Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Musika elektronikoa euskal eszenan, pixkanaka zabaltzen ari den gotor kutxa

Nazioarteko Dantz Network musika elektronikoaren inguruko kongresua ospatzen ari da Donostian ostegun honetan, eta bihar arte luzatuko da jardunaldia. ‘Euskal Herriko elektronika eszena’ hitzaldian izan dira Ibai Fernandez eta Eneritz Furyak artistak, Iker Barbara kazetariaren esanetara.

Barbara, Furyak eta Fernandez, ostegun honetako itzaldian.
Barbara, Furyak eta Fernandez, ostegun honetako itzaldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskal Herriak ba al du bere ‘Tresor’ propioa? Berlinen dagoen musika elektronikoaren gaueko klub ospetsua da Tresor, zaleetan zaleenak biltzen dituena, pentsa, alemaniarraz «kutxa gotor» esan nahi du. Aurreiritziz betetako musika generoa da, eta horregatik Dantz Network nazioarteko lehen kongresuak, protagonistei berei eman nahi izan die ahotsa. Horregatik, Donostiako Kursaalean Ibai Fernandez ‘Kapitaina’ eta Eneritz Furyak musikariak izan dira protagonistak ‘Euskal Herriko Elektronika eszena’ hitzaldian. Beraien ibilbidea kontatu dute, Euskal Herriko bilakaeraren eta egungo eszenaren inguruan hainbat hausnarketa partekatzearekin batera.

Orain dela  23 urte abiatu zuen Fernandezek elektronikan bidea, Furyak lehenago musikaren munduan bazebilen ere, duela zortzi urte kaleratu zuen estreinako diskoa; bi belaunaldi eta hamaika ikuspuntu beraz elkarrizketan.

Bere hastapenetatik gaur egungo proposamen artistikora ibilbidea luzea egin du Fernandezek, eta esanguratsua izen aldaketa ere, egun ‘Kapitaina’ bezala autoizendatzen da, bere itsasoko ofizioari keinu eginez. Gaur gaurkoz bigarren planoan du jendaurrean «pintxatzearena», bere musika nahasketak bideoz grabatu eta leku berezien bideoekin tartekatzen ditu gehiago, egun bere lekua «modu horretako bideogintzan» dagola aitortu du. «Lau bat kamara eta drona eraman ohi ditut gainean eta gustatzen zait lekuak ikertu, egun batzuk bertako naturan pasa eta ondoren nire sesioak ere grabatu eta guztia nahastea», azaldu du. Nazioarteko zein Euskal Herriko txoko ezberdinetan grabatu ditu bideoak, oihartzun handia izan dute besteak beste Lukrazia baleontzian, Lemoizeko zentral nuklearrean edota Igeldoko Satrustegi dorrean grabatutakoek. Estiloari dagokionez, «Deephause minimalistaren bueltan» dabilela deskribatzen du artistak, «jendeak dantzatzeko modukoa: Electroclass, Deephouse, Tekno…», zehaztu du.

Hirugarren bakarkako diskoa argitaratu zuen urrian Furyakek, ‘hhh’. Eta horrekin batera ‘Bi arnas’ film dokumentalaren soinu banda egiteaz ere arduratu zen, eta zazpi egoitza artistiko egin ditu nazioartean, «epe luzeko proiektu batean» lanerako. Zuzeneko kontzertuekin dabil, batzuetan nahi baino gutxiago, baina egungo musika industria salatzeko baliatu du: «Azken diskoa ez da borobila, baina landuagoa izan da, eta publiko zabalgo batentzat, baina bat-batean urrian atera eta martxoan jada zaharra da, eta ez naiz ari jotzen… ba jan ere egin behar dut».

Ibilbide paraleloak

Elektronikaren munduan nola sartu ziren galdetuta, Furyakek aitortu du beti egon dela musikarekin lotuta eta «aurreiritzietatik nahiko urrun, ez dut sekula jo genero bat bere modurik ortodoxoenean». Elektroakustikatik esperimentuak egiteko grina sortu eta hortik oso modu naturalean hurbildu zela elektronikara esan du, «gauza erabat zoroak egiteko aukera» ematen ziolako. Orain egiten duena ez da «genero hiperkonbentzional bat» bere esanetan, hainbat elementu nahasten dituelako, kutsu zinematografikoa emanez bere ustez.  Garrantzia berezia ematen die egonaldi artistikoei, izan ere, bidean ohartu da musikaz ikastea dela gehien gustatzen zaiona: «Musikaren industria deituriko hamsterraren gurpiletik ateratzea beste gauza batzuk sortzeko. Espazioa eta denbora hartzea gauzak beste modu batera egiteko, landa grabaketetatik edota ahots esperimentuetatik abiatuta».

Bartzelonan bizitako lagun batzuen bidez iritsi zen Fernandez musika elektronikora, «duela 23 bat urte erakutsi zidaten elektromusika», aipatu du eta Dj lanetan nola hasi zen kontatu: «CDak pasatzen zizkidaten, eta CDko kantu guztiak ez nituen gustuko, orduan nire CDak egiteko aukera ikusi nuen, gustatzen zitzaizkidan kantuekin, eta ondorenera pintxatzeko aukera suertatu zitzaidan».

Diskoteketatik gaztetxeetara

Fernandezek gogoratzen du musika jartzen hasi zenean «errepideko diskotekak» irekita zeudela, bertan biltzen zela jende gehien, baina aniztasun gehiago entzuteko Iruñera joan ohi zirela, bertako klub txikietan topatzen zutela gustuko musika. Diskotekak itxita, klubek indarra hartu zutela azaldu du, eta ondorenean herrietako festetan kontzertuak zeuden oholtzetan Djak jartzen hasi zirela, eta egun Euskal Herriko hainbat tabernak ere elektronika mantentzeko apustua egin dutela. Espazioari ere garrantzia eman dio: «Elektronika kalera eraman da, lehen leku itxietan zegoen diskoteketan edota klubetan, orain herrietako plazetan ere dantzatu daiteke».

Hala ere, bere hastapenetan aurreiritzi asko zeudela gaineratu du: «Mugimendu abertzalean elektronika oso gaizki ikusita zegoen, droga sintetikoen eraginagatik edo izan daiteke, bana pixkanaka hasi zen Euskal Herrian ere zabaltzen, eta elektronika gaztetxeetan sartzea adibidez aurrera pausu handia izan zen, egun, berriz, jada edonor joan daiteke diskotekara».

Furyak gaztetxeen amuari heldu eta kontatu du nola edozein larunbatetan Irungo Lakaxita gaztetxera joan eta badagoela bera baino gazteagoa den belaunaldi bat elektronika entzuten «eta ez da parranda bakarrik, lanketa musikal bat dago», azaldu du. Fernandezek gehitu dio kosta zela gaztetxeetan musika estilo hori sartzea baina, «jendeak burua zabaldu» duela eta orain baduela lekua.

Prekarizazioa

Lan moldeez, baliabideez eta profesioalizazioaz galdetuta, bizkor erantzun du Furyak, «profesionalizazioa ez, prekarizazioa esango nuke nik». Musika «lehentasun» bezala bizi du berak, eta gutxiagorekin bizitzen ikasi behar izan duela musika lehenesteko aitortu du, «kudeagarria izan daiteke, baina bidegarria ez oso». Izan ere, «boloen kultura» oso prekarioa dela azaldu du, sortu egin behar da, ondoren kontzertuak eman, baina gehiago sortzeko denbora hartu behar da berriro, eta aldi berean, gehiegi gelditzen bazara jendea zutaz ahazteko arriskua… Musika industriaren «munstroa» deitu dio berak zurrunbiloari. Eta gainera, jende guztiak bere bizitzaren erdigunean musika ezin duela jarri esan du, eta ondorioz, jendarte zaurgarriena apustu hori egitetik kanpo geratzen dela.

Fernandezek, aldiz, «denbora pasa edo hobby» gisa ikusi du beti musikagintza, eta hala ere, denborarekin «gau giroaz aspertzen» joan zela nabarmendu. Izan ere, gau osoa lanean pasatzea gaizki ordainduta dagoela gaineratu du, nekea pilatzen dela, jet lag-a areagotu… eta horregatik pasa zela bera bideoen proiektua.

«Elektronika ere esango nuke gizartearen isla bat dela», bota du Furyakek emakumeen presentziaren inguruan galdetuta, eta ez dela salbuespena berretsi du: «Rockean ere asko ibilia naiz, eta hor ere zakurraren putza!». Ohartarazi du geroz eta emakume gehiago ateratzen direla plazara, «naturala ere iruditzen zait, dantzatzea ez zait iruditzen oso maskulinizatutako jarduna denik». Eta «guztion onerako» espazio seguruak eraikitzen jarraitzeko deia egin du, «ez da lan erraza, baina erronka polita da».

Aspalditik dago abiatua musika elektronikoaren bidea Euskal Herrian, identifikatuta daude erronka eta ortzi-muga batzuk, hautsi dira hainbat aurreiritzi, eta arakatu bidezidorrak; nonbait egongo da kutxa gotor hori.