Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Eskaladako hiru modalitateak bereizita jokatuko dira Los Angeleseko Olinpiar Jokoetan

Nazioarteko lehia ofizialetan bezala, abiadura, boulderra eta zailtasuna independenteak izango dira; hortaz, modalitate bakoitzak ohiko hiru dominak banatuko ditu. Aspaldiko aldarrikapen horrekin bat egin dute eskalatzaile gehienek.

Los Angeleseko Olinpiar Jokoek hainbat aldaketa izango dituzte eskaladan.
Los Angeleseko Olinpiar Jokoek hainbat aldaketa izango dituzte eskaladan. (IFSC)

Eskaladak Olinpiar Jokoetan berezko lekua hartu zuenetik bost urte igaro dira. Tokiok jaso zuen lehen deialdia. Antolatzaileek ez ohiko erabakia hartu zuten; hots, hiru modalitateak (abiadura, boulderra eta zailtasuna) “zaku” berean sartu eta konbinatu formatua egin zen. Jakina, lehiakide gehienentzat ez zen erabaki zuzena izan; hiru lehia horietan erabat sasoiko egotea ia ezinezkoa delako.

Bederen, formatu horrek ezustekoari ateak zabaldu zizkion. Gogora dezagun Alberto Ginesek lehen urre olinpikoa irabazi zuela gizonezkoen kategorian. Berez, zailtasunean espezialista da, eta proba horretan laugarrena izan zen. Abiadura, aldiz, oso gutxi entrenatu zuen, eta, bitxia bada ere, hitzordu horretan gailendu zen. Boulderrean ez zen batere fin ibili. Alabaina, puntu guztiak batuta, erregularrarena izan zen.

Pariseko 2024ko hitzordu olinpikoak aldaketa bat izan zuen. Boulderra eta zailtasuna konbinatu formatuan jokatu zen; abiadura, aldiz, autonomoa izan zen. Azken modalitate horretan soilik espezialista onenek parte hartu zuten. Pariseko konbinatuan ere, ezustekoren bat edo beste izan zen.

Bestalde, hiru urte barru eskaladak Los Angelesen izango du hirugarren hitzordu olinpikoa. Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioaren (IFSC) aholkuei jarraituz, Nazioarteko Batzar Olinpikoak (COI) formatua aldatuko du. IFSC erakundearen Munduko Kopan eta Txapelketan bezala, Los Angelesen hiru probak bereizita jokatuko dira. Hortaz, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak banatuko dira modalitate bakoitzean.

«Pozarren»

Lehiakideen aldarrikapen hori bete denez, IFSC-eko presidente Marco Solarisek txalotu egin du antolatzaileen erabakia: «Gure kirola lehen aldiz olinpikoa egin zenetik, gogor borrokatu dugu disziplina bakoitza independentea izan zedin. Beste era batera esanda, hiru domina joko banatzea eskatu izan dugu. Hiru modalitateak oso ezberdinak dira; bakoitzak berezko indarra du, eta Los Angelesen aukera ederra izango dugu bereizita ikusteko. Oso pozik gaude puntu horretara heldu garelako. Gure historia oso laburra da, eta lanak zein esfortzuak emaitzak eman dituzte».

«Eskaladaren komunitateak elkarrekin lan egin du; kirolariekin hasi, langileekin jarraituz eta ikusleekin amaituz. COI-ri eta LA28-ri adierazi diet oso eskertuta gaudela. Azken hilabeteotan elkarrekin lan egitea eskarmentu handia izan da. Horregatik uste dugu LA28 ospakizun itzela izango dela eskaladarentzat», gehitu du.

Amaitzeko, aipatu dugun aldaketak beste bat ekarriko du. COI-k aurreratu duenez, denera, 76 lehiakide jasoko dituzte: 38na neska eta mutil. Tokion 20na izan ziren, eta Parisen 34na.