
«Ligaxka hau motza da eta ez dago maniobra askorako tartea. Galtzen hasten bazara, dena zailtzen zaizu». Hitz hauek Beñat Rezusta Aspeko atzelariarenak dira. Astearte honetan egin ditu, Iruñeko Labriten egindako material aukeraketan. Zorionez, berak eta bere bikote Joseba Ezkurdiak garaipenarekin hasi zuten finalerdietako ligaxka, baina hauen hurrengo aurkariek ere irabazi zuten lehen jardunaldian: Artola-Mariezkurrena II.a.
Hasierako ligaxkako bi bikoterik sendoenak edota erregularrenetarikoak izan zirela esan daiteke. Laso eta Iztueta ere hortxe aritu ziren, bigarren amaituta ligaxka, baina Artola-Mariezkurrena II.aren kasuan, lesioengatik aurrelariak zenbait partida galdu zituela gogoratu behar da.
Finalerdietako lehen partidan emaitza antzekoarekin irabazi zuten bi bikoteek: Baikokoek 22-14 irabazi zieten Laso-Iztuetari, eta Aspekoek, 22-16 Peña II.a-Albisuri. Beraz, larunbatean Labriten, irabazteaz gain, markagailua ere garrantzitsua izan liteke. Hori bai, bikote irabazleak pauso handi bat emango luke finalerako.
Hala ere, Mariezkurrena ez da fidatzen eta nahiz eta lehen puntua eskuratu, argi esan du «oraindik ez dagoela ezer eginda». Larunbateko neurketari begira, «aurrean izango dugun bikotea oso gogorra da, baina gu oso momentu onean gaude eta guda emango diegu», aitortu du.
Ezkurdia-Rezustari dagokienez, oso argi zuten zein material nahi eta behar zuten irabazi ahal izateko, eta biek onartu dute honakoa: «Lurrean txispa zuten eta frontisetik gutxi ateratzen diren pilotak nahi genituen».
Bestalde, lehen partida irabazi izanak «lasaitasuna» ematen diela onartu du Rezustak, «hirugarren partidara bizirik heltzea uzten baitizu», gehitu du Ezkurdiak.
Biek kointziditu dute Mariezkurrena II.aren lana goraipatzean. «Normalean beraiek izaten dira partida dominatzen dutenak. Jon asko jotzen ari da eta oso seguru dago. Artola oso ondo moldatzen da joko horretara eta, kolpeen poderioz, aurrelari aurkaria desaktibatzea lortzen dute eta 'bi baten' kontra jokatzen dute», adierazi du Rezustak.
Hala, honen aurrean, gakoa honakoa izan daiteke: «Mariezkurrena deseroso egoten ahaleginduko gara eta aurkariak kantxan mugitzen saiatu behar dugu».

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik
