Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

EH Baterak «euskal komunitatearen parte izatearen sentimendua errotzeko» deia egin du

Euskal Herria Batera ekimenak Aberri Eguneko ekitaldia egin du ostiral iluntze honetan. Kursaalen izan da, baina aurrez adierazpena irakurri dute plataformako kideek eta fundazioek. «Batera egitearen indarra» nabarmendu eta euskal komunitatearen sentimenduan sakontzeko deia egin dute.

EH Baterako kideak eta fundazioetako ordezkariak, ekitaldi kulturalaren aurretik.
EH Baterako kideak eta fundazioetako ordezkariak, ekitaldi kulturalaren aurretik. (Gorka RUBIO | FOKU)

 

«Euskal Nazioaren oraina eta etorkizuna desberdinen artean eraikitzeko» aldarria erdigunean jarrita, EH Baterak Aberri Eguneko ekitaldi bateratua egin du ostiral arratsalde honetan. Ekitaldi kulturala baino lehen adierazpenak egin dituzte plataformako kide diren Xabier Euzkitze eta Mireia Epeldek, ekimena babestu duten Sabino Arana Fundazioko, Agirre Lehendakaria Centerreko eta Olaso Dorrea Fundazioko kideekin batera.

«Euskal nazioa garela aldarrikatzeko» elkartu direla adierazi dute hasierako adierazpenean, eta batez ere, «egungo erronka erraldoiei komunitate moduan erantzun» behar zaiela aldarrikatu.

Gogoratu dute duela urtebete egin zuela Euskal Herria Baterak lehen aldiz Aberri Egun bateratua ospatzeko deia, baita 2020an abiatutako bidea ere; balkoietan hasi zen ibilbidea, herrietako plazak, jauregi eta antzokiak… eta ostiral honetan Kursaalen ospatu dute. «Aberri egunaren bidez eta batera arituz, munduaren aurrean nazio bat garela, eta erabiltzen dugun hizkuntzak, lekukotzen gaituen lurraldeak eta lotzen gaituen kulturak egiten gaituela, ainguratzen gaituztela eta zentzua eta segurtasuna ematen dizkiotela bizitzari berari», azaldu dute.

Bestalde, hasiera hasieratik Aberri Egunaren ospakizuna «jendarteratzea» izan dutela helburu kontatu dute, «euskal komunitatearen parte izatearen sentimendua errotzea eta adieraztea».

«Aniztasuna» eta «batera aritzearen beharra», horiek izan dira arratsaldeko adierazpenean errepikatutako ideiak. Izan ere, Euskal Herria Baterako kideen iritziz, «askotariko esparruetatik» egiten da nazioa: herritik, jendartetik, akademiatik, ekonomiatik, kulturatik, hedabideetatik, eragiletza sozial eta insitituzioetatik… Horregatik, garrantzitsutzat jotzen dute harremanak elikatu eta ostiral iluntze honetan egingo den bezalako «herri-une eta herri-guneak» eraikitzea.

«Aberri Egunean euskal nazioa garela ospatzera dei egiten dugu» esanez amaitu dute: «Aberri Egunaren bidez, eman eta zabal dezagun komunitatea egiten gaituen hori, ikusmolde eta kultura berrietara irekiz. Aberri Egunaren bidez, berrets dezagun eta azal diezaiogun munduari desira, heldutasun eta gaitasun nahikoa dugula gure etorkizuna eraikitzeko eta erabakimen osoa geureganatzeko».

Lehen adierazpenak

Euzkitzek ekitaldiaren aurrerapen txiki bat egin du. «Gauzak batera nola egin daitezkeen eta nola egin behar diren erakutsiko digute», azaldu du ‘Bagara nor, Badugu zer egin’ izenburupean egingo den pieza kulturalaren harira. Epeldek, berriz, instituzioei egin die dei «behar bezalako Aberri Egun bat» ospatzeko, eta dagokien «ardura» hartzeko eskatu.

Kursaaleko areto handian izan da Euskal Herria Bateraren ekitaldia. (Gorka RUBIO/FOKU)

Fundazioetako kideek hartu dute hitza ondoren. Sabino Arana Fundaziotik Miren Azkaratek hartu du hitza eta «batera egitearen ahalegina» azpimarratu ostean, «nazio bat» garela defendatu du: «Ideia ezberdinekin, baina nazio bat garenaren adostasuna badugu, ondoren, nazio hori defendatzerakoan akaso ezberdin defendatuko dugu, baina erdigunean euskara eta euskal kultura jarri behar ditugu».

Agirre Lehendakaria Centerreko Gorka Espiauk gaurkoan bildutakoek «mundua ikusteko beste modu bat» erakusten dutela esan du, «ez okerragoa, ez hobea, beste bat», eta etorkizunari begira jarri behar dela defendatu du.

Azkenik Olaso Dorrea Fundazioko Malen Dominguez euskal jendartearengana zuzendu da, eta «ospatzeko» deia egin dio: «Euskal komunitatearekin dugun konpromisoan berretsi eta herrigintzan zein naziogintzan lanean jarraitu behar dugu».

Kursaalen kanpoaldean soka-dantza egin dute adierazpenen ostean EH Baterako hainbat ordezkarik, besteak beste bertan izan dira Ekhiñe Atorrasagasti, Eneko Goia, Lierni Ezenarro, Eraitz Saez de Egilaz, Joxerra Bengoetxea, Naiara Goia, Estitxu Garai, Juan Karlos Izagirre, Iñaki Goirizelaia, Nekane Balluerka edota Adolfo Araiz.

 

Kursaal barneko ikuskizunak ‘Bagara nor, badugu zer egin‘ zuen izenburutzat, «Triku Herria gara, asko egin dugu, eta asko dugu egiteke». Horiexek izan ziren kantuz, hitzez eta dantzaz osaturiko emankizunean ikusleengana iritsitako ikasgaiak.

Aberria definitzea ez da batere lan samurra; are zailagoa da aberri bateratu bat marraztea, baina ostiral iluntzean nolabait lortu dute Idoia Tapiak, Oier Zuñigak eta Maia Iribarnek. Tapia eta Zuñiga arduratu dira ideiak hitzez oholtzaratzeaz, inguruan dantzariak zituztelarik, eta Iribarnek kantuei ahotsa jarri zien Eñaut Zubizarreta eta Julen Etxeberri musikarien laguntzarekin. Kartografia mapa batzuk atera dituzte kutxa batetik emanaldiaren hasieran; umore zorrotzez eta kritiko eta ameslari saiatu dira egungo meridianoak marrazten etorkizuna eraikitzeko. «Maitasuna leku bat da. Euskara leku bat da. Munduan gure lekua. Hizkuntza bakoitza mapa bat da, kartografia bat», aurreratu du ikuskizunaren hasieran Zuñigak.