilotaririk onenen arteko demak ikusteko eta eguneko estelarrean, aspaldian elkarrekin jokatu gabeak izateko, Ibarrola-Osesek oso bikote indartsua osatu zuten eta ez zieten inolako aukerarik eman aurkariei. Gainera, atzelari bezala aritu zen Arrillagaren eskuek ere ez zuten behar bezala amaitu eta ezin izan zuten nahi bezala aurre egin partida borobila osatu duen pilotariei.

Txapelketaren presiorik gabe, lehen partidan aritu ziren Arrizabalaga-Berasaluze eta Aldai-Bergarak oso partida ikusgarri eta entretenigarria eskaini zuten eta garaipena gorrientzat izan zen 18-16ko emaitza estuarekin.

Urrezko Liga dagoeneko azken txanpan sartuta dago, bikote bakoitzari azken partida jokatzea geratzen zaio eta hurrengo geldialdia Etxebarrian izango da datorren asteburuan.