NAIZ

1.000 graduatu elkartu dira EHUren Bilboko Enplegu Foroan

Euskal Herriko Unibertsitateak asteazken honetan Bilboko Bizkaia Aretoan egin duen Enplegu Foroan 93 konpainia eta erakundek parte hartu dute eta 1.000 graduatu bertaratu dura, 200 lan-eskaintza inguru ezagutzeko. Maiatzean Araban eta irailean Gipuzkoan egingo dira foroak.

Bizkaia Aretoan izan da asteazken honetan EHUren Enplegu Foroa.
Bizkaia Aretoan izan da asteazken honetan EHUren Enplegu Foroa. (UPV/EHU)

Bilboko Bizkaia Aretoan asteazken honetan izan den Euskal Herriko Unibertsitatearen Enplegu Forora 1.000 graduatuk eman dute izena eta 93 konpainia eta erakundek parte hartu dute, 200 lan-eskaintza ingururi buruzko informazioa emateko.

Joxerra Bengoetxea EHUko errektoreak inaugurazio ekitaldian azaldu duenez, «euskal ekonomiaren arlo guztietan ari dira UPV/EHUko graduatuen %92k eta masterdunen %95ek lana aurkitzen du hiru urteko epean».

Lanbidek egindako ikerketa horren arabera, unibertsitate honetako 2020ko promozioaren graduatuen %92 hiru urtera lanean zegoen, enplegu egokituaren tasa %89koa da eta 41 titulaziok %95 eta %100 arteko okupazioa dute eta enplegua lortzeko batez besteko denbora hiru hilabetekoa da.

Enplegu Foroari dagokionez, sei urtetan 3.115 lan-eskaintza egin dira, 1.245 enpresa eta erakunde gehitu dira lan-eskaintzetara, 6.000 ikasle eta titulatu berri inguruk parte hartu du eta lan-eskaintza guztiek unibertsitateko ikasketekin lotutako eginkizunak eta ardurak dituzte.

Bengoetxea errektoreak adierazi duenez, «gure ikasleak ondo prestatu dira gure enpresen ehunak eskatzen dituen profiletan aritzeko. Ingurumenarekiko errespetuan, jasangarritasuna eta iraunkortasuna helburu eta klima aldaketaren aurrean bizi dugun erronkei erantzuteko eta eskura ditugun teknologiak horretarako baliatzeko».

Hala ere, berarentzat garrantzisuena «pertsonen arteko hartu-emana eta zaintza» dira, «ekonomiak mugitzen baitu gure mundua, baina pertsonek eta gainerako bizidun guztiek osatzen dugu. Pertsona guztion jakintza eta ekarpenak balio erantsiak dira».