Brasilgo inauteriak: sanbaren distirak ezin du ezkutatu bereizkeriaren itzala
Brasilgo inauteriek esklaboekin iritsitako mitoak eta erritualak goraipatuko dituzte berriro ere, baina sinestedunek diskriminazio egoera gordinak pairatzen dituzte oraindik ere. Erresistitzeaz harro dira, halere.

Sanba eskola baten tailerrean, candomble erlijioaren aberastasun espirituala irudikatuko duen ikuskizuna prestatzen ari da Leandro Vieira zuzendari artistikoa.
Handik kilometro gutxira, Maracana auzoan, mãe Fernanda, umbanda erlijioko apaiza, negarrez ari da bere tenplu sakratua suntsituta aurkitu duelako: altzari hautsiak, irudi sakratuak profanatuta... Oxum maitasunaren jainkosaren hondakinen artean Biblia ere utzi diote.
Oxum eta beste jainko afrikarrak ohoratzen ari dira egunotan Sanbodromoan lehiatuko diren hamabi sanba eskolek. Mendeetan zehar, bost milioi esklabo Brasilera iritsi ziren, haiekin batera beren mitoak eta errituak eramanez.
Paradoxa bat nabarmentzen du Vieirak: «Brasilgo sanba desfileak balio kalkulaezineko ondare artistikoa dira, mundu osoan gure kulturaren ikur bezala saltzen dira, baina, hala ere, afrikar jatorriko erlijioak baztertzen dira».
Bereizkeria
Eguneroko errealitatea gordina da fededunentzat. «Jendeak inauteriak ospatzen ditu, festa ederra iruditzen zaie, baina guk aurreiritzi handiak jasaten ditugu», dio mae Fernanda Marques Franco dos Anjosek. Lanbidez abokatua da, eta umbanda erlijioko terreiro baten arduraduna.
Brasilen, erlijio-askatasunaren aurkako erasoak %81 hazi dira azken urtean, eta gehien kaltetutakoak umbanda eta candombleko fededunak izan dira. Sarritan, haien praktikak sorginkeriarekin edo satanismoarekin lotzen dituzte. Ondorioz, iseka, mehatxu, eraso fisiko edo tenpluen suntsiketa pairatzen dituzte fededunek, Erlijio Askatasunen Behatokiaren arabera.
Egoerak lan munduan ere eragina du. «Ezin duzu LinkedIn-en ‘macumbero’ (afrikar erlijioen fededunentzako termino iraingarria) izan, askotan horrek lana galtzea baitakar», azaldu du Isabella Menezes Antasek, Rio de Janeiroko Academia de Umbanda terreiroko arduradunak.
Arrazakeriaren eta estigmaren oinarria
«Indarkeria beti izan da afrikar jatorriko erlijioen aurkako arma», dio Christina Vital soziologoak. «Beren kultura eta artea balioesten da, baina horrek ez du arrazakeria eta intolerantzia errotik kentzen».
Maria Eduarda Oliveira 24 urteko ile-apaintzailea da eta eskolan mona macumbera deitzen zioten. «Kolpea izan zen, baina nire negritatea eta historia defendatzen hezia izan naizenez, aurrera jarraitzea lortu nuen», kontatzen du Ipanemako hondartzan Iemanja itsasoaren jainkosari eskaintza bat egiten dion bitartean.
Funk abeslari ospetsua den Anittak ere horren ondorioak jasan zituen: 300.000 jarraitzaile galdu zituen candomble fededuna dela erakustean.
Bizirik iraungo dugu
Ivanir dos Santos ikertzailearen arabera, afrikar jatorriko erlijioek jasaten duten jazarpena ez da kasualitatea: «Evangelikoen eta talde fundamentalisten hazkunde politikoak afrikar ondarea itotzea bilatu du».
Gaur egun, Kongresuan evangelikoen blokea da nagusi, eta haien jarraitzaileak herrialdeko biztanleriaren heren bat dira dagoeneko.
Brasilgo auzo pobreenetan, talde kriminalek afrobrasildar errituak debekatzen dituzte, eliza kristauen aldeko presioa eginez. Hori dela eta, Berdintasun Ministerioak Disque 100 izeneko salaketa-kanala sortu du, eta Anielle Franco ministroak babes- eta hezkuntza-politikak garatzen ari direla nabarmendu du: «Jendeak ulertu behar du guztiek dutela beren erlijioa gurtzeko eskubidea».
2010eko erroldaren arabera, 600.000 brasildarrek aitortzen dute afrikar jatorriko erlijioen fededun izatea.
Baina Ivanir dos Santosen hitzetan, kopurua baino garrantzitsuagoa da haien erresistentzia: «Gure arbasoek esklabotzari aurre egin zioten. Indarkeria guztiaren gainetik, bizirik jarraituko dugu».

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani
