NAIZ

Familia medikuen formazioa hiru urtera murriztea eskatu dio Lakuak Osasun Ministerioari

Lakuako Osasun sailburuak, Alberto Martinezek, familia medikuen prestakuntza hiru urtera mugatzea galdegin dio Osasun Ministerio espainiarrari. Azaldu duenez, Osakidetzan dagoen mediku faltaren «arazo larriaren» aurrean profesionalak «lehenbailehen eskuragarri izatea» da proposamen honen asmoa.

Alberto Martinez Lakuako Osasun sailburua eta Imanol Pradales lehendakaria, osasun profesionalekin batera, Bilboko Santa Marina Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitate berriaren inaugurazioan.
Alberto Martinez Lakuako Osasun sailburua eta Imanol Pradales lehendakaria, osasun profesionalekin batera, Bilboko Santa Marina Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitate berriaren inaugurazioan. (IREKIA)

Osakidetzan dagoen mediku faltaren «arazo larria» arindu nahian, familia medikuen formazioa hiru urtera murriztea planteatu dio Alberto Martinez Lakuako Osasun sailburuak Osasun Ministerio espainiarrari. Bilboko Santa Marina Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitate berria inauguratu aurretik egin ditu adierazpenok Martinezek.

Azpimarratu du «profesionalen gabezia, bereziki sendagileena, arazo larria, ia kritikoa» dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gehiago ere bai: «Osakidetzako arazo nagusia» dela esan du.

Arazo hau, gaineratu duenez, «ondoez handia eragiten ari da herritarren artean, ez duelako ulertzen zergatik den zaila Ataunerako edo Laudiorako familia mediku bat topatzea, haurren psikiatra bat Bidasorako edota pediatra bat Gasteizerako. Ulertzen dugu eta gurea egiten dugu ezinegon hori, egoera kritikoa dela uste baitugu. Erabakiak hartzera behartzen gaitu», baieztatu du.

Ildo horretan, Osasun Sailak bere egunean medikuen erretiro boluntarioa 72 urtera arte atzeratzea proposatu zuen. Horrez gain, familia medikuaren MIRa hurrengo bost urteetan hiru urtera mugatzea planteatu du orain. Gero, profesional horiek lau edo bost urtetan formazio urte bat errekuperatzea da ideia.

Azaldu duenez, horrela profesional horiek modu boluntarioan espezialista titulua lortzen ahalko dute, eta bost urteren buruan, urte bat gehiago izaten ahalko dute formatzeko edo berriro eguneratzeko.

Erantzunik ez

«Mediku falta nagusiki Osasun Ministerioaren eskumena» dela oroitarazi du Lakuako Osasun sailburuak. Joan den martxoaren 6an Osasun ministroarekin, Monica Garciarekin, bildu zirela kontatu du. Bertan aukera ezberdinak jarri zituzten mahai gainean arazo honi heltzeko. Ministerioak, ordea, ez zien «inongo proposamenik» egin, «ez zuen inolako ideiarik eman arazoa konpontzeko».

Salatu duenez, momentuz ez dute egindako proposamenen «inongo erantzunik jaso» eta «etsigarria» egiten zaie hori, baita iragan ostiralean Auzitegi Gorenak emandako epaia ere. Atzerrian lortutako unibertsitate tituluen homologazioa bertan behera utzi zuen epaileak.

Martinezek kritikatu duenez, atzerrian lortutako unibertsitate tituluen homologazioa ezabatu izanak «are gehiago zailtzen du erabakiak hartzeko aukera. Ez dute egiten, eta ez digute egiten uzten», gaitzetsi du.

Sektoreko mahaia eta EEPa

Edonola ere, Osasun Sailaren helburua «ahal duen neurrian erabakiak hartzen segitzea» dela ziurtatu du. Aste honetan sektoreko mahaia elkartuko da betetzeko zailak diren plazen deialdia adosteko. Iragarri duenez, apirilean egiten saiatuko dira.

Orduan dute 11.000 plaza esleitzeko asmoa ere, «zein leku gelditzen diren hutsik ikusteko eta Enplegu Eskaintza Publikoaren (EEP) bidez bete daitezkeen aztertzeko. Egoera konplexua da, baina lehenbailehen hartu behar ditugu erabakiak, arazoak handituko direlako», adierazi du.