Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Ezkurdia eta Rezustak urrats sendoa eman dute Binakako finalerako bidean

Ezkurdia eta Rezusta 22-18 gailendu dira Artola eta Mariezkurrenaren aurka, partida ikusgarrian. Lehen finalerdia irabazi zuten bi bikoteen lehia izan eta garaipena eskuratuta, ondo bidean jarri zaio finalerako txartela Aspeko bikoteari.

Ezkurdia tanto bat ospatzen, Artolaren saminduraren aurrean.
Ezkurdia tanto bat ospatzen, Artolaren saminduraren aurrean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Norberaren lana beteta, askoz hobeto ikusten dira gauzak. «Guk gurea egin dugu; ezin gara inoren zain egon»; baina, hala ere, bihar, igandea, telebistari begira egongo dira Ezkurdia eta Rezusta, ea Peña-Albisuren garaipen bat ikusi eta Binakako txapelketako finalera eramaten dituzten ospatzeko.

Finalerdietako lehendabiziko dema irabazitako bi bikoteek neurtu zituzten indarrak atzo Labriten –laster hasiko dira eraberritze lanak eta sei hilabetez itxita egongo da–. Ikuskizun fina eskaini dute Ezkurdia-Rezustak eta Artola-Mariezkurrenak, tanto oso lehiatuekin. Pilotakada askoko partida izan da (714 eman zituzten), baina ez edonola, intentzio osoz beti, oldarkor, aurkaria deseroso jartzeko asmo gaiztoz.

Bi aurrelariak oldarkor hasi dira (1-1), eta atzelariak, eusteko prest. Rezustak atzean sartu du Mariezkurrena eta Artolak, azkar egiteko presaz, lau pilotakada galdu, eta lehendabiziko tartea ireki dute gorriek (5-1). Alegiakoak, samina inteligentzia bilakatuta, bere akatsei buelta eman eta partida berriro ere estutzeko gaitasuna izan du. 5-6koa, aldiz, urdinak aurretik jarri ziren lehendabiziko eta azken aldia izan da. Paradoxa dirudi, oso partida estu eta gogorra jokatu baitute.

Ehun pilotakadatik gora eman dituzte 6-6koan, partidako hirugarren eta azken-aurreko berdinketan, bikote bakoitzak defentsatik kontraerasora jotzeko erakustaldi anitza eman duela.  Atzeko koadroetan Rezusta seguruago ikusi da, Mariezkurrenari erori egiten baitzitzaizkion pilota batzuk. Larri salbatu da zenbaitetan; bi tanto eragin ere egin ditu –Ezkurdiak huts egindakoak– baina, finean, eroritako horiek kalte gehiago ekarri die urdinei. 10-7 aurreratu dira gorriak eta lehendabiziko atsedenaldi luzera ere –5-1ekoan urdinek atsedena eskatu zuten– aurretik joan dira, abantaila koskorrarekin (12-8).

Tarte handiak

Deskantsatuta, bazirudien beste kolpe batekin itzuli direla Baikokoak (12-11 eta 14-12). Baina Mariezkurrenari kosta zaio Rezusta atzean sartu eta sufriaraztea. 14-12koa izan du Bergarakoak galdutako pilota bakanetakoa eta, oro har, seguruago aritu da.
Aurrean ere gantxoz eta errematez konfiantzaz zegoen Ezkurdiaren ezinbesteko laguntza izan du gipuzkoarrak –Arbizukoak erakustaldia eman du 18-12rako bidean–. Gogoz ospatu ditu tantoak nafarrak, garaipenaren garrantziaz ohartuta. Tarteka, gorriek tarteak ireki ahala, bazirudien urdinen erreakzioa apaltzen joango zela, baina hauek ere atera dute nortasuna ahal zuten lekutik, akidurak jota egon arren.

Ez da izan Iñaki Artolaren partidarik onena izan (zortzina egindako eta galdutako pilatu ditu), hein handi batean Ezkurdiak oin onak dituela erakutsi baitu. Defentsan oso ongi moldatu da, tantoak gogortu ahala sendo eta argi agertu baita. Exijentzia mentala ondo kudeatzeari ere eman dio berak garrantzia.

Bukaera estua

Hala ere, hainbesteko nekeak ere zaildu die partida lehenago ixtea. Alde horretatik, pena apur bat azaleratu du Rezustak; izan ere, 21-14 irabazten joanda, urdinak 21-18raino hurbildu dira eta Artola eta Mariezkurrenak txapelketa hasieran ongi erakutsi zuten zertarako gai diren halako kasuetan.

Baikokoen beste akats batekin erori da garaipena Aspekoen alde. Bikote ezberdinekin, baina Binakakoa bi aldiz irabazitakoak dira Ezkurdia eta Rezusta. Beste final batera iristear dauden honetan –Peña-Albisuk gaur irabaziz gero, final handian leudeke–, elkarrekin hirugarren txapela jantzi nahiko dute. Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrenak hurrengo asteko partida irabazi beharko dute.

FITXA TEKNIKOA

EZKURDIA-REZUSTA 22

ARTOLA-MARIEZKURRENA 18

Partidaren iraupena: 76:05 minutu. Pilotakada kopurua: 714 pilotakada. Egindakoak: 6 egindako Ezkurdiak eta 3 Rezustak; 8 egindako Artolak eta 2 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 26 galdutako Ezkurdiak eta 2 Rezustak; 8 galdutako Artolak eta 2 5 Mariezkurrenak. Markagailua: 1-0, 1-1, 5-1, 5-5, 5-6, 6-6, 7-6, 7-7, 8-7, 10-7, 10-8, 11-8, 12-8, 12-9, 12-11, 13-11, 14-11, 14-12, 15-12, 18-12, 18-13, 18-14, 19-14, 21-14, 21-15- 21-18, 22-18. Gertaerak: Binakako txapelketako finalerdietako ligaxka, bigarren jardunaldia, Labriten jokatuta, harmailak goraino beteta. Lehen sakea, gorri.