
‘Borrero txiki bat’ du izena Xabier Mendigurenek argitaratu berri duen nobelak. Ikuspuntu desberdinak «zilegiak» direla uste duenez, honetan «zintzotasunez» erakusten du euskal gatazka beste alde batetik, Ivan izeneko Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibil baten semearen begietatik, hain zuzen ere.
Elkar argitaletxearen eskutik dakar lan hau Mendigurenek eta, asteazken honetan Aintzane Muguruzarekin batera egindako aurkezpenean azaldu duenez, ‘Oso latza izan da’ liburuaren «arrastotik» eta horren ildotik dator hau. Muguruzak, aldiz, «emakumeen ikuspuntua barneratzea falta zaigula» seinalatu du, «baina iritsiko gara».
Idazleak zehaztu duenez, Joxe Arregi ETAko kidea hil zuen torturaren kronika egiten duen lan hori atera eta gero «antzeko protagonistekin» gehiago ikertzen aritu zen eta «inoiz entzun edo irakurri ez nituen» gertakari batzuk deskubritu zituen, kuarteletan gertatzen zirenak, hain zuzen ere.
Hala ere, interes hori alde batera utzi zuen norekin hitz egin ez zeukalako, ‘The zone of interest’ pelikula ikusi zuen arte. Hau Auschwitz kontzentrazio-esparruko komandante baten familiaren ingurukoa bada ere, «ez dut konparatu nahi, baina torturak ere horrore puntu bat badu» Mendigurenen ustez.
Lau atal
Liburuaren lehenengo parrafoan pertsonaiaren buruan sartzeko baimena eskatzen du narratzaileak. Andaluziako gurasoak dituen eta aita guardia zibila Zamorako herri batean destinatuta dagoenean jaiotako Ivanek 18 urte betetzen dituenean amaitzen da eleberriaren lehenengo zatia, 1991n. Lehen zati honetan, beraz, bost urterekin –Intxaurrondoko kuartela eraikitzen ari direnean– Donostiara etorritakoaren «haurtzaroa, kezkak, beldurrak eta zalantzak» kontatzen dira.
Beste hiru zati ditu nobelak, baina Xabier Mendigurenek ez du horiei buruz ezer aurreratu, «spoiler» ez egitearren. 2016an bukatzen da liburua, protagonistak 43 urte betetzen dituenean, «politikoki gaurko aroaren barruan» kokatuta, alegia.
Gidoiaren hainbat biraketa daude liburuan, bai eta estilo aldaketak ere, «ustekabea, misterioa eta erakargarritasuna» izan ditzan eta irakurlea «ezustean harrapatzeko». «Zintzotasunetik» kontatuta dagoela esan du autoreak, eta horrela irakurtzea espero duela ere bai. Gainera, irakurlea pentsarazteko gakoak eta amuak sartu ditu, besteak beste, biktima izateaz, aitortzaz eta minaz.
Ohartarazpen bat bota du Mendigurenek ‘Borrero txiki bat’-en inguruan: fikzioa da «goitik behera», pertsonaiari dagozkionak asmatuak dira, eta «laburra da, arin irakurtzen da».

Fermin Muguruzak sua piztu du Erromako gau beroan

«Etxe huts asko egonda, gazteentzat ez badago, zerbait txarto egiten ari gara»

Bi haur dituen familia bat etxegabetu dute Bilbon, komitiba judiziala joan ez den arren

Alertan del cierre de una agencia de viajes en Errenteria que deja «muchos afectados»
