Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Altunaren irauliak aukerarik gabe utzi du Zabala eta Larrazabal sartu du finalerdietan (22-15)

Egungo Buruz Buruko txapeldunak garaipena behar zuen bai ala bai, eta baita lortu ere. Hori bai, asko sufrituta, jada kanporatuta dagoen Zabalaren aurkako neurketa irauli behar izan baitu amezketarrak. 14-0eko partzial bat sinatu du, 8-15etik 22raino iristeko.

Altuna III.a, garaipena ospatzen, burumakur amaitu duen Zabalaren aurrean.
Altuna III.a, garaipena ospatzen, burumakur amaitu duen Zabalaren aurrean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Inork ez zuen esan hau erraza izango zenik. Esan diezaiotela Jokin Altunari! Egungo Buruz Buruko txapeldunak, bere mailarik gorena eman gabe, momentu honetan erakuts zezakeen onena eskaini du igande honetan, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, aurtengo txapelketan bizirik mantentzeko. Biek behar zuten garaipena eta Javier Zabala errioxarrak oso zaila jarri dizkio gauzak, baina azken txanpan 14-0eko partzial bat sinatu du amezketarrak, 8-15eko emaitzatik 22raino iristeko.

Emaitza honek beste ondorio batzuk ekarri ditu. Alde batetik, Jokin Altunak bizirik jarraitzen du nahiz eta lehen partida galdu. Bestetik, Javier Zabalak dagoeneko ez du aukerarik eta ligaxka honetako hirugarren eta azken neurketak gutxirako balioko du. Eta, azkenik, Altunaren garaipenak Larrazabal errebelazioa finalerdietan sartu du. Zabala-Larrazabal izango da azken partida hori, baina foku guztiak beste lehian egongo dira: Altuna eta Darioren artekoa.

Esan bezala, lan asko egiteko partida izan da gaurkoa. Zabalak gauzak oso argi zituen eta ziztu bizian 0-6 aurreratu da. Tartean, lan gogor horren adibide bat ikusi ahal izan da. 0-4ekoan, Altuna atzean eman eta eman aritu da, baina errioxarrak oso ondo defendatu du berea eta pilotaren bila zabalera joan eta amezketarrari pasa egin dio.

Hurrengo tantoan, gainera, gipuzkoarrak atxikia eskatu du Zabalak boleaz egindako bi pareta batean. Epaileek tantoa eman diote errioxarrari eta 0-6koa zabalean egindako sake batekin lortu du.

Altuna III.ak azkenean lortu egin du tantoa egitea 1-6koan, baina kosta egin zaio sakea mantentzea eta hor hobeto aritu da Zabala.

Partida hasierako tantoek tentsioa exijitzen zuten eta Naiarako aurrelariaren hankek ondo eutsi dute orduan, baina beherakada izan du jokoan eta Altunak tantoak egiteko aprobetxatu du.

Inertzia amaiera arte

Hala ere, zaleak oso gaizki ohituta daude, eta gaurko Altuna ez da betikoa edo askotan ikus daitekeen Altuna izan. Binakako Txapelketa amaitu zenetik, oraindik ez du mailarik onena berreskuratu eta asko kostatu zaio tantoak egitea.

Aurrean zuen Zabala ere arrazoi handia izan da horretan. Errioxarra oso motibatuta zegoen eta tanto ederrak eta gogorrak egiteaz gain, oso ondo asmatu du sakearekin 8-15ekoan. Zabalera nahita atera du eta pilotari amezketarrari ez dio denbora eman erreakzionatzeko.

Kasualitatez, hori izan da Naiarakoak egin duen azkeneko tantoa. Jokin Altunak iniziatiba hartu eta, behetik gorantz eginda, markagailua iraultzea lortu du. Horretarako, bere errepertorioa atera du amezketarrak. Ez hori bakarrik; ondo erabili du, aurkaria oso ondo defendatu baita. 12-15ekoan, adibidez, sekulako saltoa eman du ezker paretan pilotara iristeko. Ezin izan du onera eraman, ordurako nekea min handia egiten hasi zelako. Are gehiago 16-15ekoan, 29 pilotakadaren ostean, Zabalak txapara bidali ostean. Altuna inertzia onean zetorren eta 22ra iritsi arte mantendu ahal izan du.

PARTIDAKO FITXA:

Altuna III.a: 22

Zabala: 15

Pilotakadak: 259. Iraupena: 53:26. Markagailua: 0-6, 1-6, 1-7, 2-7, 2-8, 4-8, 4-9, 6-9, 6-10, 7-10, 7-11, 8-11, 8-15 eta 22-15. Sakez egindako tantoak: 8 Altuna III.ak eta 4 Zabalak. Jokoan egindako tantoak: 10 Altuna III.ak eta 8 Zabalak. Galdutakoak: 3 Altuna III.ak eta 4 Zabalak. Gertakariak: Sarrera eta giro bikaina Donostiako Atano III.a pilotalekuan Buruz Buruko A taldeko final-laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldiko partida hau jarraitzeko. Lehen sakea gorriz jantzitako pilotariarentzat. Gorka Altuna lehengusua Altuna III.aren botileroa izan zen eta Xabi Rekalde, Zabalarena.