
«Best sellerrak euskaraz eduki nahi ditugu», aldarrikatu du Uxue Razquin Ereineko editoreak. Argitaletxeak apustu hori egin du, eta ‘Paziente isila’ izan da zerrendako lehena, Alex Michaelides idazleak sortua eta Fernando Rey Escalera itzultzaileak euskaratua. Hainbat elementu erakargarri ikusi dizkiote. Hasteko, generoari erreparatu diote: thriller psikologikoa da, eta badu tragedia grekotik ere, Agatha Christieren nobelen estilotik.
Alicia Berenson arrakasta handiko margolariak bere senarrari bost tiro jo zizkion, eta mutu dago harrezkeroztik. Sei urteren buruan, Theo Faber psikoterapeuta Londres iparraldeko The Grove zentro psikiatrikoan hasiko da lanean, Berensoni lagundu nahian, eta ohartuko da uste baino askoz gehiago dagoela gordea isiltasun horretan.
Idazleak informazioaren dosifikazioa oso ongi egiten duela baloratu du Razquinek: «Jakin du zer kontatu eta zer ez, garrantzitsuak dira isiltasunak».
Irakurlea adi, asmatu nahian
Liburuak lortzen duen beste efektu bat orrialdea pasatzearena da; irakurleak bukatu nahi du, zer gertatzen ari den jakin. Itzultzaileak adierazi duenez, «oso ongi egituratua dago eta ederki sortutako suspentsea du oinarrian». Irakurlea aktibo jartzen du testuak, asmatu eta ikertu nahian.
Mamiari dagokionez, eromena eta psikiatrikoak agertzen dira. Idazlea giza psikologian murgiltzen da erabat, eta hamaika leiho irekitzen ditu. Reyren kasuan, honakoak izan dira: «Isiltasunaren esanahia eta indarra, oihua ere badelako askotan, batzuetan biktimaren eta sufrimenduaren adierazpiderik indartsuena; haurtzaroaren garrantzia eta ze ezinbestekoa den maitatua sentitzea maitatu ahal izateko; eta osasun mentalaren atentzioa nola dagoen antolatua».
Burura etorri zaio ere zein lausoa den osasunaren eta gaixotasun mentalaren arteko muga.
«Denok dugu harrikada bat, batzuei gehiago sumatzen zaie, baina izan denok dugu. Niri gogoeta piztu dit nolakoak diren zentro psikiatrikoak, terapiak, horien etika».
Atal laburrak eta bi plano
Estiloari buruz, kapitulu laburrak direla kontatu du itzultzaileak, amua jartzen dutenak. Bi plano daude: narratzailearen haria, psikoterapeutarena, eta tarteka Alicia Berenson gaixoaren barne egunkaria. «Horrek ere efektu polita egiten du, bilbea oso ongi egina du autoreak».
Elkarrizketa eta deskripzioak «oso sinesgarriak» iruditu zaizkio Fernando Reyri, eta estiloa, argia eta zuzena. «Oso ongi deskribatuak daude espazioak, pertsonen psikologiak, begiradak, tentsio uneak. Psikoterapeutaren eta Aliciaren arteko interakzioa ere bai».
Itzulpen sisteman indar premia
Itzulpena gustura egin du berak eta espero du emaitzan sumatzea. «Jatorrizko nobela 2019an argitaratu zen eta euskarara 2025ean ailegatu zaigu. Tira, ez dago gaizki, baina egia da jende askok jada irakurria duela. Berandu ailegatzen gara batzuetan. Itzulpen sisteman indar pixka bat egin beharko litzateke hizkuntza ahul, minorizatu honi laguntzeko. Eskertzekoa da Ereinen ahalegina. Best seller oso on bat da», egin du aldarria iruindarrak.
Eleberri luzexka da, eta zailtasuna tonuarekin asmatzea eta euskara egokian ematea izan da. «Ahaleginak egin ditut irakurlea istorioan sartzeko, bere buruari galdetu gabe itzulpena denik ere. Beti bezala, laguntza izan dut, Xabier Olarrarena kasu honetan, dudak argitzeko. Horrek produktua hobetzen du. Bakarka egiten den talde lana da itzultzailearena», definitu du.
Desio batekin amaitu du: «Jende askok esan dit asko disfrutatu duela liburuarekin, espero dut irakurle euskaldunak ere berdin sentitzea».

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

