Kazetaria / Periodista

‘Muga-zerga’, kontzeptu borroka ere bada

Aurtengo hitza izatera hel daiteke ‘muga-zerga’, Donald Trumpi esker. Ikuspegi ekonomikotik milaka analisi egin dira jada, baina lexikoari dagokionez aztertzea ere interesgarria da. Europako beste hizkuntza batzuekin alderatu dugu. Eta kontzeptua euskaraz da argiena...

‘Zoll’, Alemanian muga-zergentzat erabiltzen den kontzeptua.
‘Zoll’, Alemanian muga-zergentzat erabiltzen den kontzeptua. (Philipp Von Ditfurh DPA via AFP)

«Gauzei haien izenez deitzea»; hau zen ‘Into the wild’ pelikulan Alexander Supertramp/Christopher McCandless protagonistaren asmoa, edo helburua. Nolabait gauzen bizitza berpizteko, hasiera-hasieratik.

Kontzeptuak, hitzak, mintzoa; hau da bide normala. Baina zer gertatzen da konzeptu bat bereziki korapilatsua denean? Zeintzuk izango dira ondorioak?

‘Muga-zerga’ urteko hitza da dagoeneko. Donald Trumpek sortu duen zalapartaren ostean edonork daki zer den tresna ekonomiko hori, gutxi-asko. Orokorrean badaki behintzat ez dela oso gauza ona...

Estatu guztiek (San Marinok izan ezik, antza) arazo bat dute ‘Thedonald’-en erabakiarekin. Eta Estatu askok muga-zerga horiek modu desberdin batez adierazi dituzte hitzetan, jatorrizko kontzeptua hitz bakar batera itzultzea zaila delako.

Zerrendatxo hau osatu dugu, erdi serio erdi txantxetan, kontu honi erreparatuz: Europako beste hizkuntzetan nola esaten dute guretzat ‘muga-zerga’ dena?

Arancel (gazteleraz, Estatu espainolean). Hau bai aldaketa galanta, gurearekin alderatuta. Arabieratik datorren hitza da, ‘aceite’, ‘taza’, ‘almohada’, ‘jarabe’ eta beste zenbaiten antzera.

Zerga definitzen du, baina tonu apur bat exotikoa erabiliz. Vintage, esan genezake ere. Andaluziako ‘al-inzál’ arabieratik dator: ‘inzál’ hitzak ‘ostatua’ esan nahi du. Jatorrian, beren etxeetan tropak jarri behar ez izateko herritarrei kobratzen zien zerga adierazten zuen.

Dazio (italieraz). Nirera joko dut orain. Ez Lazio (futbol taldea eta eskualdea) ezta ‘sazio’ ere (tripa betea duzunean), ‘dazio’ baizik. Hau ere oso hitz exotikoa da, iraganaren kutsua dariola. Gaur egun zergak daude, baina Erdi Aroan ‘dazio’ delakoa zegoen.

Hitz horrek ‘dare’ (‘eman’) du sustraian. Zer eman behar zen Erdi Aroan? Zerga bat, hiriz hiri, edo Estatuz Estatu. Italia garai hartan ez zen existitzen, ondoko guztiak aurkariak ziren beraz, edo etsaiak zuzenean, eta edozein aukera ona zen beren dirua poltsikoratzeko.

Tariff (ingelesez. Erresuma Batuan bereziki). Hizkuntzak ikasterakoan, agertzen den aurreneko arazoa «lagun faltsuak» izaten dira. Hitz batzuk beti zure hizkuntzan direnen antzekoak dira baina kontrakoa adierazi nahi dute, edo bestelako esanahia dute behintzat. Berez, ‘tariff’ ez da ‘tarifa’ bat, ez dago hemen erabakitzeko preziorik. Baina Trumpek hartu duen erabakia ‘tariff’ mordo bat jartzea izan da, albistea Ingalaterran edo Eskozian irakurtzen baduzu.

Droit de douane (frantsesez). Jakin badakigu Frantzia aldean atzerriko edozein hitza itzuli egiten dutela, frantsesera eramateko. Baina honekin egin duten aldaketa oso interesgarria da. Izan ere, ‘droit’-ek beste mundu zabal bat irekitzen du esanahiaren aldetik: ‘legea’ esan nahi du, ‘zuzen’ adjektiboa ere bai, ‘eskubidea’, ‘eskuina’ eta, nola ez, ‘zerga’. Interesgarria bezain polita da esamoldearen bigarren partea. ‘Douane’ ‘aduana’ da, ez ‘muga’; leku zehatz bat, gaur egun gero eta gutxiago aurki daitekeena.

Zoll (alemanieraz). Hitz laburra, nola ez? Z-o-l-l, eta punto. ‘Der Zoll’, hain zuzen ere, arra, maskulinoa, apur bat gogorra. Hitz eraginkorra, zalantzarik gabe. Zollverein Alemaniako iraganean momentu erabakigarri bat da: aduanen arteko akordioa izan zen, herrialde batzuen artekoa, oraindik ere Alemania batua ez zenean, Frantziaren kontrako gerra irabazi aurretik.

Dena den, ‘zoll’ alemanieraz ‘bidesaria’ ere izan daiteke, ‘peaje’ gazteleraz. Beraz imajina dezakegu, Alemanian bakarrik, nolabait muga-zerga hori biderkatu egiten dela: AEBetako auto zergadun batek biak ordaindu beharko lituzke, zoll eta zoll.

Taxa alfandegária (portugaleraz). Oso portugaldarra, ezta? Goxoa, alaia, biguna. Hemen ez dago aldaketa nabarmenik, adibidez, frantsesezko hitzarekin alderatuz. ‘Alfándega’ ‘aduana’ da, berriro leku fisikoa. Galizian ere hitz hori erabiltzen dute. ‘Taxa’ hitzak ez du zalantzarik uzten: aldiz, ‘alfándega’ haren jatorria ‘al-fundaq’ hitz arabiarra da, eta bitxia da, honek ere ‘ostatua’ esan nahi du, ‘inzál’en antzera.

Ibilbide labur honetan, eta Europatik atera gabe, esanahi asko topatu ditugu Trumpek ahoskatutako hitz bakar baterako. Lehia honetan, kontzeptu eta hitzen artekoa, nork irabazi du? Euskarazko ‘muga-zerga’ nahiko argia da berez, sinplea: muga bat (ez aduana bat) eta zerga bat, marra bat eta «prest gaude, ez da oso zaila izan».