Errastiko Eskola, landa eta elikagaiak umetatik maitatzen
Ostiral honetan banatu dituzte Landaola Sariak. Erakunde pribatuen atalean, Errastiko Eskola izan da irabazlea, hiru gunetan garatzen den hezkuntza proiektua: Bedoñako okindegian eta baserrian, bisita gidatuekin; eskoletan, diziplina anitzeko unitate didaktikoekin; eta elikaguneetan, tailerrekin.

Ze goxoak dauden txapata eta gailetak, txokolatezkoak eta pistatxozkoak. Jaki bat zuk zeuk edo maite duzun norbaitek egina denean bertze balio bat hartzen du. Bertako eta kalitatezko produktuekin eta eskuz, artisauaren mimoz, egindako janariak elikatu eta osasuna ematen digu. Hala bukatu da Errastiko Eskolako gure bisita, ogia eta gozoak janez, bihotza eta sabela ongi betez.
Unibertsitateko ibilbidean beti ondoan izan nuen laguna da Naiara Uriarte, lagunmina, eta bera elkarrizketatzea erraza eta gozagarria da. Giza Zientziak-Komunikazioa egin genuen elkarrekin, eta geroztik makrobiotika, hezkuntza, okintza eta gozogintza ikasi ditu, bertze gauza batzuen artean; ikasi eta praktikara eraman. Orain, zatikatuak zituen bere alderdi horiek guztiak bildu ditu Errastiko Eskola hezkuntza proiektuan.
Landaola Sarien zortzigarren edizioko sari banaketa ekitaldia izan da ostiral goiz honetan, Zumarragako Azokan. Eta han izan da aretxabaletarra, Xabi Abasolorekin batera. Bikotea dira eta biek osatzen dute Errastiko Eskola. Deba Garaia Landa Garapen elkartearen hautagaiak ziren, erakunde pribatuaren sarirako, eta irabazle izan dira. «Sekulako poza da. Egindako lana baloratzea sari handia da. Negarrez hasi nintzen hautagaiak ginela abisatu zigutenean, emozionatuta. Nire bizitzan egin dudan dena biltzen duen proiektua da», adierazi du Uriartek.
Bedoña
Errastiko Eskola Arrasateko Bedoña auzoan dago. Lehen sektorea eta landa ingurunea ezagutarazteko eta sustatzeko xedea duen proiektu pedagogikoa da. Ikasleek jasangarritasuna eta bioaniztasuna lantzen dituzte modu praktikoan.
Hiru jarduera nagusi eskaintzen ditu: Bisita gidatuak, non ikasleek okintza, baratzea eta natura esperimentatzen duten; diziplina anitzeko unitate didaktikoak, baserria, Bedoña eta okintza jorratzeko; eta bertako zein sasoiko produktuekin egindako sukaldaritza tailer osasuntsuak. Errastiko Ogia da beren jarduera nagusia eta hori da proiektuaren ardatza.
Ederra da Errastiko baserria eta landa inguru guztia. Kurtzebarri mendia ikusten da baratzetik eta Udalaitz kotxe parkinetik. Hiru txakurrek egin digute harrera; Beltz, Roki eta Troi dira, jolastiak eta gozoak. Lagun izan ditugu denbora osoan. Osaba Jon ere hemen dabil, traktorean egurra garraiatzen. Berak zaintzen du nagusiki ortu zabala. Eguzkia dugu, eta paseo bat emanez ari gara solasean, bisita gidatuetan egiten duten bezala.
Jaioberria da Errastiko Eskola; irailean sortu zen. Orduan hasi ziren haurren bisitekin ere. Jolasak egiten dituzte barazkiekin eta okindegiko gauzekin: bikote jokoak, giza gorputza bere organoekin muntatzea eta bertze. Okindegian ogia egiten dute eta baratzea urtaroaren arabera nola dagoen ikusten dute. Maiatza-ekainean dena beteta egoten da; orain, ordea, ez dago barazki aunitz: apioa, baratxuri freskoa, eskarola, kale... Negukoak dira, hosto indartsukoak. Porruak eta erremolatxak ere badira.
«Gibela eta besikula indartzeko eta garbitzeko, justu sasoi honetan daudelako aktiboen, zer barazki behar ditugun erakusten dugu. Barazki berdeak hazten dira orain eta horiek dira egokienak»
Barazkiek sailkapen bat dutela azaltzen die Uriartek ikasleei: «Sustraikoak lurrari lotuta daude eta energia oso indartsua dute, lurraren indarrarekin egiten direlako. Adibidez, erremolatxa. Baina erremolatxak beste parte bat ere badauka, hosto berdea, eta hori zeruko energiarekin lotzen da. Orduan, gorputzean lortu nahi duzunaren arabera gauza bat edo bestea hauta dezakezu».
«Barazki biribilak ere badauzkagu. Aza halakoa da, lurraren gainean egiten da. Azaren orria ere jan egiten da, hosto berdea da, garbitzeko. Brokolia berdea da, goranzko energia».
Negutegia ere erakusten die. Datozen ume ugarik ez dute sekula baratze bat ukitu eta esperientzia zoragarria da haientzat eskuak lurrean sartzea.
Unitate didaktikoak
Baina Errastiko Eskola unitate didaktiko batzuekin sortu zen bereziki, okintza, baratzea eta elikadura uztartuz. Bertako elikagaiak bultzatzea da asmoa, eta osasunerako elikadura zeinen garrantzitsua den azaltzea.
Unitate didaktikoek Errastiko Etxaldea izena dute. Landa eremua, lehen sektorea (haiek egiten dutena, okintza) eta baratzeak eskaintzen duena batzen dituzte. «Baratzea osasuna da, eta umeei erakutsi nahi diegu barazkiek zer indar eta energia duten eta gure gorputzeko organoei nola eragiten dieten. Zeintzuk diren hobeak sasoi batean eta zeintzuk beste batean. Urtaroen arabera barazki eta fruta ezberdinak ditugu eta hori ere azaltzen diegu. Horrekin batera, Ekialdeko medikuntzan urtaro bakoitzarekin organo jakin batzuk lotzen dira. Adibidez, orain, udaberria datorrela, gibela eta besikula indartzeko eta garbitzeko, justu sasoi honetan daudelako aktiboen, zer barazki behar ditugun erakusten dugu. Lurrak ematen dizkigu: barazki berdeak hazten dira orain eta horiek dira egokienak», agertu du.
Unitate didaktikoak diziplina anitzekoak dira: matematika, euskara, gizarte eta natura batzen dira. Gizarten landa eremua lantzen da Bedoña non dagoen azalduz, zenbat biztanle dituen, zenbat baserri dauden, zein ustiapen mota egiten den bakoitzean... Matematikako ariketa batzuk ere badira sukaldaritza tailerretan: nola moztu azenario bat, edo nola egin errezeta bat. Naturren, garai bakoitzari zein organo eta zein barazki dagokion aipatzen dute, eta sasoiko produktuak zeintzuk diren ere bai; ez bakarrik barazkiak, lekaleak eta zerealak ere bai. Emozioak behatzen dituzte, eta organoak nola indartu ikasten dute.
«Hezkuntza sisteman ez dauden ikasketa hauek garrantzitsuak dira bizitzarako. Elikadura ez da azpimarratzen, eta kozinatzea ikasgai bat izan beharko litzateke, hor dagoelako osasuna»
«Nire esperientziatik, lehen sektorean lan egitea zer den esplikatzen dut, zer egiten dugun. Oso garrantzitsua da umeei adieraztea zer elikadura mota nahi dugun izan eta zer daukagun bertakoa. Eurak horretaz jabetzea eta ikustea lehen sektorea polita dela. Sektorea indartzea da xedea, eta ikustea lehen agian bai zirela ikasketa gabekoak baina gaur egun denok ditugula ikasketak; bat azafata izan daiteke eta bestea ingeniaria», kontatu du.
Lehen Hezkuntzarako unitate didaktikoak osatu ditu. Hiru dira: LH1 eta 2; LH3 eta 4; eta LH5 eta 6. Idatzi ere egin behar dute eta euskara ere lantzen dute hor.
Karapaixo Azoka
Naiara Uriarte hezkuntzan irakasle ibilia da, eta makrobiotikako elikadura kontsulta eta tailerrak ere eman izan ditu. Ume eta gaztetxoekin aritzeak asebetetzen du. «Hezkuntza sisteman ez dauden ikasketa hauek garrantzitsuak dira bizitzarako», aldarrikatu du. «Elikadura ez da azpimarratzen, eta kozinatzea ikasgai bat izan beharko litzateke, hor dagoelako osasuna».
Proiektua erantzun ona izaten ari da, eta erakundeek ere erreparatu diote. Erran bezala, gaur izan Landaola Sarien ekitaldia, eta saria eraman dute etxera; bihar, berriz, urteko azokarik garrantzitsuenean, Karapaixo Azokan, izanen dira. Karapaixoa Debagoieneko sasoiko produktu bat da, eta indartzeko feria berezi bat egiten da Arrasaten.
«Karapaixoa garizuma garaian aita edo ama puntakoek besoetakoei oparitzea gure arbasoengandik jasotako ohitura da. Arrautzez eta txorizoz beteriko hiruki formako opila da. Emankortasuna eta aberastasuna adierazten du. Deba Goienan karapaixoa deitzen diogu, baina beste herri batzuetan beste izen batzuk ditu: mokotza, arrautzaopila, morrokotea, paskopila, morrodua…».
Ohiturari eusten badiote ere, aukera beganoa (datilekin eta sagarrarekin) eta gozoa (txokolatearekin) ere eskaintzen dute.
Okindegian
«Unax, gertu zaude? Karakol bat egin behar duzu, edo zer egin behar duzu?». Xabi Abasolo hagitz goiz jaikitzen da (goizeko hiruretan) eta siestatik ernatu dugu. Pozik hartu gaitu halere, eta ogia egiten hasi da, lau urteko bisitariari aulkitxo bat, orea eta paleta luzatzearekin batera. «Zuk egin ogia, gero labean sartuko dugu, e?». Haurraren ilusioa: «Bai!». Eta okinak: «Oso ondo egiten duzu!».
«Ogiaren sekretua lehengaia eta denbora dira. Ama orearekin egiten ditugu, gau osoan poliki-poliki hartzitzen dira; hala, ogiaren digestioa, zaporea eta iraupena hobetzen da»
Xabiri txikitatik datorkio zaletasuna. Amonaren argazkia marko batean jarria du obradorean. Egunero egiten zuen ogia amonak eta bilobak hari begira ikasi zuen. Haren labearekin hasi ziren Naiara eta biak 2018an, Errastiko Ogia sortu zutenean, eta egurrezko labe artisau birakaria dute egun. Bertan Xabik orotariko ogi motak egiten ditu, eta Naiarak gozogintza naturala, zaporetsua eta elikatzen duena.
Ogiaren sekretua lehengaia eta denbora direla azaldu du okinak: «Ama orearekin egiten ditugu, gau osoan poliki-poliki hartzitzen dira; hala, ogiaren digestioa, zaporea eta iraupena hobetzen da».
Ze ona eta lasaigarria den umeentzat orea esperimentatzea, eta ze goxoak ogia eta gailetak, norberak eginak eta Bedoñako landa usainez, eskuz eta maitasunez hornituak. Milesker eta bide on, bikote!

«El premio es para la familia de José Miguel, nosotros solo mostramos lo que ha hecho»

NAIZek esklusiban aurreratu zuen Hatortxu Rocken ‘Bi t'erdi’ bideoklipa sarean da jada

Jo eta fuego lanean Berriozarren Topagunea prestatzeko

«Pantierno», «castellano», «adaburu xarra»... así se insultaba en la Nafarroa del XVI y XVII
