Benjamin Vedrinesen Alpeetako trilogia, ukitu berezi batekin
6tik 11ra, alpinista frantziarrak Eigerreko, Cervinoko eta Grandes Jorassesetako iparraldeko hormak eskalatu zituen. Hurbilketa eta trantsizio guztiak bizikletan, eskiekin, oinez, eta parapentean egin zituen. Leo Billon izan du sokakide jarduera horretan.

Leo Billonen eta Benjamin Vedrinesen izenak aipatzen direnean, txinpartak sortzen dira. Indarrak elkarrekin uztartzen dituzten bakoitzean emaitza bikainak baino bikainagoak erdiesten dituzte. Zailtasunaren eta konpromisoaren aldetik aztertzen badugu, frantziarrok egin duten azken jarduera ziur aski ez da ikaragarria. Baina, zalantzarik gabe, lerro batzuetan aipatzeak merezi du.
Batez ere, Vedrinesentzat berezia izan da; izan ere, berak antolatutako eta prestatutako erronka izan da. Alpeetako trilogia egin du astebetean, hots, Eigerreko, Cervinoko eta Grandes Jorassesterako iparraldeko hormak eskalatu ditu. Baina ukitu berezi batekin. Bai, hurbilketa eta trantsizio guztiak eskiekin, oinez, bizikletarekin eta parapentearekin egin ditu. Eskaladako sokakidea, berriz, Billon izan du.
Leo Billonek eta Benjamin Vedrinesek Eiger, Cervino eta Grandes Jorasses eskalatu dituzte astebetean.
Eigerreko 'Heckmair' 4 ordu eta 10 minutuan igo zuten, Cervinoko edo Matterhorneko 'Schmid'-ek 5 ordu eta 40 minutu eskatu zizkien, eta Grandes Jorassesetako 'MacIntyre-Colton' 4 ordu eta 20 minutuan sinatu zuten. Aurreratu dugun bezala, Vedrinesen kasuan, lotura guztiak ibilgailu motorizaturik erabili gabe.
Irakurtzen den bezala, trilogia hori ez da bikote horrek egin duen jarduera zailena; ezta gutxiagorik ere. Azkarra izan da, baina errekorretatik urruti geratu dira. Vedrinesek berak baieztatu duenez, abentura humano batean oinarrituta egon da: «Nire buruan lurperatuta zegoen proiektu hori azken unean mugimenduan jarri zen. Egun batetik bestera planifikatu nuen, eta nire kide Leok bat egin zuen. Ibilbide eder horiek eskalatu ditugu, erritmo pausatuan eta presiorik gabe. Jatorrizko asmoa jarraitu nuen, aurpegi guztiak nire kabuz lotu nahi nituen. Leok ezin zuen esfortzu hain handia egin; udaberri honetan, eskaladan dituen erronketarako entrenatu du. Hortaz, bere agenda ezin du atzeratu. Hiru eskalada horiek elkarrekin egin ditugu, eta trantsizioak egiten ari nintzen bitartean berak entrenatzen jarraitzen zuen. Eskalada hauek etorkizuneko erronkak irudikatzeko balio izan dute. Finean, Alpeetako historiaren inguruko bidaia izan da».
Errekorrak?
Vedrinesek aipatu du trilogia horrek etorkizunera begira jarri duela. Hiru horma horietan abiadura errekorrak egiteko asmoa izango ote du? Frantziarrak ez du guztiz baieztatu, baina badirudi bere burua norabide horretan jarri duela: «Ueli Steck-en igoerekin hazi nintzen, eta beti gogoa izan dut errekor horietan bizi izan zuena ezagutzeko. 'Heckmair'-en zein 'Mac-Intyre-Colton'-en izugarrizko denborak egin zituen. Ueliren mundu horretara hurbildu nahi dut, baina momentuz lasai hartuko dut. Izan berri dudan eskarmentu horrek zalantza ugari uxatu ditu. Burua oso prestatuta dut; alabaina, murru horiei oraindik bisita gehiago egin behar dizkiet. Batez ere, Eigerri».
Hilaren 6an, protagonista honek bere furgoneta Grindelwalden aparkatu zuen. Eigerreko glaziarrera eskiekin hurbildu zen. Billon zain zuen. 'Heckmair' elkarrekin eskalatu eta gero, Billonek itzulera trenez egin zuen, eta Vedrinesek eskia eta parapentea uztartu zituen.
Vedrinesek hurbilketarako eta trantsizio guztietarako bitarteko garbiak erabili ditu.
Cervinon, berriz, Hornli aterpera heltzeko, bizikletan, oinez eta eskiatzen egin zuen. 9an, 'Schmid' zain zuten. Gailurra erdietsi, eta Vedrines Vispera eskiekin eta bizikletarekin jaitsi zen. Furgonetan beste gau bat lo egin eta azken hurbilketak (100 kilometro) Chamonixera eta Montenversera eraman zuen. Azken gaua Billonekin igaro zuen denda batean. Biharamunean, Grandes Jorassesetako 'MacIntyre-Colton'-en sartu ziren. Tontorrera heldu bezain laster, biek ala biek parapentean hegan egin zuten. Chamonix izan zuten helmuga puntua.
Jarduera hori aurrera atera ahal izateko, logistikaren aldetik, Vedrinesek laguntza izan du. Eta zeregin horretan Quentin Degrenelle ondoan izan zuen: «Quentini esker, trilogia hori arrakastatsua izan da. Helburu argia nuen: abentura osoa bizi. Kilian Jornetek Alpeetan egin zuenaren antzeko filosofiarekin egin dut. Nahiz lau urte parapentea ukitu gabe zegoen, Leo Grandes Jorassesetan ausartu zen. Poz handia hartu nuen! Teknikoki eskalatu ditugun bide horiek guretzat ez dira zailak, baina erritmoan eta eraginkortasunean bikain funtzionatu dugu».

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

El comité de Aroztegia denuncia que la empresa ha frustrado los intentos de acuerdo

Indar Gorri denuncia una multa de 60.000 euros por un tuit que la justicia no consideró delito

Alertan de un intento de desalojo en Amurrio por parte de Ama Desokupa
