‘Les Barbares 4’ iritsi da Pre de Bar mendira
Jorratuko dugun abentura honek muturreko zailtasun teknikoa du abiapuntu. Pre de Bar mendia (Alpeak) da historia berezia jaso duena. Bere iparraldeko horman dagoen Raphael Borgis gailurrak pelikula baten antz handia hartu du; izan ere, saga eder bat idatzi da: 'Les Barbares'.

2002. urtean iritsi zen lehenbizikoa. Patrick Pessi eta Stephane Benoist izan ziren sortzaileak: ED, M7/A2. Aurten, berriz, aktoreak aldatu eta beste hiru 'anai-arreba' jaio dira. Hain zuzen ere, joan den otsailean 'Les Barbares 2' (Leo Billon eta Amaury Fouillade) eta 'Les Barbares 3' (Leo Billon eta Eddo Onzo) heldu ziren. Murru laiotz eta zorrotz horrek oraindik muturreko mistorako aukerak eskaintzen dituenez, saga horren 'Les Barbares 4' bidea iritsi da. Gidoi horretan lan egin dutenak hiru alpinista gazte dira: Baptiste Obino, Virgile Devin eta Esteban Daligault.
Azken alpinista hori izan zen 'Les Barbares 4' sortzeko lehen urratsak egin zituena. Iragan neguaren hastapenetan, duela 23 urte zabaldutako 'Les Barbares' probatzera joan zen. Haizete bortitzengatik, ekinaldi horrek ez zuen arrakastarik izan. Ondoren, 'Les Barbares 2' ezagutu zuen, eta jaitsieran balizko beste marra erakargarri bat, igo gabe zegoena, ikusi zuen.
Daligaultek beste bi kide konbentzitu zuen xede horretarako: Obino eta Symon Welfringer. Bide berria zabaltzen ari zirela, gasarekin arazoak izan zituzten eta jaitsi egin ziren. Alpinistok ohartu ziren aurretik lan gogorra zutela.
Baptiste Obino, Virgile Devin eta Esteban Daligault gazteek Pre de Bar mendian bide berria zabaldu dute. Gehienez, M10+ maila du.
Etsi ordez, Daligault itzuli egin zen. Welfringer min hartuta zegoenez, haren lekukoa Devinek hartu zuen. Azken honek 'dry tooling'-ean gaitasun itzela du; izotz eskaladako nazioarteko zirkuituan ere lehiatzen da. Protagonistok onartu dute bide berria zaila dela oso. Tentea ere bai. Gainera, arrokaren kalitatea txarra da, eta bistan eskalatzeko eragozpen handiak izan zituzten. Lanean ordu asko egin eta gero, bibaka prestatzeko garaia heltzen zenean, gaueko hamarrak edo hamaikak izaten ziren.
Muturrekoa
Aipatu ditugun eite guztiengatik, 'Les Barbares 4' ez dute guztiz aske eskalatu. Sokaburu luze gogorrenak zintzilik geratu zitzaizkien. Goitik aseguratuta, aldiz, ia denak librean egin zituzten. Gazteok diote bidearen giltza M10+ izan daitekeela. Hori dio, bederen, Devinek: «Ezkutuan dagoen luze horrek muturreko maila du. Nik goitik aseguratuta egin nuen, eta irtenbide bat bilatzeko, yaniro bat egin behar izan nuen».
Bitxia bada ere, izaera horretako mugimenduak soilik paraboltekin ekipatutako 'dry tooling'-eko bideetan edo arestian aipatu ditugun izotz eskaladako lehietan egiten dira. Hanka bat besoaren gainetik jartzen da, pisua kentzeko eta mugimendua zabalagoa izateko.
Bi gau horman egin eta gero, hirukoteak erabaki zuen 'Les Barbares'-etik (azken bi luzeak) irtetea. Izan ere, hurrengo metroetan izotz zuria nagusi zen: «Bide berriaren jatorrizko azken bi luzeak irekitzea falta zaigu. Beste era batera esanda, irteera zuzenagoa eta ederragoa sortu nahi dugu».
Kontua da 'Les Babares 4' bide berriak berezko lekua hartu duela Pre de Bar mendiaren iparraldeko hormatzarrean. Azken hilabeteotako jarduerak ikusita, badirudi Alpeetako murru hori muturreko mistorako alternatiba oso erakargarria dela: «Hormatzar hori oso zabala da, eta oraindik saga hori handitu daiteke. Hirurok ala hirurok onartzen dugu pareta sinestezina dela. 500 metroko garaiera du soilik, baina zirrikitu bikainak eskaintzen ditu. Leo Bilonek ez bezala, guk ez dugu eskarmentu handirik. Oraindik ikasten ari gara, baina konturatu gara inoiz ez dugula pareta hain tenterik ikusi. Izugarria da, soka beti amildegitik zintzilik dago. Mont Blanc mendilerroaren mistoko gune garrantzitsuenetako bat bihurtu daiteke. Mistoko bide batean egoera zailtzen denean, katu-oinak jarri eta eskalatzen jarraitzen duzu. Baina arroka hain txarra denez, Pre de Bar mendian eskuekin eskalatzea ezinezkoa da. Progresioa askoz ere eraginkorragoa da pioletekin egiten bada. Bai ala bai mistoan eskalatu behar da».

Libertad bajo fianza para Mo Chara, rapero de Kneecap, acusado de «apoyar el terrorismo»

Dimite Ramón Alzórriz como vicesecretario general del PSN, pero se queda en el Parlamento

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994
