
Asteazken honetan Baionan bildu dira euskalgintzako eragile nagusietako eta zenbait herri mugimendutako nahiz sindikatutako ordezkariak, baita Euskal Herriko hainbat norbanako esanguratsu eta ezagun ere. Auzitegietan euskararentzat eta euskaldunontzat justizia aldarrikatzeko eta atzerapausorik ez dutela onartuko errateko elkartu dira; are gehiago, elkar hartuta, aurrera egiteko prest daudela adierazteko. Hasiera batean agerraldia Justizia Jauregiaren aurrean egitekoak ziren, baina euriagatik Trinketera aldatu dute.
Iazko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara, Euskal Herrian Euskaraz eragileko bi kide Baionako Justizia Jauregiko teilatura igo eta sarrerako horman, tinduz, ‘Justizia Euskararentzat’ idatzi zuten. Salatu zuten, «frantziar eta espainiar konstituzioen baitan, euskaldunontzat ez dagoela justiziarik; hain justu, gure eskubideak behin eta berriz zapalduz, euskaraz bizitzea ukatzen digutela».
Era berean, Euskal Herrian Euskarazek argi duen baieztapena jarri zuten berriro ere mahai gainean: «Egoera hau iraultzeko ezinbesteko dugu independentzia, Euskararen Errepublika».
Elkartasuna adieraztetik harago
Desobedientzia ekintza hori gauzatu zuten bi kideek apirilaren 11n, ostiralez, epaituko dituzte. Hala, epaiketa aurreko igandean, apirilaren 6an, Baionako kaleak hartzeko deia egin dute; bi auziperatuenganako «elkartasuna adieraztetik harago, euskararentzat eta euskaldunontzat benetako justizia aldarrikatzeko». Alegia, Euskal Herri osoan euskara ofizial izan dadila aldarrikatzeko; hezkuntza euskalduna aldarrikatzeko; euskaraz epaituak izateko eskubidea aldarrikatzeko; euskalgintzara dirulaguntza publiko gehiago bideratzea aldarrikatzeko... Finean, «euskaraz eroso eta aske bizitzeko eskubidea» eskatuko dute.
Uste dute une erabakiorra dela egungoa. «Euskalgintzaren Kontseiluak ohartarazi bezala, larrialdi egoeran gaude eta indar ugari ditugu kontrara. Hasteko, oldarraldi judizial, politiko eta mediatiko bortitz bat, urteetako borrokari esker lortutako eskubideetan atzerapausoak eragin nahian. Hori guztia, oldarraldi orokorrago baten baitan ari da gertatzen; hain justu, jarrera faxisten eta eskuin muturrekoen gorakadaren testuinguruan».
Horren adibide da, orain egun gutxi, Tolosan, Renfe enpresako segurtasun agente batek EHEko kide bati egindako «eraso euskarafoboa». Bestetik, «gero eta mundu globalizatuagoan bizi gara, non, merkatu logika kapitalista nahiz kontsumista nagusitzen den eta homogeneizazio prozesuak ikaragarri bizkortu diren; zuzenean, hizkuntza gutxiagotu oro kaltetuz».
Neurriko erantzunen premia
Alarmak jo dituzte, egoera bideratzeko neurriko erantzunak behar direlako; «norbanakook eta eragileok ez ezik, instituzioek eman beharrekoak». «Euskara lehen lerrora ekarri behar dugu eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde lanean dihardugunontzat tresna ezinbesteko bilakatu. Maila guztietan, ardurak hartzeko eta exijitzeko unea da», aldarrikatu dute.
Lapurdiko hiriburuan bildu diren eragile eta norbanako guztiek dihardute beren egunerokoan, eta beren esparrutik, euskararen aldeko lanean. «Amesten dugun Euskal Herri euskaldun hori eraikitzen jarraituko dugu, eta argi izan dezatela, euskaldunon aurkako eraso bakoitzaren aurrean, herri oso bat izango dutela parez pare». Horregatik, apirilaren 6an, euskaltzaleei dei egin diete Baionako kaleak betetzera eta euskarak hain beharrezko duen olatu berria indartzera.
Eragileak, batuta
Honakoak izan dira Baionako Trinquet Modernen egindako agerraldian batu direnak: Euskalgintzaren Kontseilua, Konfederazioa, AEK, Seaska, Ikastolak, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Seaska, Bertsularien Lagunak, IKA, UEMA, Plazara, Bilgune Feminista, Steilas, LAB, ELA, EH Bai, Elkar eta Jardun.
Horrez gain, norbanako esanguratsu batzuk ere izan dira: Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika, Kike Amonarriz, Maddi Ane Txoperena, Jakes Bortairu, Sagrario Aleman eta Edurne Alegria.

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción

