NAIZ

EAJ, PSE eta PPk errefusatu dute nazismoaren biktimak omentzeko EH Bilduk aurkeztutako ekimena

EAJ, PSE eta PPk errefusatu egin dute frankismotik ihes egin ostean kontzentrazio-esparruetatik igaro ziren 14 biktima arabarrak omentzea eskatzen zuen EH Bilduren mozioa.

Eva Lopez de Arroyabe eta Xabier Valdor, EH Bilduko batzarkideak.
Eva Lopez de Arroyabe eta Xabier Valdor, EH Bilduko batzarkideak. (Raul BOGAJO | FOKU)

EAJ, PSE eta PPk atzera bota dute gaur EH Bildu Araba batzarkide taldearen mozio bat, Arabako foru Aldundiari eskatzen ziona frankismotik erbesteratu behar izan ondoren nazien kontzentrazio-esparruetan preso egon ziren arabarrak aitortzeko.

EH Bilduk ohar batean azaldu duenez, nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako arabarren memoria aitortzeko, omentzeko eta zabaltzeko ekimen bat aurkeztu zuen Arabako Batzar Nagusietan eta orain arte identifikatu diren 14 arabarren jatorrizko sei udalerrietan.

Ekimenean datorren maiatzaren 6aren inguruan omenaldi ekitaldi bat egitea aurreikusten zen, kontzentrazio esparruetara deportatutako azken euskal taldea askatu zuteneko 80. urteurrenarekin bat eginez.

«Aipagarria da mozio hori bera onartu zela Kanpezun, EAJren aldeko botoekin, eta Bastidan, aldiz, EH Bilduren ekimenean oinarritutako oso antzeko adierazpena onartu zen», gaineratu du EH Bilduk, gaur bertan Oienen ere mozioa eztabaidatuko dutela nabarmenduz.

Gogora Institutuak 2020an eskatutako txosten baten arabera, biktima horietako sei Gasteizko bizilagunak ziren, bi Bastidakoak eta gainerakoak Lantaron, Guardia, Kanpezu eta Oiongoak. «Baina txosten ofizialak herren geratzen dira eta oraindik ez dute informazio guztia eguneratuta».

Orain, 80 urte geroago, EH Bilduk pertsona horiei guztiei omenaldia egitea, artxiboak eguneratzea eta pertsona horien memoria ezagutarazteko material didaktikoa egitea proposatu du, baina EAJk, PSEk eta PPk atzera bota dute aurrera atera ez den ekimena.

Horren ordez, EAJ, PSE, PP eta Elkarrekin Arabak onartu dute EAJ eta PSEk aurkeztutako zuzenketa. Bertan «sendo eta irmo» gaitzesten dituzte nazismoak egindako krimenak eta ankerkeriak, eta «era berean» gaitzesten dituzte «historia hurbilean printzipio demokratikoak eta gure gizarteko bizikidetza baketsua urratu dituzten indarkeria-adierazpen guztiak».