NAIZ

Arrizabalaga-Bergarak eta Arraiza-Gamindek finalerako lehen kontaktua egin dute Madalensoron

Binakako Txapelketa luze honetako lau finalistak asteazken honetan bildu dira Oiartzungo pilotalekuan, igande eguerdiko finalari begira sentsazioak zeintzuk diren azaltzeko.

Emakumeen esku pilotan lanik gehien eskatu duten txapelak egongo dira jokoan igande eguerdi honetan Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan. Abenduan hasi zen inoizko txapelketarik luzeenari ere heldu zaio txapelak banatzeko eguna eta elite mailan Arrizabalaga-Bergara eta Arraiza-Gaminde izan dira lau hilabeteko jardunari erarik onenean amaitzeko aukera izango duten bikoteak.

Lau protagonistak asteazken honetan izan dira Madalensoro pilotalekuan materiala aukeratzen eta igandeko finala aurkezten. Lau protagonistak bat etorri dira faborito garbirik gabeko partida bat aurreikusterakoan. «Nik txapela nahiko irekia ikusten dut, bi bikoteak momentu onean heltzen gara, bakoitzak bere finalerdia ondo irabazita baina finala beste kontu bat da. Momentuko tentsioak eta urduritasunek eragin handia izango dute, horregatik nik uste dut partida gogortu ahal dela. Alde fisikoak ere eragin handia izan dezakee, partida gogortzen bada, ea ze bikotek eusten dion hobeto eta espero lauron aldetik mailarik onena ematea eta final polit ba izatea», aipatu du, lauretan esperientziarik gehien batzen duen Olatz Arrizabalagak.

Gizonezkoetan Jose Javier Zabaletak bere seigarren txapela lortzerik izan ez duenez –momentuz Irujo, Retegi II.a eta Maiz II.arekin bost garaipenetan berdinduta jarraitzen du–, Olatz Arrizabalaga bera izan daiteke esku pilotaren historian Binakako sei txapel eskura ditzakeen lehen pilotaria.

Horretarako, ordea, ez du lan errazik izango, parean izango dituzten Arraiza-Gamindek erakutsia baitute edozeini irabazteko gai direla. 2022an, Olatz Arrizabalagak eta Enara Gamindek elkarrekin jantzi zuten, Irunen, Binakako txapela eta aurten, handik kilometro gutxira, Oiartzunen, euren palmaresa handitzen jarraitu nahi dute, bakoitza bere esparruan, erreferente bilakatu ostean.

Aurrelariarentzat seigarren txapela litzatekeen bitartean, Laukizko atzelariak bigarren txapela luke. Baina elitean erabat sendotutako pilotari hauez gain, pozgarriena atzetik pilotari gazte ederrak datozela ikustea da eta hala, Arrate Bergarak eta Miriam Arraizak euren lehen txapela eskuratu ahal izango dute, jokatuko duten lehen finalean.

Gaminderen iritziz, «txapelketa hasieratik, niretzat behintzat, txapela etxera eroateko bikote faboritoenetako bat izango dugu aurrean. Azkenean Olatz modalitate honetan txapelik gehien duen pilotaria da eta badakigu zelako maila duen. Gainera, Arraterekin bikote oso konpletoa osatzen dute eta horregatik oso zaila izango da finala irabaztea. Baina bai Miriamek eta bai nik, uste dut txapelketa polita egin dugula, konpletoa, nahiko maila ona emanda eta bikote moduan ere ondo ulertzen dugu elkar eta gure maila ematea lortzen badugu, nik uste aukerak ditugula txapela etxera eroateko. Eguna heltzeko eta gozatzeko gogo handiarekin gaude», azaldu du.

«Atzean kargatu»

Partidaren nondik norakoen inguruan galdetuta, Arrate Bergara nahiko argi azaldu da: «Txapela etxera eramaten badugu, ez dut uste partida erraz baten ondoren izango denik. Gallartan jokatu genuen Urrezko Ligaxkako partidan 22-19 irabazi genuen, baina partida oso gogorra eta luzea izan zen. Nik uste euren jokoa atzean kargatzea izango dela, orduan fisikoki ondo egon beharko naiz hor atzean eusteko, batez ere hasieran. Karga horri ondo eutsi beharko diot eta aukera dudanean zuloak ireki, Olatzek aurrean bukatu ahal izateko. Azkenean, nik uste dut guretzat garrantzitsua dela aurkariak mugitzea ze Enarari eta Miriami pilotak aukeran utzita, biek kolpe handia dute eta asko zigortuko naute. Ea Olatzek bere erritmoa jartzerik duen».

Aurtengoa inoizko Binakako Txapelketa Nagusirik luzeena izan da, hasierako ligaxkari Urrezko Liga berritzaile batek jarraitu baitzion, Laudioko Aretako finalerdiei bide emateko. «Gogoarekin hartzen dut igandeko finala, azkenean txapelketa luzea izan da eta, lau hilabete hauek eta gero, txapela etxera eramatea oso polita izango litzateke, baina gure aurkariak oso indartsuak dira eta partida nahiko borrokatua izango dela uste dut. Arrate eta Olatzek oso bikote sendoa osatzen dute eta Olatzek dagoeneko bost txapel baditu eta seigarrenaren bila joango da gainera. Baina Enarak eta biok erakutsi dugu gure maila txapelketan zehar eta nik uste igandeko finalean ere emango dugula», azaldu du Miriam Arraiza donostiarrak.