NAIZ

‘Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu’ manifestazioa deitu dute martxoaren 30erako Gasteizen

Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu Plataformak manifestazioa deitu du martxoaren 30erako Gasteizen, aztarnategian egiten ari diren «sarraskia» salatu eta auzia «behin betiko argitzeko» eskatzeko. Manifestazioa 12.00etan abiatuko da, Foru Aldundiko Plazatik.

Iruña-Veleiako zirku erromatarra.
Iruña-Veleiako zirku erromatarra. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

‘Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu’ lemapean, manifestazioa deitu du izen bereko plataformak martxoaren 30erako, Gasteizen. Ohar bidez azaldu dutenez, aztarnategian burutzen ari diren «sarraskia» salatu eta auzia «behin betiko argitzeko» eskatuko da 12.00etan Foru Aldundiko Plazatik abiatuko den manifestazioan. Aztarnategiaren azken albistea iazko udan iritsi zen, zirko erromatarraren aurkikuntzaren berri eman zenean.

«2009an Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk zuzentzen zuten Lurmen arkeologia taldea modu bidegabean bota zutenetik, hainbat aldiz sartu dute hondeamakina aztarnategian, hondoko harria jo arte», azaldu dute plataformatik, eta zenbait adibide ere eman dituzte: «2010ean EHUko Julio Nuñezek zuzentzen zuen taldeak 7.000 m²ko eremu bat suntsitu zuen harresi kanpoaldean, eta 2016an euskarazko grafito asko agertutako 6. sektorea hondatu zuen. 2023tik gaur arte, Qark enpresa sekulako sarraskia egiten ari da aztarnategiko leku ezberdinetan. Hau guztia, jakina, Arabako Foru Aldundiaren babesaz eta bedeinkapenaz».

Zehaztu dutenez, hiru kasu horietan salaketak jarri dituzte epaitegiaren aurrean, «txikizioaren» bideoez eta argazkiez lagunduta, «baina erantzuna beti berdina izan da: zuzen jardun dute arkeologoek», deitoratu dute.

«Hainbat aldiz eman zaie honen guztiaren berri agintariei, parlamentariei, arkeologoei, kazetariei, hau da, gizarte honetan erabakimena eta influentzia duten guztiei, baina orain arte ezentzun eta ezikusi egin dute beti. Manifestazioak, sinadura-bilketak, biltzarrak, liburuak, hitzaldiak, bisita gidatuak…, denetik egin da egoera gizarteratzeko, eta egiten jarraitu beharko bada bidegabekeria sinestezin hau luzatu ez dadin», nabarmendu dute.

Gauzak hala, Iruña-Veleiako grafitoak benetakoak diren ala ez argitzeko froga gehiago egin daitezela eskatu dute. «Oso erraza da eztabaidatutako grafitoak benetakoak diren ala ez jakitea. Aski litzateke laborategi espezializatuetara piezen lagin bat bidaltzea. Arabako Foru Aldundiak behin eta berriz uko egin dio Lurmenek eta argitzearen aldeko taldeek egindako eskariari. Zerbaitegatik izango da», iritzi dute.

Nabarmentzekoa da 2020an egin zen epaiketaren ostean Eliseo Gil zigortu zutela frogak faltsutu zituela frogatutzat emanda.

Esandako guztia salatu eta auzia «behin betiko argitzea» eskatzeko, manifestazioa egingo da Gasteizen, martxoaren 30an, eguerdiko 12etan, Foru Aldundiko Plazan hasita. «Han ikusiko dugu elkar. Lortuko dugu denon artean», amaitu dute.