NAIZ

Innpalako jokalariek ostiraleko grebari eusten diote, jabe berriekin akordiorik ez dutelako

Palistak ordezkatzen dituen ELA sindikatuaren arabera, «pilotariek greba egingo dute Ibai Perez eta Iker Gordon lankideen kaleratzeen ondoren». Ostiralean 19.00etan konzentrazioa egingo dute Mungiako frontoian, nahiz eta beste hitzordu bat egin duten asteartean Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan.

Ibai Perez da Innpala enpresako jabe berriek kaleratzea pensatzen duten bi pilotarietako bat.
Ibai Perez da Innpala enpresako jabe berriek kaleratzea pensatzen duten bi pilotarietako bat. (Oskar Matxin EDESA | FOKU)

Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan bilera izan dute Innpala enpresako pilotari profesionalek eta enpresako jabe berriek. Bilera horrek ez duenez fruiturik eman, palista profesionalek ostiral honetarako greba deialdia eustea erabaki dute eta, jakina, asteburu honetan ez da Urrezko Pala Pro txapelketako jaialdirik izango. Horren ordez, Mungiako frontoiaren aurrean dagoen Matxin enparantzan 19.00etan konzentrazioa egingo dute bederatzi palistek. Bertan Innpalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren «utzikeria» nabarmenduko dute.

Hain zuzen, pilotariak ordezkatzen duen ELA sindikatuak oharra atera du bileraren ostean akordio falta eta honen zergatiak aipatuz. «Martxoaren 21ean Innpala enpresako pilotariek greba egingo dute enpresaren eta Aldundiaren utzikeriaren aurrean, bi lankideren kaleratzeen aurrean. Bilera saiakera askoren ondoren, Ibai Perez eta Iker Gordon palisten kaleratzeen ondoren iritsi da greba. Ez Innpalak, ez Aldundiak, zerbitzuaren azken arduradunek, ez dute inolako konponbiderik eman», adierazi du sindikatuak bilera ostean.

Josu Urkijo intendenteak eta Dan Necol palistak, Innpala enpresaren ardura hartu berri duten bi pertsonek, alegia, ez ei diete «ezer berririk» eskaini pilotariei; are, ELA sindikatua «kanpoan» lagatzeko eskatu omen diete palistei «elkarrekiko konfiantza» keinu gisa. Eskaera horri ezetz esan diete pilotariek eta, bada, ostiraleko greba deialdia aurrera eramatea deliberatu dute.

Duela astebete, pasa den den ostiralean, hain zuzen, iragarri zuten Innpalan grebara joko zutela Dan Necol ez beste palista guztiek. Agerraldi horretan, palistek, besteak beste bi eskakizun nagusi egin zituzten: batetik, lan hitzarmen berria negoziatzea; eta, bestetik, lizitazio berri bat egon arte pilotaririk ez kaleratzea, eta indarrean dauden kontratu guztiak berritzea.

Zentzu horretan, Ibai Perezen kontratua martxoaren 30ean amaitzekoa da, eta Innpalak iragarri zuen ez zuela bizkaitarrari kontratua berritzeko asmorik. Era berean, Iker Gordoni apirilaren 1ean bukatuko zaio kontratua, eta Esteban Gaubekari, berriz, kontratua apirilaren erdialdean amaitu behar zaio ere.

Ostegun honetan akordiorik izan ez bada ere, antza denez asteartean beste hitzordu bat izango dute, berriz ere Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan, egera desblokeatzeko intentzioz.