NAIZ

Juan Luis Agirre Letek askatasuna berreskuratu du, 28 urte preso izan eta gero

Juan Luis Agirre Lete astigartarra aske geratu da asteazken honetan. 28 urte eman ditu preso eta zigorra osorik agortu du.

Juan Luis Agirre Lete, bere amarekin, aske geratu ondoren.
Juan Luis Agirre Lete, bere amarekin, aske geratu ondoren. (ETXERAT)

Juan Luis Agirre Lete espetxetik atera da gaur, 28 urte preso eman ondoren, zigorra osorik agortuta. Zaballako kartzelan zegoen 61 urteko astigartarra. Ordu bata eta erdiak jota berreskuratu du askatasuna, Etxeratek jakinarazi duenez. Han zituen zain bere ama, beste senide eta lagunak.

1996an espetxeratu zuten Agirre Lete. 2013an Auzitegi Nazioanal espainiarra haren kartzelaldia luzatzen saiatu zen, legeak ezartzen zituen onura zenbait ezabatuz. Egun Barne ministro espainola den Fernando Grande-Marlaska zen erabaki hori hartu zuen tribunalaren buru. Espetxealdia 2033ra arte luzatu behar zela erabaki zuen auzitegi bereziak, hasieran ezarrita zuena baino zortzi urte gehiago.

Agirre Letek erabaki honen kontrako helegitea aurkeztu zuen eta 2016an Auzitegi Nazionala bera bere alde azaldu zen, eta espetxealdia 2025ean amaitu behar zela ebatzi zuen. Hori da asteazken honetan bete duen zigorra, 28 urtekoa. 36 urte preso egotea zen Auzitegi Nazionalaren hasierako helburua.

1995ean onartu zen Kode Penala erabili nahi izan zuten horretarako, nahiz eta Agirre Leteri leporatzen zizkioten ekintzak urte hori baino aurrekoagoak izan. Ondorioz, 1973ko Kode Penala izan behar zen epaitzeko erabili behar zen araua.

Estrasburgoko Epaitegiak euskal preso politikoen espetxealdiak luzatzeko erabiltzen zuen «Parot doktrina» delakoaren kontra harturiko erabakia baino 19 egun lehenago hartu zuen Auzitegi Nazionalak Agirre Leteren zigorra luzatzeko erabakia. Zuerako espetxean zen orduan. 60 presori zigorrak luzatu zizkieten arau harengatik.