
Oporretara joaten garenean, batzuetan posible da txakurra gurekin eramatea, baina beste batzuetan ez -urrutira bagoaz, animaliarentzat estresagarria bada edo etxe edo ostatuak animaliak onartzen ez baditu-, eta horretarako Euskal Herrian baditugu txakurrak, katuak edo bestelako maskotak zaintzen dituzten ostatuak. Beraiek guk bezain ongi zaintzeaz arduratzen dira, kanpoan gauden bitartean pozik eta ondo egon daitezen.
Horiez gain, ordea, bada egungo bizimoduarekin bat egiten duen beste zerbitzu bat, agian txakur-jabeen artean hain ezaguna ez dena. Txakur-zaindegiez ari gara; alegia, lanean ari garen bitartean txakurrak zaintzen dituzten espazioez. Katuak lasai gelditzen dira etxean eta nahiago izaten dute bakean uztea. Txakurrei, aldiz, antsietatea sortzen zaie etxetik ateratzen garenean, ez garela itzuliko uste baitute, nahiz eta egunero lanera joan eta itzultzen garen.
Batzuek segurtasun kamerak jartzen dituzte etxean txakurra ondo dagoela ziurtatzeko, baina animalia batzuentzat hori ez da nahikoa. Hala, txakur-zaindegiek aukera ematen dute txakurra zaindua egoteko gu lanean gauden bitartean.
Adituen arabera, txakur-zaindegi hauek badituzte zenbait abantaila. Batetik, beste txakurrekin sozializatzen dute. Tamaina, arraza eta adin desberdinetako txakurrak elkartzen dira espazio kontrolatu batean, eta elkarren artean komunikatzen ikasten dute.
Ariketa fisikoa ere egiten dute, jolasean edo paseoak ematen. Antsietatea murrizten zaie ez daudelako bakarrik, eta edozein arazo dutela ere, beti dago profesional bat haiei begira.
Bestalde, errutina bat sortzen zaie, jabeak lanean ez daudenean jarraitu ahal dutena, eta horrela txakurrek egunero berdina egiten dute, haientzat ez baita existitzen astebururik. Adituen arabera, horrek guztiak ondorio positiboak ditu ondoren etxean izango duten jarreran.
Hala ere, txakurren jabeek euren maskotak zaindegi batera eramateko arrazoi nagusia lasaitasuna da. Ez dute kezkatu beharrik txakurrari zerbait gertatu ote zaion.
2024ko abenduan Donostian lehen txakur-zaindegia zabaldu zuten Iñigo de Andres eta Amaia Beracierto hezitzaileek, Igaran. Bertako industrialdean enpresa ugari daude eta langileek zuzenean uzten dituzte bertan txakurrak lanera sartu aurretik, eta ateratzean jaso. «Proiektua txakurrei diegun maitasunagatik jaio zen, eta animalien ongizatearen alde egiteko asmoz. Lehen nuen lanarekin nire txakurra ordu asko gelditu behar izaten zen etxean bakarrik», aipatu du De Andresek.
Donostiatik zein Gipuzkoako zenbait tokitatik eramaten dizkiote txakurrak. «Bezero zoragarriak ditut. Nabari da euren txakurren ongizateaz asko kezkatzen direla. Sentsibilitate handia dute eta animaliekiko kontzientziadunak dira», esan du bere bezeroen profilaz. Txakurrei dagokienez, denetik dute. «Tamainak berdin du. Gerta daiteke txikiak saltoka aritzea, eta handiak oso lasaiak izatea eta alfonbra bat bezala egotea», esan du barrez.
Espazioa lasaia da, txakurrak ez urduritzeko. Kalera ematen duen leihoan binilo bat jarrita dute, argitasuna sartzeko baina txakurrek kanpokoa ez ikusteko. Musika ere jartzen diete, zaratekin ez aztoratzeko.
Dogetxean ordu gutxi batzuez edo egun osoan geldi daitezke, aukeratutako tarifaren arabera. Egunean bi paseo- txanda egiten dituzte, goizez eta arratsaldez, eta banaka zein binaka ateratzen dituzte. Barruan denek batera jolasten dute espresuki prestatu duten espazio batean. Hiru esparrutan banatuta dago: jolasei eskainitakoa, atseden hartzeko lekua, eta txakur txikien eta lasaien zona. 25 txakur izateko baimena badute ere, 8-12 egoten dira aldi berean.
Janariari dagokionez, normalean ez dute bertan jaten, baina posible da haiek elikatzea, jabeak hala eskatzen badie. «Txakurraren ohituren arabera izaten da. Normalean, goizean eta gauean jaten dute, etxean. Baina gaztetxoek hiru aldiz jan behar badute, guk ematen diegu otordu bat, jabeek ekarritako janaria edo hemen duguna», kontatu du.
Plan desberdinak dituztenez, hilabeteko planaren barruan bi astean behin bainua ematen diete txakurrei. «Ileapaindegi zerbitzua ere eskaintzen dugu, baina aparte doa -esan du hezitzaileak-. Zerbitzu hori erabili ahal izateko ez dute zertan zaindegiko bezeroak izan; edonork ekar dezake bere txakurra».

¿Chocolate caliente o frío? Factores clave para entender la volatilidad del precio del cacao

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat
