NAIZ

Hegoaldeko Tren Saihesbidearen aurka mobilizatuko dira ostiralean Barakaldon

Ostiral honetan, martxoaren 14an, «marea berdearekin bat egitera» deitu dute Barakaldon, Hegoaldeko Tren Saihesbidearen mobilizazioarekin bat. Talde ekologistek eta bizilagunek egin dute protestarako deia, azken urteetako bideari jarraipena emanez.

Hegoaldeko Tren Saihesbidearen aurkako protesta, Gorostizan.
Hegoaldeko Tren Saihesbidearen aurkako protesta, Gorostizan. (Oskar Matxin | FOKU)

Barakaldo Naturala taldea, Eguzki, Ekologistak Martxan eta Gorostizako Pulmon Verde bizilagunen elkarteak manifestazioa deitu dute ostiral honetarako, martxoaren 14rako, Barakaldon, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen aurka. Manifestazioa Gorostizatik abiatuko da 19:00etan, eta hainbat auzo zeharkatu ostean, 20:30ak aldera Herriko Plazan amaituko da.

Nahiz eta proiektu hori judizializatuta dagoen eta onartutako informazio-azterlanaren eta haren trazaduraren aurka Auzitegi Nazionalean bi errekurtso jarri diren, deialdia egin duten elkarteek dei egin diete guztiei «astakeria horren eta erakundeen arduragabekeria horren aurka agertzeko, berriro ere gure ingurune naturalari eraso bortitza egitea ahalbidetzen baitute, herritarren interesak ez direnak asetzeko».

Deitzaileek gogorarazi dutenez, manifestazio hori ez da azpiegitura horren eta haren trazaduraren aurkako lehenengo protesta: «Barakaldoko landa-eremuan eta eremu naturalean, eta bereziki Gorostiza eta Kastrexana auzoetan, ingurumenean, gizartean eta paisaian izango dituzten eragin larriengatik»; izan ere, herritarrak 2018an eta iazko ekainean manifestatu ziren.

Gainera, nabarmendu dutenez, «2018an proiektua errefusatzeko 6.000 sinadura bildu ziren, 2019an ia 3.000 alegazio aurkeztu ziren, eta iaz 8.000 sinadura inguru entregatu ziren». Era berean, elkarteek bi mozio aurkeztu dizkiote udalbatzari, Tokiko Gobernuari eskatzeko «Barakaldo defendatzeko», eta salatzeko «Lakua eta Estatu espainola tematuta daudela balio ekologiko handiko bailara bat txikitzen, eraginkortasun bereko beste aukera batzuk daudenean, onura handiagokoak eta natura-ingurunea txikitu gabe».

«Oraingo honetan, gure birikaren kolore berdeaz gain, musikaz eta alaitasunez beteko ditugu kaleak. Mehatxua sentitzen dugu, baina ez dugu amore ematen. Borrokan jarraitzen dugu Barakaldo eta bere ingurune naturala defendatzen», esan dute deitzaileek, herritarrak Gorostizatik edo Errekaortu, Azkue, BEC, Bide Onera, Anaiaren Parkea, Autonomia, Arrandi, Nafarroa, Elkano eta Herriko Plazatik igaroko den ibilbidean «marea berdearekin bat egitera» gonbidatzeko.