«Azkartasuna eta makaltasuna, biak, daude presente eta eragina dute obraren bukaeran»
Txiki Agirre ‘Keixeta’-k ‘Azal arrastoak’ erakusketa ireki du Iruñeko Apaindu galerian. ‘Azalaren mamia’ izeneko aurreko erakusketan abiatutako bidean sakondu nahi izan du sortzaileak.

‘Azalaren mamia’ erakusketa izan zuen ikusgai Zumaiako Oxford aretoan iazko abuztuan Txiki Agirre ‘Keixeta’-k (Arroa, 1963). Han irekitako bideari jarraiki ondu dituen lan berriak. «Haren ondorena eta ondorioa da, biak», argitu du.
‘Azal arrastoak’ izenburupean aurkeztu ditu, labetik atera berriak. Iruñeko Apaindu galeriaren jarri du ikusgai. Bertako arduradun Inazio Belokik luzatu zion gonbita eta Kuria Kaleko espaziorako propio sortu ditu artelanak. «Tokiak berak nortasun handia du eta zailtasunak ematen ditu obra kokatzen orduan baina gustura geratu naiz emaitzarekin», kontatu dio NAIZi.
Margolaria eta eskulturgilea da Keixeta. Artistaren barnean elkarrekin bizi diren pinturak eta eskulturak, eskuz ontzen ari denean elkarbizitzen jarraitzen dute. Lan estudioan, lehenik, erakusgelan ondoren.
Espazioa eta denbora
Espazioaren eta denboraren gainean lanean aritu ohi da sortzailea. Keixetaren kasuan artelanaren sortze prozesuak eskatzen dion denbora tartea dago batetik, eta artelanak egiterakoan artistak berak bizi duen denbora, bestetik. «Nik bizi dudana sortzen prozesua irauten duen bitartean, nik bizi dudana inguruan gertatzen denarekin», zehaztu du.
«Batzuk oso azkar egiten ditut, oso gestualak dira eta besteek materialagatik prestakuntza luzea behar dute baina exekuzioa oso azkarra da. Azkartasuna eta makaltasuna, biak, daude presente eta eragina dute obraren bukaeran», azaldu du.
Espazioari dagokionean, eskultura edo margoa eta eskulturgilea bera kokatuta dauden lekua dago, batetik. Pintura edo buztina erabiltzen duen, formatu handia ala txikia den… eragina du. «Obrak handiak direnean, nik asmatutako espazioa sortzen dut, ikusleak bizitzea nahi nukeena. Sarritan lotuta dago nik bizi dudan espazio fisikoari. Zumaian –bertan du bizilekua– edo kosta inguruan ditudan flysh-ak edo denborak landutako itsas ondoko harriak dira inspirazio iturria».
Denboraren iragana
Denboraren joanaren gaineko hausnarketa da azken ekoizpen artistikoaren funtsa. ‘Azalaren mamia’ zein ‘Azal arrastoak’ erakusketa horren isla dira. «Azaleko orbainek edo zimurrek denboraren joana islatzen dute. Bizipenak… gauza asko, liburu bat bezalakoak dira. Nire obran marrak bihurtu ditut. Batetik, badute arrasto biologikotik eta baita geologikotik ere, horregatik diot kokatzen naizen tokiak asko esaten duela. Eskulturetan agertzen diren marra horizontalek zerikusia dute flysch-arekin. Haiek ere liburu irekia dira, marra bertikal bakoitzak denbora bat markatzen du, garai bat eta historia batzuk. Tornoan agertzen diren marra horizontalak, nahiz ondoren aurpegia edo zerbait figuratiboa egin, atzaparrek uzten duten marka edo arrastoak hortxe uztea, denbora ere horiek markatzen dutelako», esan du.
«Pinturak espazioan dauden elementuak dira, airean edo ur azpian egon daitezkeenak. Buztinak ez bezala, neurri handiagoan lan egiteko aukera eskaintzen didate. Eta bukaeran marrak egin dizkiet gainean, arrastoak irudikatzen dutenak. Ondorioz, lotura zuzena dago eskultura eta pinturaren artean», jarraitu du.
Lau koadro txiki, bi handi, denera sei margo aurkituko ditu bisitariak Apaindu galerian. Hauen ondoan, zeramikako 15 pieza, neurri ezberdinetakoak.
Bidearen garrantzia
Hamarkada luzeetako eskarmentuak hala erakutsi dio, azken emaitza bezain garrantzitsua da prozesua. «Denborak esan dit. Garai batean bukaera izaten zen inportantea eta bukatu ondoren obra begiratzeak berak elikatzen ninduen. Baina prozesuan gertatzen direnak batzuetan oso garrantzitsuagoak direla ohartu naiz».
‘Azalaren mamia’ erakusketako hiruzpalau lan txikik eman zioten bidea Keixetari. «Prozesu berezi batekin egindako marrazkiak ziren baldosa gainean. Denbora luzea eskatzen du baldosa bera prestatzeak eta bukaeran egiten ditudan hiru marrak dira prozesu kreatiboa. Oso gestuala da eta gustukoa dut. Azken une horretan ez dago pentsatzeko aukerarik, beraz benetan barruan duzuna ateratzen da. Ez dago ezer ezkutatzeko aukerarik, ezta atzerabueltarik ere. Uste dut askoz aberatsagoak direla denbora luzean landutako obrak baino. Oxford-eko erakusketarako hasi nintzen egiten eta horien jarraipena dator orain. Kopurua handiagoa egiten dut Iruñearako», kontatu du.
Noski, bizkortasunez lan egiteko teknika ondo menperatu behar. «Bai, eta aurreiritzi asko kendu beharra. Umeen azkartasunaren bila ibiltzen naiz, haiek ez daukate aurrejuzkurik. Soberan dauden elementuak eta norberak dituen aurreiritziak kendu egin behar dira», esan du.
Bere sorkuntzaren garapenaz galdetuta, hauxe Keixetaren erantzuna: «Artegintzan saltoez jabetzeko denbora luzea behar da. urtebeteko epean prozesua makal doa, beti aberasten, noski. Egilea bera dela eta aurrekoarekin loturak dituela ikusiko du, baina salto handirik ez».
Udazkenerako baditu erakusketa berriak hitzartuta –«aurrerago iragarriko ditut», dio–, «beraz orain eta batez ere udan lana egin beharko dugu», esan du agurraren unea iristean.
Bitartean, ‘Azalaren mamia’ erakusketan bildutako lanekin geratzen gara. Apirilaren 30a bitartean astelehenetik ostiralera 11.00etatik 14.00etara eta 18.30etik 20.30era bisita daiteke erakusketa. Larunbatetan: 10.00etatik 14.00etara.

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Periodismo en tiempos de maraña golpista

El estrecho de Ormuz, ¿arma definitiva en manos de Irán?

Sueños de esperanza a la americana
