NAIZ

Garraioa EHUren energia gastuaren %60 da, Aztarna taldearen ikerketa baten arabera

EHUren ingurumen aztarna kalkulatu du unibertsitateko Aztarna taldeak, eta inpaktu kategoria gehienetan ekarpen handiena duen jarduera garraioa dela ondorioztatu du: %60 ingurukoa, hain zuzen ere, azpiegitura informatikoen eta hiri hondakinen errausketaren aurretik.

Garraio ohiturak aldatzea proposatu du azterlanak.
Garraio ohiturak aldatzea proposatu du azterlanak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitateko EHU-Aztarna taldeak erakunde akademiko horren ingurumen aztarna kalkulatu du, eta ondorioztatu du garraioa dela energia gastu handiena dakarren jarduera, %60koa, hain zuzen ere.

Azpiegitura informatikoek (guztizkoaren %9,6) eta unibertsitatean sortutako hiri hondakinen errausketak ere «inpaktu handia dute» ekotoxikotasunean, EHUk jakinarazi duenez.

Emaitza horiek ikusita, azterlanaren arabera, EHU jasangarriagoa izateko «gako nagusiak» garraio ohiturak aldatzea eta aurrez aurreko eta online jardueren arteko oreka lortzea dira.

Ingurumen aztarnaren tresna erabili du EHUk unibertsitatearen «etorkizun iraunkorragoa» irudikatzeko. Hala, azterketak unibertsitateko jardueraren bizi-ziklo osoa hartu du kontuan, eta ez da karbono aztarna neurtzera mugatu.

Horretarako, OpenLCA programa, Ecoinvent datu-basea eta CML Midpoint ebaluazio metodologia erabili dituzte.

Horrela, inpaktu asko kuantifikatu dira: erregai fosilen eta bestelako baliabide naturalen agortzea, uretan zein lurrean eragindako toxikotasuna, ozono geruza murriztean duen eragina, eutrofizazioa eta azidotzea, gizakiontzat toxikoak diren partikulak igortzea, eta baita atmosferaren oxidazio fotokimikoan duen inpaktua ere.

Zehazki, unibertsitateko garraioak, hondakinek, energia kontsumoak eta material kontsumoek aipatutako kategoria horietan guztietan duten inpaktua neurtu dute.

Lan hau ‘InpAkta’ aldizkari zientifikoaren lehen zenbakian argitaratu da, eta, emaitzak ikusita, EHUk uste du ingurumen aztarna kalkulatzea «tresna lagungarria» izan daitekeela «ingurumenarekiko konpromisoa hezkuntza sisteman txertatzeko».

Izan ere, ikertzaileen arabera, metodologia hau «beste hezkuntza erakundeentzat ere baliagarria izan daiteke, erakunde bakoitzak bere inpaktua ulertzeko eta eredu iraunkorrak diseinatzeko, hezkuntza komunitate osoa aldaketaren protagonista bilakatu».

‘InpAkta’ aldizkariari buruz

‘InpAkta’ jakintza arlo guztietako eta sarbide irekiko diziplina anitzeko aldizkaria da, gizartean eragina duten kalitate handiko ikerketa lanak argitaratzeko sortua.

Akitania Berria, EAE eta Nafarroako Euroeskualdeko erakunde akademiko eta zientifiko nagusietako babesarekin, bertako ikertzaileek sortu dute aldizkaria.