«Bera Beraren kontra jokatzea beti berezia da, baina oraingoan arantzatxo bat dugu»
Maria Zaldua (Orio, 2002) Zarauzko Aiala taldean hasi zen, kadete mailan Espainiako liga nagusiko hirugarren izatera iritsiz. EAEko selekzioan jokatu du kategoria guztietan eta Espainiakoan ere aritu da. 2020an Tenerifera abiatu zen goi mailan aritzeko eta 2022an Rocasak fitxatu zuen.
Gaztea zela abiatu zen Maria Zaldua oriotarra Kanarietara. Dagoeneko bost urte daramatza Tenerifen eta Kanaria Handian eskubaloiko goi mailan jokatzen. Ez da harritzekoa beste kanariar bat bezala hartzea taldekideek. Berak barre egiten du, baina ez du ahazten etxea eta senideak non dituen. Irletan abiatutako Fisioterapia karrera bertan amaitu nahiko luke –urtebete falta zaio–, eta ondoren atzerriko ligetan probatzea gustatuko litzaioke.
Hori baino lehen, ordea, larunbat honetan Donostiara etorriko da, Rocasarekin Bera Beraren aurka Ligan jokatzeko (19.00). Aurkaria bere txikitako erreferentzia bat da eta bertan jokatzen amaitzea gustatuko litzaioke. Baina orain Rocasarekin arantza bat kendu nahi du, Kopan galdu ostean.
Hirugarren denboraldia duzu Rocasan, lehenago Tenerifen jokatu ondoren. Zer moduz Kanarietako esperientzia?
Duela bost urte atera nintzen etxetik eta Tenerifera salto egin nuen, paradisu batera. Bi urte oso on izan ziren, esperientzia hartu eta eskubaloiko goi mailan sartzeko. Hortik Kanaria Handietara etorri nintzen, aldameneko uhartera, eta hemen, tratu oso onarekin, minutu gehiago izan ditut.
Eta etxean, Bera Bera bezalako talde batean, adibidez, ez al zizuten aukerarik eman?
Bera Bera, egia esan, beti izan da nire talde erreferentzietako bat. Txiki-txikitatik beti joan izan naiz beraien partidetara. Beti gogoratzen dut, atsedenaldietan, nola jaisten nintzen nire lagun batekin baloiarekin jolastera. Tenerifera joan aurretik ez nuen aukera hori eduki, baina Tenerifetik Rocasara salto egiteko une hartan bai. Ez nuen eskubaloi mundua bakarrik begiratu, baina ikusi nuen Rocasako aukera ona zela ikasketekin jarraitzeko eta eskubaloian jokatzeko.
Aurten 53 gol daramatzazu Ligan, eta 557 Liga Guerrerasen. Zifra hauek, 22 urterekin, ez dira makalak...
Ez, ez. Noski, ni baino gehiago dituenak egongo dira, baina ni neure buruan pentsatzen aritzen naiz beti, ez dut kanpora begiratzen konparazioak egiteko. Nire bideari jarraituko diot, eguneroko lanean, hobetzen saiatzen eta pauso handietan edo pauso txikietan nire helmugak lortzen segitzen.
«Ez naiz kanpotar bat bezala sentitzen Bera Beraren kontra jokatzerakoan; baizik etxean jokatzen dudala. Beti partida bereziak izaten dira beraien kontrakoak. Ea hirugarrenean lortzen dugun garaipena»
Larunbat honetan Bera Berari bisita egingo diozue. Duela gutxi, Kopako final laurdenetan, elkarren kontrakoan oso gutxigatik galdu zenuten (20-18), zu eta Lang kanporatuak izan ondoren. Eta lehenengo itzulian 24-24 berdindu zenuten. Zer nolako partida espero duzue larunbatekoa?
Aurreneko itzulian berdindu egin genuen hemen, gure etxean. Bertan ezin izan nuen jokatu, lesionatuta bainengoen. Arantza txiki hori sartuta daukat, Bera Bera txikitako erreferentzia bat delako. Eta Kopan aukera izan genuen berriz ere beraien kontra jokatzeko, eta hori bai izan zela berezia; Kopa izateagatik aparte, Bera Beraren kontra jokatzeagatik eta hor barruan dauden jokalari eta entrenatzaileengatik. Zoritxarrez, Martina Lang taldekidea eta biok txartel gorriz kanporatuak izan ginen, baina guk, momentu guztian, bai aulkitik, bai harmailetatik, nahiz eta jolasten aritu ez, taldearentzat onena nahi genuen. Tira, ez zen horrela gertatu, eta azkenean galdu egin genuen. Pixka bat burumakur amaitu genuen, zeren, egia esan, gehiago eman nahi genuen gure aldetik, baina ezin izan genuen.
Orain Bera Beraren etxean jokatuko dugu, baina nire ikuspuntutik etxean jokatzea bezalakoa izango da. Nire familiako guztiak beti joaten dira ikustera, eta ez naiz sekula kanpotar bat sentitzen Bera Beraren kontra jokatzean, etxean jokatzen bezala baizik. Beraz, alde horretatik oso gustura. Beti partida bereziak izaten dira haien kontrakoak. Ea hirugarrenean garaipena lortzen dugun.
Errebantxarako gogoa al dago taldean?
Bai, talde osoak! Badakigu zenbat sufritu genuen Kopan egoteko, zenbat sufritu genuen Kopako partidan. Eta orain badakigu Bera Beraren kontra partida onak egin ditugula eta gai garela beraiei irabazteko.
Zu, pertsonalki, nola iristen zara?
Egia esan, oso ondo. Gabonak aldean eduki nuen lesioaz guztiz errekuperatuta nago, eta ehuneko ehunean.
Seigarren postuan zaudete, Bera Bera baino lau puntu gutxiagorekin. Garaipen batekin play-offetara begira toki hobeagoa eskuratuko zenukete.
Hiru partida geratzen zaizkigu liga erregularra amaitzeko, eta, hiru hauek irabazita, laugarren postuaren bila joan ahalko genuke. Laugarren postuan egonda, bosgarrenaren kontra jokatu beharko genuke play-offetan. Baina gu partidaz partida goaz; orain asteburukoa, eta gero iritsiko da etorriko dena.
Non uste duzu egon daitekeela biharko gakoa?
Aste osoan gure entrenatzaileak esan digu erasoan baloirik ez galtzeko. Bera Berak korrika asko egiten du eta horrek min egin ahal digu. Bera Berak postu guztiak oso ondo kubrituta ditu: bi pibote oso onak dauzka, lehen lerrokoek oso ondo jokatzen dute beraien artean... Guk erakutsi dugu defentsan arma handia dugula, ondo defendatzen dugula denok ehuneko ehunean gaudenean, eta, beraz, baloi gutxi galdu eta oso adi egon behar dugu jokalari guztiekin ondo defendatzeko.
Silvia Navarro atezain beteranoa bezalako jokalariak dituzue ondoan. Gazteei nola laguntzen dizue honelako jokalari batek egunerokoan?
Nire aurreneko urtean, hona etorri nintzenean zeuden bai Silvia Navarro eta baita Marta Mangue ere, Espainiako selekzioan egon diren bi jokalari oso garrantzitsu. Eduki dudan zortea izan da Silviarekin hiru urte hauetan jarraitzea. Hurrengo urtean ez dakit nola izango den kontua, baina oraingoz berarekin lanean ari naiz. Kanpotik etorritakoan, beldur pixka batekin iristen zara: bi erreferentzia hor zure taldean, zurekin lanean... Silviaren kasuan, lagun bat bezalakoa da. Azkenean, bera gure adineko pertsonak bezala portatzen da eta oso gertukoa da. Profesional aparta da, bai barruan, bai kantxa kanpoan ere, eta horrek asko laguntzen du.
Kanarietara iritsi zinenean, nola izan ziren hasierak?
Teneriferen kasuan, aurreneko urtea zen etxetik kanpo. Klubak etxea jarri zidan, unibertsitatea eta bazkaria ordaindu zizkidan. Kontratuaren barruan zegoen. Rocasaren kasuan, etxea eta etxeko gastu guztiak klubak ordaintzen ditu. Unibertsitatea eta otorduak nik ordaintzen ditut.
Zein da Rocasaren aurtengo helburua?
Erreginaren Koparako sailkatzea lortu genuen eta aurreneko partidan kaleratuak izan ginen. Ondoren, play-offetarako sailkatzea da helburua. Hori lortu dugu jada, matematikoki lehenengo zortzien artean gaude. Baina ez dugu hor geratu nahi. Play-offetan sartzeak garrantzia handia du, baina hori lortzeak esan nahi du Liga lortzeko aukera baduzula. Beraz, horren bila goaz orain.
Eta Maria Zalduaren helburu pertsonala zein da?
Nire helburu pertsonala orain taldeak duen berbera da. Eta aparte, duela urte batzuk Espainiako selekziora deitua izan nintzenez, berriro deialdi batera joatea. Hortik aurrera, mantentzea.
«Nire helburu pertsonala, oraingoz, taldeak duen berbera da; eta aparte, duela urte batzuk Espainiako selekziorako deitua izan nintzenez, berriz deialdi batera joatea. Behin karrera amaituta, atzerrian jokatu nahiko nuke»
Rocasarekin sinatutako hiru urteko kontratua aurten amaituko zaizu. Taldean jarraitzeko asmorik edo aukerarik ba al duzu?
Oraindik ez da atera, baina jarraitzeko asmoa dut. Oso gustura nago hemen, eta oraindik ikasketak amaitu gabe dauzkat. Nire beste helburuetako bat litzateke Espainiatik kanpo jokatzea, baina lehenago ikasketak amaitu nahi ditut, zer gerta ere, lesioren bat, adibidez; ezer gabe geratzeko arriskua baitago. Hori da helburua: ikasketak bukatu eta amaitutakoan, dena ondo badoa, Espainiatik kanpo jokatzea.
Pentsatzen dut gaur egun eskubaloiaz bizitzea ezinezkoa dela.
Egia esan, Espainian jende oso gutxi edo nik ezagutzen dudan inor ez dago eskubaloiarekin bakarrik. Zerbait ikasi behar da, gero aukera hori izateko: lan egitea edo lana eta eskubaloia konpajinatzen aritzea. Eta beste batzuek, horrez gain, amatasuna dute. Espainian, oraingoz, nire ustez, ezinezkoa da eskubaloiarekin bakarrik bizitzea.
Fisioterapiako karrera amaitzeko urtebete falta zaizu. Beraz, Kanarietan amaitu nahiko zenuke?
Egia esan, bai. Tenerifetik Kanaria Handira aldatu nuen espedientea, pixka bat nahasia izan zen, eta nahiko nuke hemen bukatu geratzen zaidana, eta listo.
Aipatu duzu atzerrian jokatzea gustatuko litzaizukeela. Gustatuko al litzaizuke etxera bueltatzea, Bera Bera bezalako talde batean jokatzeko?
Hau galdetzen didatenean, beti esaten dut Bera Bera beti izan dela txikitako talde bat eta egunen batean edo urteren batean gustatuko litzaidakeela Bera Beran jokatzea. Txikitan bizi izan nituen esperientzia horiek guztiak berriz ni jokalari izanda bizitzea gustatuko litzaidake. Eta aparte, ikustea ni izan nintzen bezalako umeek disfrutatzea nire jokoarekin.
Bera Bera bezalako talde batean, tituluak irabazteko beti faboritoetako bat izaten dela, hor beste motibazio bat ere izan daiteke.
Hori da. Bera Bera esaten duzu eta beti pentsatzen duzu: ‘Ligako txapeldun, Kopako txapeldun eta Europako konpetizioetan beti hor borrokatzen’, aurten izan den bezala. Beraz, bai, Bera Beran pentsatzen duzunean, Kopak eta Ligak etortzen zaizkizu burura.
Eta atzerria aipatu duzula, zehazki Ligaren bat al duzu buruan, bertan jokatzea gustatuko litzaizukeena?
Ez dut oso ondo pentsatuta, baina Frantziak asko tiratzen dit. Ez daukat buruan talde bat zehazki.
Zu gipuzkoarra izanda, berezia izango da 'etxean' jokatzea. Bihar senideekin egoteko tartea izango al duzu?
Bai, seguru, dudarik ez. Normalean egun bat lehenago bidaiatzen dugu, partida egunean lasai egoteko. Orduan, ostiralean joango gara Donostiara; ez dakit egunean bertan edo partida ondorengo ordu horiek libre izango ditudan. Baina, bai, entrenatzaileak beti askatasuna ematen digu familia ikusteko. Ulertzen dute familiarengandik urruti bizi garela eta eduki behar ditugula momentu horiek.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
