«Dikotomiak dialektikan jartzetik aliantza interesgarriak atera daitezke»
‘Ehun zaldi trostan’ (Elkar) ipuin liburua argitara berri du Ainhoa Urienek (Abadiño, 1995). Dikotomiak zalantzan jartzera datorren lana da, eta dikotomien arteko jolas eta hibridazioaren erakusle aldi berean. Eleberri trazak dituen ipuin bilduma.

Zazpi ipuin jasotzen ditu Ainhoa Urienen ‘Ehun zaldi trostan’ liburuak. Aspalditik esan nahi zituenak esateko bidea eman dio hauetariko bakoitzak. Bulkadei tiraka eta literatur generoen elkarrizketan sortzen den eremuan jostari idatzitako lana izan da.
Irene da liburuari izena ematen dion ipuineko protagonista. Lehen pasartean, mahaiaren bazterrean agertzen zaigu...
Irene pasarte horretan bazterrean dago, baina momentu horretan eta egoera horretan da bere lekua bazterrekoa, gero beste momentu batzuetan zentrokoa ere bai, eta uste dut hori ere badela gure harremanen eta mugimenduaren parte: batzuetan, bazterrean zaude, hala nahita ala behartuta edo besterik ez duzulako, egoeraren arabera. Eta beste batzuetan zentroan zaude eta zuk ere baztertzen dituzu beste batzuk. Uste dut pixka bat hori ere liburuan zehar islatzen dela, beste momentu batzuetan Irenek ere bere zentralitatetik beste batzuk bazter uzten dituelako.
Aldakortasun kontzeptua bada liburuko ipuin guztiak nolabait zeharkatzen dituen hari bat?
Izan daiteke aldakortasuna, mugimendua beharbada. Azken batean bizitza mugimendua dela, bai bizitza organikoki ulertuta eta bai bizitza filosofikoki ulertuta ere. Bizitza nik behintzat mugimendutik ulertzen dut. Eta esango nuke ipuin guztiak zeharkatzen dituela pixka bat mugimendu horrek. Pertsonaiak asko mugitzen dira, bai fisikoki, baina baita beraien aldartez ere. Mugimenduan daude. Eta ipuinak ere elkarrizketan daudenez, ipuin batetik bestera pertsonaiak batzuetan errepikatu egiten dira eta horretan ere ere mugimenduak daude.
«Aldebikotzat ulertzen ditugun gauzen narratiba, beti kontrakotasun edo antonimotasun batetik eraikitzen dugu»
Ipuin bakoitzak badu bere bizitza propioa, baina badago elkarren arteko elkarrizketa bat ere. Sormen lan hau planteatzeko garaian izan zitekeen aukera bat eleberriaren generoaren alderantz jotzea, kapituluetan banatuz bideratzea. Aldiz, ipuinen aldeko hautua egin duzu.
Egia esan hasieran nobela bat neukan buruan. Liburuko lehenengo ipuina dena idatzi nuenean, buruan neukan gauza bat zen horri jarraipena ematea, nobela baten itxura emanez. Baina gero beste hainbat baldintzengatik, eta tartean izan zen ikusten nuelako ipuin horretan badaudela elementu asko bizitza propioa izan zezaketenak edo garapen propioa izan zezaketenak, eta funtziona zezakeela ere ipuin autonomoekin. Beraz hasi nintzen nobelaren ideiarekin eta bukatu dut ipuin liburu bat egiten, eta uste dut tartean gertatu den elkarketa hori ere badela emaitza.
Ipuin liburu bat da, zazpi ipuin dauzka eta autonomoak dira beraien artean. Ipuinek badaukate izate propio bat, baina gero badago lotura bat. Eta gustatzen zait ere literatura generoak hibridatu direla zentzu horretan, nobela traza daukan ipuin liburu bat da. Interesatzen zitzaidan literatura genero horiek elkarrizketan jartzea. Liburuan dialektika asko daude ustezko dikotomia batzuen inguruan. Eta esango nuke batzuetan literatura generoak ere dikotomian ulertzen ditugula, edo behintzat bai gauza oso jakin eta berezitu bezala. Zergatik ez pixka bat elkarrizketan jarri eta batak besteari eman ahal diotena, elkarrekin jarri.
Inpresioa da, dikotomia horiek ez dituzula aurkezten horrenbeste bata edo bestearen alde egiteko. Gehiago dela dikotomia hori bera ere ezbaian edo zalantzan jartzeko?
Bai, ez dakit zalantzan jartzea den, baina bai gutxienez elkarrizketan jartzea. Eta askotan sentsazioa daukat, dikotomia bezala ulertzen ditugun gauzen edo aldebikotzat ulertzen ditugun gauzen narratiba ere, beti kontrakotasunik edo antonimotasun horretatik eraikitzen dugula. Interesatzen zitzaidan horiek elkarrizketan jarri eta batak besteari zer eman diezaioketen ikustea. Uste dut nagusiki badela baserria eta hiriaren arteko dikotomia, baina gero badaudela hor ere beste biko joera batzuk ere. Joan eta etorri, gelditu eta ihes egin izana edota izena eta izana. Badaude hor askotan elkarrengandik bereizita ulertzen ditugun kontzeptu batzuk, igual aurrekoarekin lotzeko pixka bat ere nobela eta ipuin liburua izan daitekeena. Interesatzen zitzaidan ez hainbeste dikotomia horiek haustea, gehiago zen elkarrizketan jartzea. Dialektika esploratze hori. Beharbada nire testuinguru soziopolitiko honetan, pixka bat nekatuta nagoelako gure bizitza politikoa ere trintxeretatik ulertzeaz. Uste dut Euskal Herrian hori asko gertatzen dela. Nahi nuen ikusi, lubaki horiek non, nola jartzen diren elkarrizketan. Batzuetan lubaki itxitzat hartzen ditugun bando horiek ere, uste duguna baino antzekotasun gehiago dituzte. Antzekotasun horietatik edo dialektikan jartze horietatik ere aliantza interesgarriak sortu daitezke. Hori bilatu nahi izan dut.
Aldakortasun edo mugikortasun horren kontzeptu horretan baitan ere, norbera ere momentu batzutan dikotomia horietan topatu daiteke lubakiaren alde batean edo bestaldean?
Bai. Beharbada kontzeptu belikoak ari naiz ekartzen, baina bai, lubakien artean gelditzen den lur zati hori, inorena ez den hori, interesatzen zait. Hor zenbat gauza ernatu daitezkeen, norberaren atzera-aurrerak horretan ari dela. Eta liburuan ere protagonistak edo ardatz den pertsonaia horrek egiten du bide bat alde batetik bestera. Eta ide hori ere habitatzen dugu, bide horretan ere gauza daude, ez dela bataren eta bestearen artean dagoen desertu bat.
Liburu hau idazteko garaian zenbaterainoko pisua izan du ofizioak eta zenbateraino intuizioak Ainhoa?
Nik uste dut memoria ariketa bat egin dudala pasarte askotan, eta hau Annie Ernaux-eri irakurri nion, berak memoria ariketak egiten zituela, ikusi eta entzundako gauzak berrikusi eta gero hori ekoitzi. Memoria ariketa batzuk egin nituen eta ikusi, entzun eta bizitako gauza batzuk berrikusi eta gero hori ekoitzi, hori fikziora ekarri. Memoria ariketa hori, kasu batzuetan animaliekin harremanaren ingurukoa izan da. Esango nuke baserrian animaliekin harremanak izateak ekartzen duela mundu-ikuskera jakin bat. Gainera uste baino errazagoa egin zait animalia espezie arteko harreman horiek desplazatzea pertsonen arteko harremanetara, nola harremantzen garen gu.
«Nora joaten dira usainak dauden lekutik desagertzen direnean?». Pasartea ‘Izenaren usainean’ ipuinetik hartutakoa da. Usainak ere ezin aipatu gabe utzi liburu honetaz hitz egiterakoan.
Usaimena bada gai nahiko errepikatu bat liburuan. Uste dut nahiko ahaztuta izaten ditugula oro har gure bizitzetan usainak. Eta uste dut usainak ematen duela non egote bat, badaukala gaitasuna norabait zu eramateko.
Kuriosoa da ipuin hori sortu nuela esaldi horretatik, galdera hori sortu zitzaidalako. Usain bat izango nuen nonbaiten eta jada ez zegoen. Eta orduan pentsatu nuen: ‘eta nora joan da?’. Eta idazteko prozesua ere hori izan da: batzuetan bulkada batetik, txispa batetik sortutako esaldi edo pentsamendu pildora batetik, hortik tira egin eta idatzi, idatzi eta idatzi, eskuz gainera. Hasierako idazketa hori bada nolabait helburu argirik ez duena. Baina gero bazoaz bidea ikusten. Hori da behintzat nire idazteko modua. Liburu hau horrela idatzi dut pixka bat bulkada horri tiraka.
«Nire testuinguru soziopolitikoan, pixka bat nekatuta nago gure bizitza politikoa ere trintxeretatik ulertzeaz. Uste dut Euskal Herrian hori asko gertatzen dela»
Kuriosoa da ze liburua irakurtzean iruditu zitzaidan oso idazteko modu organikoa daukazula...
Ni erosoago sentitzen naiz helburu jakinik gabe idazten, pixka bat utziz joaten. Eta errazagoa egiten zait eskuz idazterakoan joatean uztea. Iruditzen zait ordenagailua kontu formalagoa dela nire buruan.
Ipuinen izenak berak ere aparteko kapitulu bat merezi dute: «Olinpiadak lasaitu egiten naute», esate batera.
Olinpiadak gertatzen ari ziren hau idazten ari nintzen momentuan, eta justu lagun batekin ari nintzen Whatsappetik. Ataskatuta nengoela idazketa prozesuarekin ari nintzen kontatzen. ‘Ba pixka bat ataskatuta nago... baina bueno, oraintxe olinpiadak hasten dira eta lasaitu egiten nau’, idatzi nion. Eta orduan esan nuen: ‘Hor izenburu bat dago!’. Uste dut bizitza gertatzen egoteak asko laguntzen duela idazketa prozesuan eta hor ezinbestekoa dela, niretzat behintzat lagunen babes hori izatea. Geruza diferenteetako babesa izan arren.
Ipuin bakoitza marrazki batez lagunduta dator.
Aitane Goñik egin ditu marrazki eder horiek. Aitane lagun handia eta ilustratzaile oso ona, Instagramen dauzka bere lanak erakusgai. Niri ilusio handia egiten zidan bera ere liburuaren parte izateak. Eta liburua irakurri zuen eta prestatu zituen ipuin bakoitzaren hasierarako marrazki horiek. Niretzat oso ederra da bera, bere marrazkiak, hor egotea. Nahi nuelako bera nolabait hor egotea. Baina batez ere, horren aitzakian eta bere marrazkien bidez lagundu didalako hitzei beste leku batetik begiratzen. Zinemarekin ere askotan pasatzen zait eta ilustrazioarekin ere pasatzen zait bat-batean ikusten duzula beste begirada bat dagoela hor. Hitzetatik kanpoko gauzetan badagoela beste begirada bat gauzei begiratzeko. Eta uste dut Aitanek uste dut marrazki horiekin lagundu didala beste era batera begiratzen idatzi ditudanak.
Liburua eskuan, Ainhoa, idatzi nahi zenuen liburu hura da?
Uste dut baietz. Bai. Batez ere badaudelako esaldi batzuk, urte askotan buruan izan ditudanak eta orduan bai baneukan gogoa horiek biltzeko eta zentzu bat emateko esaldi horiei. Eta ilusioa egiten dit orain denak batera ikusteak.

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Y la música obró el milagro sanferminero: un kaiku en plena cuesta de Santo Domingo

La peineta de Morante; el torero de Vox se encara con el tendido reivindicativo de Iruñea

Hallan el cadáver de un iruindarra en el río Urumea en Donostia
