NAIZ

Astero 48 orduko atsedena errespetatzera behartu du epai batek FCC, LABen salaketaren ondoren

LABek bi epaiketa irabazi dizkio FCCri, garbiketa enpresa behartzen dutenak astero 48 orduko atsedena errespetatzera txanda aldaketarik gabe. LABek irmoki salatu du «langileen zati batek pairatzen duen diskriminazio egoera».

FCC enpresako zabor-kamioi bat.
FCC enpresako zabor-kamioi bat. (LAB)

LAB sindikatuak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Iruñean, sindikatuak epaitegietan FCC garbiketa enpresaren kontra lorturiko garaipenaren berri emateko. Azaldu duenez, bi epairi kasu eginez, multinazionalak astero 48 orduko atsedena errespetatu beharko du hemendik aurrera Nafarroan.

FCC Medio Ambiente enpresak langileen oinarrizko eskubideak «sistematikoki urratzen» dituela salatu du LABek, «bai kale garbiketan, bai Iruñeko eta Iruñerriko zabor bilketan, baita Nafarroan esleituta dituen gainontzeko kontratetan ere».

Konkretuki, LABek epaitegietara jo zuen FCCk langile baten asteko 48 orduko atsedenerako eskubidea errespeta zezan. LABek irabazi zuen epaiketa hura, eta FCCk errespetatu egin behar izan zuen atsedenaldi hura, baina hori egiteko «langilearen lan baldintzak aldatu zituela» salatu zuen sindikatuak. Beraz, epaitegietara jo zuen berriz, eta berriz ere irabazi du. «Hori dela eta, FCCk atsedena errespetatu beharko du, langile horren txandak aldatu gabe», azaldu du LABek.

«FCC enpresak jaso duen astindu judiziala nabarmena da, eta, zalantzarik gabe, asteko 48 orduko atsedena errespetatzera behartzen du, igandeetan ere atseden hori errespetatuz eta funtsezko aldaketarik egin gabe, hala nola txanda-aldaketak. Hala ere, FCC arauak ez betetzeaz gain, galtzaile txarra ere bada, eta ez ditu epaiak betetzen eta kale-garbiketako langile guztiei aplikatzen», ohartarazi du.

Era berean, LABek Iruñeko Udalari zein Iruñerriko Mankomunitateari exijitu die kontratazio agiriak betearaz ditzatela, eta enpresa esleipendunei langileen oinarrizko eskubideak errespetaraz diezazkietela.

Zentzu horretan, LABek dagoeneko jakinarazi dio Iruñeko Udalari «FCCk udalarekin sinatuta duen kontratuaren lan-eskubideen arloko ez-betetzeen berri, enpresa zigor oso larriengatik zigortzeko beharrezko izapideak has ditzan, eta esleipen berrian arreta berezia jar dezan, kontratua adjudikatzen zaion enpresak orain urratutako eskubideak errespeta ditzan».