NAIZ

Burujabetzari bultzada eman diote Donibane Garazin ospatutako Aberri Egunean

Bagira prozesuaren ildotik hirugarren urtez jarraian Aberri Eguna batera ospatu dute zenbait eragilek eta hiritar xumek, aurten Donibane Garazin. «Burujabetza helmuga eta bidea» dela nabarmendu dute, hainbat urrats aipatuz.

Manifestazioa, Donibane Garaziko kale bihurrietan barrena.
Manifestazioa, Donibane Garaziko kale bihurrietan barrena. (Kazeta)

«Burujabetza da gure herriarentzat proposatzen dugun helmuga eta bidea. Euskal Herriaren aitortzan jauzi berri bat egiteko eta eraikitzen ari garen alternatiba burujabeetan zabalkunde bat emateko garaia da». Honela mintzo dira igande honetan Donibane Garazin bildutakoak hitzartze nagusian, Aberri Egunaren ospakizun bateratuan.

Hirugarren aldiz segidan antolatu dute, Bagira prozesuaren baitan sortutako dinamikan. Itsasun izan zen lehenik, Uztaritzen gero, eta aurten Nafarroa Garaian. ‘Elgarrekin, herria, burujabetza’ aldarriak batu ditu Ipar Euskal Herriko abertzaleak.

Jai kutsuko ekitaldiez gain (herri kirolak, bazkaria, kontzertuak) manifestazioa egin dute herrian, 11.00etan abiaturik.

 

 

Giro alaia lagun, mezu baikorra zabaldu dute: «Itxaropena gira. Lehen aldikoz, ezkerreko abertzale bat dago Parisen diputatu gisa. Aurten, laborantza hauteskundeetan lurraldeari atxikiriko laborantza herrikoiaren aldeko eredua eta eskaintza abertzalea nagusi izan dira. Baina ainitzez urrunago joan behar gira –ohartarazi dute–. Euskal Herria euskaldun, jasangarri, solidario, justu, feminista, demokratiko eta burujabe bat lortzeko, mugimendu abertzalean jende gehiago antolatzea baitezpadakoa da. Hori da gaur zabaltzen dugun deia».

Bake prozesua aintzinatzeko eman diren «pauso handiak» ere txalotu dituzte, eta bide horretan segitzeko gogoa berretsi dute: «Oraindik denak ez baitaude etxean. Eta helburu hori lortu arte segituko dugu lanean».

«Botere gehiago»

Burujabetzarena izan da, edozein kasutan, azpimarra nagusia. Ekimen honen bultzatzaileek EH Baik abenduan plazaratutako autonomia proposamenari edota Batera birfundatzeko asmoari erreparatu diete igandeko aurreko mezuetan, batak zein besteak jauzi bat emateko gogoa islatzen dutelako.

«Orain arteko proiektu konkretuak sendotu eta berriak plantan ezarri behar ditugu egunez egun burujabeago izan gaitezen –aipatu dute gaurko hitzartzean–. Gure etorkizuna hemen erabaki nahi dugu, orain eta geroan. Orain da momentua konpetentzia gehiago emango dizkigun instituzio berri bat aldarrikatzeko. Orain da momentua Ipar Euskal Herriak botere gehiago izan dezan gure indarrak mobilizatzeko».

 

Estatuko eta nazioarteko egoerari buruzko aipamena ere egin dute hitzartzean, Euskal Herriaren nazio gisako erronka nolabait biderkatzen duelako: «Elgarrekin egin behar dugu, jokoan asko dugulako. Bihurgune klimatiko, kultural, sozial, politiko eta demokratikoa bizi dugu. Hitz gutitan, sistema kapitalistak sortu duen zibilizazio krisi larria. Eta orain, eskuin muturra eta bere ideia atzerakoiek are gehiago larritu dezakete egoera. Jokoan dira oinarrizko baloreak eta gure jendartearen kohesioa», ohartarazi dute. Eta honako hau erantsi: «Garai historiko hau aukera bilakatu behar dugu. Euskal Herriak erantzun sendo eta ausartak eman behar ditu».