
Ibon Mendiak eta Tasio Martinek egonaldi luze-luzea egin dute Patagonian. Hilabete horietan egoera eta eskarmentu oso ezberdinak bizi izan dituzte. Batzuetan arrakasta izan dute eginiko irteeretan; besteak beste, bi bide berri sortu dituzte. Beste batzuetan, aldiz, aukeratutako leiho on txikiek atzera egitera behartu diete. Eguraldi gaiztoarengatik, El Chalteneko itxaronaldiak luzeak egin dira. Bederen, egoera horrek sozializatzeko aukera eman die. Patagonian pazientzia kudeatzea zaila izaten da, baina horrek ere euskal eskalatzaileoi jarrera eta erabaki egokiak hartzera lagundu die.
Euskal sokadak hori guztia eta gehiago bizi izan du, baina egonaldi luze horrek azken ezusteko bat «eskaini» zien. Cerro Chaltenen (Fitz Roy) eginiko ekinaldi «potente» baten amaieran, atseden hartzen ari zirela, espero ez zuten beste eskarmentu baten erdian egon ziren. Hots, erreskate batean. Eskarmentu hori, bederen, ondo atera zen. Hainbat eitetik begiratuta, bizipen horrek balio izan die egiten ari diren ibilbidea sendotzeko eta balio batzuk indartzeko.
Erreskate batean parte hartzea (laguntzea) norberaren hautua da. Ez dago inposaketarik. Batzuek den-dena alde batera utzi eta eskuarki arriskutsuak diren erreskateetan parte hartzen dute. Horretan komunitate lotura sendotzen da; baita elkartasuna eta enpatia ere. Eta hori Mendiari eta Martini gertatu zaie.
«Ia hildakotzat hartu ziren. Baina beste bi lagun igo eta dronearekin ikusi zuten bizirik zeudela».
Cerro Chalteneko ‘Supercanaleta’ bidetik igotzen ari ziren hiru txiletar egoera konprometituan murgilduta zeuden. Tontorrera jarraitu ordez, ‘frantziar-argentinar’ bidetik jaisten hasi ziren. Martinek adierazi digu, oso nekatuta zeudela eta laguntzeko abisua eman zutela: «El Chaltenen harrituta geratu ginen; normalena delako bere kabuz rappelatzea. Ez zeuden oso prestatuta. Biharamunean beste abisu bat eman zuten. Leiho ona amaitzen ari zen. Herrian geundenak mobilizatzen hasi ginen El Chalteneko Sorospen Batzordearen eskutik. Lau lagun bildu ginen, eta ‘Paso superior’-era igo ginen. Txiletarrak ez ziren mugitzen; gainera, ez genuen haiekin harremanetan jartzeko baliabiderik. Ia hildakotzat hartu ziren. Baina beste bi lagun igo eta dronearekin ikusi zuten bizirik zeudela. Lagun bat eta biok La Sillara igo ginen. Txiletarrak oso astiro rappelatzen ari ziren, baina leku horretan beraiekin bat egin genuen. Oso egoera txarrean zeuden. Glaziarrera jaisten lagundu genien; han beste talde bat itxaroten ari zen janariarekin, urarekin… Zorionez, den-dena ondo atera zen».
Irakaspena
El Chaltenera itzuli eta Martinek erreskate horretan izaniko bizipenen inguruan hausnartzeko beta izan zuen. Honako lehen ondorioa atera du: «Azpimarra egingo diot El Chalteneko komunitateak hartzen duen jarrerari. Laguntzeko mobilizatzen da; eta den-denak boluntarioak dira. Eskalatzaile askok planak eta helburuak alde batera uzten dituzte eta erreskate batean parte hartzera abiatzen dira. El Chaltenetik irteten zara hainbat egunetarako zer topatuko duzun jakin gabe. Gogoratu behar dut ingurumari hartan dauden muturreko baldintzengatik helikopteroek ez dutela ia irteerarik egiten. Sorospen Batzordearen lana ere ikaragarria da. Gehien mugitzen dena da, eta kontuan hartu behar da boluntarioak direla. Ordezkari horiek dira erreskatea koordinatzen dutenak eta ez da batere erraza izaten. Harro sentiarazten zaituen egoera bat bizitzen duzu».
«Badirudi familia baten kide bat zarela. Horrelako egoera bat bizitzea oso handia da. Erreskate batean gorabehera, tentsio eta emozio asko pilatzen dira»
Bestalde, Martinek gogorarazi nahi izan du erreskatean parte hartzen dutenen artean ezagunak eta ezezagunak daudela. Halere, den-denak bat egin eta saiatzen dira laguntza egokiena ematen. Hain justu, alpinista bizkaitarrak dio horrek komunitatea indartzen duela: «Funtzionatzen du; badirudi familia baten kide bat zarela. Horrelako egoera bat bizitzea oso handia da. Erreskate batean gorabehera, tentsio eta emozio asko pilatzen dira. Eta ondo amaitu dela ikusten duzunean, leherketa berezi bat bizitzen duzu. Han geunden guztiok, pozarren egoteaz gain, oihuka hasi ginen. Bazirudien amestutako tontorra baino gehiago erdietsi genuela».

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

Zestoa: El fiscal admite la sombra de violencia machista pero mantiene la petición de multas

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
