Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Caleb Ewan «Tasmaniako deabruaren» abiaduraz nagusitu da Lodosako esprintean

Alboko haizerik gabe, Euskaltel-Euskadiko Xabier Isasa Lodosako atarian harrapatu arte ihesaldi batek gidatu du Itzuliko bigarren etapa. Azken metroetan, aldiz, Ineoseko Caleb Ewan australiarra nagusitu da. Ez da lider aldaketarik, baina asteazkenean Zarauztik Beasainera bitartean bada aukerarik.

Caleb Ewan, jaun eta jabe Lodosako esprintean.
Caleb Ewan, jaun eta jabe Lodosako esprintean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

World Tourrean 2022az geroztik garaipenik lortu ezinik zen Caleb Ewan Ineos taldeko txirrindulari tasmaniarra. Joan zen astean Coppi-Bartali astean esprintean nagusi izan zen australiarra eta astearte honetan, «Tasmaniako deabrua» bailitzan, airean eraman ditu Lodosan amaitu den esprinteko arerio guztiak, eta erraz asko nagusitu da.

Etapako protagonistetako bat izan da Ewan, baina bestea Euskaltel-Euskadiko Xabier Isasa urretxuarra izan da. Iruñetik Lodosara bitartean egin dituzten 186 kilometroak –laburtu egin dute ibilbidea azkenean, La Olivako mendate jaitsiera arriskutsu irudituta, San Martin Unxeko mendatea igo dute txirrindulariek eta orotara 13 kilometro gutxiago egin dituzte Lodosara bidean– ia hasi eta buka alde eginda pasa ditu honek. Ez da bakarrik joan gipuzkoarra, Kern Pharmako Diego Uriarte Barañaingo semea eta Caja Ruraleko Julen Arriolabengoa, Eskoriatzakoaz gain, Burgos taldeko Sinuhe Fernandez asturiarra eta Tobias Bayer Alpecin-Deceuninck taldeko austriarra lagun izan ditu.

Ia hasi eta buka hanka eginda ibili dira bost txirrindulariak, baina jakinean beren ahaleginak ez zuela arrakastarik izango. Alabaina, batetik Diego Urartek mendiko sailkapeneko maillota sendotu du eta, bestetik, Xabier Isasak azken kilometroetan, tropela gainean izanda ere, sekulako hordagoa jo du, eta Lodosako ateetan harrapatu dute azkenean, helmugarako bi kilometro falta zirela.

Tropelak beti izan ditu iheslariak kontrolpean eta hainbeste kezka sortzen zuen alboko haizerik gabe, Itzuliko faborito nagusiek jardunaldi lasaia bizi ahal izan dute. Nolanahi, Isasaren ihesaldi ahaleginak tropela dexente tenkatu du eta horren ondorioz eroriko bate re gertatu da. Tartean Visma taldeko Campenaerts ere lurrera joan da eta Maximilian Schachmann liderrak ere tropelarekin kontaktua galdu du, nahiz eta azkenean taldekideek berriz ere «artalderatu» duten, eta lidergoari arazorik gabe eutsi ahal izan dio, ondorioz.

Haizerik gabe, eroso

«Eskerrak ez duen alboko haizerik jo. Halakoetan nahiko gaizki moldatzen naiz, baina zorionez eguraldi bikaina izan dugu eta haizerik gabe, etapa erraz eraman ahal izan dugu. Gero, azken metroetaraino ederki eraman naute taldekideek eta azken zuzengunean erasoa jota, irabazi ahal izan dut», adierazi du Lodosako helmugan Caleb Ewanek.

Esprinta irabazteko faboritoak beldurra bazion Nafarroako Erriberan sarritan jotzen duen haizeari, zer esan sailkapen nagusiari begira parte hartzen ari direnei buruz! Horien guztien zorionerako, zeruan lainorik ez eta haizea ia badenik ere arrastorik ez. Ihesean tematu den boskotearen atzetik katua eta saguaren moduko lasterketa egin ahal izan du talde nagusiak, bestelako buruko minik hartu beharrik gabe.

Etapari begira, izan ere, Euskal Herriko Itzulira etorri diren esprinter apurren morroiek lana beltz egin behar izan dute etapak aurrera egin ahala. Boskoteak azken kilometro horietan ez du pare bat minututik gorako alderik, eta aurrekoen artean Arriolabengoa izan da amore ematen aurrenekoa. Ondorioz, 18 kilometroren faltan tropelak gordinik irentsi du Eskoriatzako mutila.

Alabaina, beste lau iheslariek ez dute beren patua hain erraz onartu eta tropelari berotu handiagoa eragin diote. Egia da tropeleko txirrindulariak zentzu batean jostari ibili direla, orain esprinterren taldeak elkar zaintzen, orain erritmoa sakatzen minutu erdiaren inguruan gotortu den ihesaldia behin betiko zapuzteko lanetan.

Xabier Isasak bost kilometroren faltan lagunak atzean uzteko ahalegina egin du, eta bakarrik egin du alde Urretxuko txirrindulariak, atzetik Sinuhe Fernandez segitu ezinik geratu dela, Diego Uriarte eta Tobias Bayerrek hanka altxa duten bitartean.

Gipuzkoarraren azken ahaleginak, espero bezala, ez du saririk izan, baina tropelaren esfortzuan erorikoa ere gertatu da, tartean Vismako Campenaerts; erori ez bada, ere Maximilian Schachmannek ere tartea galdu du.

Bi kilometroren faltan jan du tropel nagusiak Xabier Isasa, halakoren baten esprinta jokatzeko lanerako, Ineos taldeko Caleb Ewan erreferentzia nagusi gisa hartuta.

Kide bakarra izan du esprinta bideratzeko «Tasmaniako deabruak», baina Ewan ederki moldatu da azken zuzengunera ongi kokatuta iristeko, neurri baten Intermarche taldeko kideek esprinta kontrolpean eramateko egindako ahaleginari esker. Euskaltel-Euskadiko Jon Aberasturi ere esprintaren jokoan sartu da, baina ezin Sidneyko morroiari jarraitu, azken esprintean nahi bezala nagusi izan baita Lodosako helmugan.

Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, haizeak bakea eman dielarik txirrindulariei. Asteazkenekoa beste kontu bar izango dela dirudi: Zarautzen hasi eta Beasainen helmuga: 156,6 kilometroko ibilbide bihurria, tartean hirugarren mailako bost mendate igoko dituzte: Meaga, Andazarrate, Alkiza, Gaintza eta Lazkaomendi –helmugatik sei kilometro eskasera–, eta bigarren mailako beste bi: Santa Ageda eta Mandubia.

Honek behar du sailkapen nagusian nabarmendu nahi duten horiek beren burua azaltzeko aurreneko abagunea, alde ikaragarririk egon behar lukeenik ez badirudi ere.