NAIZ

Beñat Rezusta Binakako txapeldunak 2028ra arte berritu du kontratua Asperekin

Hiru urte gehiagorako berritu du kontratua Bergarako atzelariak. «Gustura ari naiz jokatzen eta hau da nahi nuena: ahalik eta partida gehien jokatu, eta kontratu honek hori ahalbidetzen dit», adierazi du pilotariak.

Beñat Rezusta, irribarretsu, Binakako finalerako egindako material aukeraketan.
Beñat Rezusta, irribarretsu, Binakako finalerako egindako material aukeraketan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Albiste onek jarraitzen dute Beñat Rezustaren inguruan. Berriki Binakako Txapelketa irabazi zuen Bergarako atzelariak Joseba Ezkurdiarekin batera, eta asteazken honetan kontratua berritu du Asperekin datozen hiru urtetarako; 2028ko martxoaren 31a arte hain zuzen ere.

Atzelaria ez dago Buruz Burukoa jokatzen eta, beraz, 'lasai' har ditzake hurrengo asteak datozen hitzordu garrantzitsuetarako. Berak, dena den, argi du bere helburua. «Gustura ari naiz jokatzen eta hau da nahi nuena: ahalik eta partida gehien jokatu, eta kontratu honek hori ahalbidetzen dit», adierazi du pilotariak.

Rezusta gaur egungo atzelarietatik erreferenteetako bat da, eta Ezkurdiarekin batera irabazitako txapelak galoi gehiago eman dizkio. Bere hurrengo erronka udarara ahalik eta hoberen iristea izango dela adierazi du Asperi eskainitako adierazpenetan: «Ilusioa ez zait faltako torneo hauek prestatu eta jokatzeko. Gustatzen zaidan garai bat da».

Hala, iazko udara konpletoaren antzekoa lortzea nahiko luke. «Nire gertuko helburua ahalik eta partida gehien jokatzea da eta iazko udaran jokatutakoak bezain gustura egotea», amaitu du.

Buruz Buruko material aukeraketak

Bestalde, Buruz Buruko Txapelketak aurrera darrai, eta asteartean eta asteazken honegan astebururako partidei begira material aukeraketak burutu dira. Gaur bi izan dira: Laso eta Peio Etxeberria Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan, eta Altuna III.a eta Zabala Donostiako Atano III.ean.

Amezketarrak, iazko txapeldunak alegia, esnatu beharra du final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian Larrazabalen aurka 14-22 galdu eta gero. Igande honetan, Donostian, lehen partidan porrota jaso zuen beste pilotari baten kontra arituko da. Zabala errioxarrak 22-17 galdu zuen bere herrikide Darioren aurka. Beraz, lehia estua espero da A multzo honetan; behintzat, tentsioa nabaria izan liteke.

Altuna III.ak 104,8 eta 104,7 gramoko bi pilota aukeratu dituen bitartean, Zabalak 104,9 eta 105,3 gramoko beste bi aukeratu ditu.

B multzoari dagokionez, Unai Lasok eta Peio Etxeberriak elkar ikusi dute Lekeitiko Santi Brouard pilotalekuan larunbateko partidarako materiala aukeratzeko.

Lasok debuta egingo du aurtengo txapelketan, zuzenean sailkatuta baitzegoen final-laurdenetako ligaxkarako. Iazko finalean Altuna III.aren aurka gutxi egin ahal izan zuen (22-5) eta aurten beste erronka bat izango du. Aurrean, final-zortzirenetan Jakari irabazi zion Peio Etxeberria izango du.

Lasok 104,8 eta 104,6 gramoko bi pilota aukeratu ditu, eta Peio Etxeberriak, 104,5 eta 105,2 gramoko beste bi.